Orbelaren deskonposizioa erreken osasunaren adierazle

Europako 100 erreka aztertu dituen proiektuan parte hartu dute EHUko ikertzaileek

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Europako 100 errekatan orbela zer abiaduratan deskonposatzen den ikertu dute RIVFunction proiektuan, eta toki guztietan errepikatzen diren patroiak neurtu dituzte. Materia organikoaren deskonposatze-abiadura erreka eta ibaien osasun-adierazleetako bat denez gero, halako patroiak identifikatzea baliagarria da deskonposatze-abiadurari loturiko txekeo-tresnak garatzeko. Izan ere, oraindik ez dago tresna estandar askorik ekosistemen funtzionamendua aztertzeko.
orbelaren-deskonposizioa-erreken-osasunaren-adiera
EHUko ikertzaile bat erreken funtzionamendua aztertzen. Horretarako, orbelez betetako poltsak jartzen dituzte errekan, eta denbora igaro ahala zenbat orbel desagertu den neurtzen dute. Arg. Arturo Elosegi

 

RIVFunction proiektuan parte hartu duten ikerketa-taldeen artean dago EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saila. Materia organikoaren deskonposatze-abiaduraren eta mantenugai-kontzentrazioaren arteko erlazioa ikertu du lantaldeak. “100 erreka hartu genituen, Portugaldik Errumania eta Suediaren iparralderaino; talde bakoitzak 10 erreka aztertu genituen, eta, guk Enkarterrietan egin genuen batik bat landa-lana”, azaldu du ikerketaren partaide Arturo Elosegik, “mantenugaien [fosforo eta nitrogeno] kontzentrazio desberdineko errekak hartu genituen, eta elkarrengandik ahalik eta hurbilen zeudenak, ahalik eta zarata gutxien sartzeko datuetan”. Elosegirekin batera, EHUko Jesus Pozo aritu da ikerketa-lana zuzentzen.

Haritzaren eta haltzaren orbelez beteriko 2.400 zaku jarri zituzten guztira Europa osoko erreketan, mikroorganismoek eta ornogabeek zer abiaduratan deskonposatzen zituzten neurtzeko, eta ikusi dute mantenugaien kontzentrazioa handitu ahala azkartu egiten dela deskonposatze-abiadura —behe- eta goi-muga batzuen barruan—. Emaitzak gaurko Science aldizkarian argitaratu dituzte. Ikerketan lortu diren ondorioen antzekoak lehendik ere ezagutzen ziren arren, Elosegik nabarmendu du “inoiz egin den deskonposizio-esperimenturik handiena” izan dela hau. “Halako eskalako lanik ez da inoiz egin munduan, eta horrek ematen dio balioa”, azpimarratu du.

Elosegiren esanean, ibaiaren funtzionamenduaren adierazle esanguratsua da materia organikoaren deskonposizioa: “Ibaiak-eta aztertzerakoan, haien ezaugarri egiturazkoei begiratzen zaie normalean: uraren kalitatea, bertan bizi diren espezieak eta abar. Baina, askotan, benetan interesatzen zaiguna funtzionamendua da. Kotxea errebisiora eramaten dugunean bezala da. Begiratzen dute piezak bere tokian dituela, baina kotxeak funtzionatzea da zuk nahi duzuna; alegia, frenoaren pastillak ongi egotea eta, gainera, galgatzea.”

Neurtzeaz gain, ulertu

Ibaiaren funtzionamenduaren adierazleetako bat da materia organikoaren deskonposatze-abiadura, baina neurtzea ez da aski “errekaren urdaila” nola dabilen ulertu eta interpretatzeko. Lehendik egindako ikerketek erakutsi dute hainbat giza faktorek eragiten dutela deskonposatze-abiaduran, hala nola poluzioak eta habitataren eraldaketak, eta, ikerketa honetan ikusi dute, patroi baliagarriak lortuagatik, deskonposizio-neurri bera eman dezaketela justu egoera antagonikoan dauden bi errekak.

EHUko ikertzaile bat erreken funtzionamendua aztertzen. Horretarako, orbelez betetako poltsak jartzen dituzte errekan, eta denbora igaro ahala zenbat orbel desagertu den neurtzen dute. Arg. Arturo Elosegi

Bildutako datuek erakusten dute abiadurari soilik erreparatuta bereizezinak liratekeela erreka oso garbiak eta poluituak, bietan deskonposatzen delako orbela oso motel. Atzean dauden arrazoiak oso desberdinak dira, ordea. Lehenengoetan, berezko ezaugarria da: orbel gutxi dagoenez, mantenugai gutxi dago, eta hura deskonposatuko duen bizidun gutxi. Poluituetan, berriz, ingurunearen toxikotasunari eta zenbait ornogabe desagertzeari zor zaiola uste izateko frogak aurkitu dituzte ikerketaren egileek. “Esaten dugu erantzunak ez direla oso sinpleak. Hau da, bihotza poliki-poliki badabilkizu, izan daiteke oso lasai zaudelako, edo hilzorian zaudelako”, konparatu du Elosegik.

Elosegik garbi du ekosistemen osasuna, pertsonena bezala, ez dela aldagai bakarra neurtuz ezagutzen. “Aldagai hau ez ezik beste guztiak neurtu behar dira; izan ere, gerta liteke erreka baten analisi kimiko guztiek esatea ongi dagoela, eta komunitateen presentziak ere esatea ez dagoela arazorik, baina haren funtzionamendua oso kaltetuta egotea”.

RIVFunction proiektua amaitu zen arren, Elosegik eta haren taldeak ibaien funtzionamendua ikertzeko aldagaiekin lanean segitzen dute, besteak beste, materia organikoaren deskonposatze-abiadurak neurtuz eta aldagai horiek erreken ekosisteman eragina duten gainerako aldagaiekin zer erlazio duten ikertuz. Hain zuzen, Mediterraneo aldeko ibaietan egindako antzeko ikerketa baten berri argitaratuko dute laster Science of the Total Environment aldizkarian.

Kasu honetan, Ebro, Llobregat, Jucar eta Guadalquivir ibaien arroetako 76 puntutan neurtu dute zurezko txotxen deskonposizio-abiadura: “Medikuek eztarria begiratzeko ahoan sartzen dizkiguten txotxak erabili ditugu, oso erraza delako errekan utzi, handik bi hilabetera itzuli eta ikustea zenbat deskonposatu diren. Azkarren deskonposatzen diren tokietan, ikusi dugu polikien deskonposatzen diren lekuetan baino 40-50 bider handiagoa dela abiadura. Hau da, erreka batzuek oso urdail makala dute, eta beste batzuek oso azkarra. Zergatik? Ez dakigu. Kasuan kasu begiratu beharko litzateke, baina deskonposizioak funtzionamendua neurtzeko metodo oso sinple bat eskaintzen du”. Horregatik, erreken errutinazko txekeo-lanak egiteko aldagai ona dela uste du Elosegik, “zerbait geratzen ari denaren adierazle goiztiar gisa erabiltzeko, indize biotikoekin egiten den bezala”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila