Medikuntzako Nobela Yoshinori Ohsumiri, autofagiaren mekanismoak azaltzeagatik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Karolinska Institutuko Nobel Akademiak iragarri duenez, Yoshinori Ohsumi japoniarrak jasoko du 2016ko Medikuntza edo Fisiologiako Nobel Saria, autofagiaren mekanismoari buruz egindako aurkikuntzengatik. Zelularen osagaiak desegiteko eta berrerabiltzeko prozesuari deitzen zaio autofagia, eta funtsezkoa da organismoarentzat.

medikuntzako-nobela-yoshinori-ohsumiri-autofagiare
Yoshinori Ohsumi, 2016ko Medikuntzako Nobel sariduna. Arg. Tokioko Teknologia Institutua

Hain zuzen ere, Karolinskakoek ohartarazi dute prozesu fisiologiko askoren oinarrian dagoela, hala nola gosearen aurrean egokitzean edo infekzioei erantzutean. Autofagiaren mekanismoarekin lotutako geneen mutazioek, berriz, minbizia edo gaixotasun neurologikoak ekar ditzakete. Bada, Yoshinori Ohsumiren lanari esker jakin da hori guztia.

Legamiak abiapuntu, geneak jomuga

1990eko hamarkadan, Ohsumi autofagia ikertzen hasi zenerako, ezagunak ziren lisosomak, entzimen bidez proteinak, gantzak eta karbohidratoak desegiten dituzten organuluak, eta autofagosomak, zelularen osagaiak bildu eta lisosometara eramaten dituzten besikulak. Autofagiaren sakoneko mekanismoa, ordea, ez zen ezaguna.

Ohsumik horri heldu zion. Legamiak hartu zituen abiapuntu, ikertzeko errazak eta giza zelulen eredu direlako. Alabaina, arazo batekin egin zuen topo: legamiak txikiak dira, eta barneko egiturak, mikroskopioz ikusteko zailak. Berez, ez zekiten ziur ezta autofagia-mekanismorik ote zuten ere. Hori ikusteko, bakuoloetan gertatzen den degradazioa oztopatzea bururatu zitzaion. Horrela, autofagosomak metatu egingo lirateke bakuoloan, eta ikusteko modua izango luke.

Legamia, desegin ezin dituen autofagosomez betetako bakuoloekin. Arg. Yoshinori Ohsumi

Asmatu egin zuen: degradazio-entzimarik ez zuten legamiak hazi zituen, eta ez zien elikagairik eman, autofagia bultzatzeko; laster, bakuoloak ikusi zituen, desegin ezin ziren autofagosomez beteta. Horrenbestez, legamiek autofagia zutela frogatu zuen, eta, gainera, mekanismoarekin lotutako gene gako batzuk identifikatu zituen.

Hurrengo pausoa, gene gehiago identifikatzea izan zen. Horretarako, mutazioak eragin zituen legamietan, eta gero autofagia bultzatu. Horren bidez, lortu zuen geneak identifikatzea, baita haiek kontrolatzen zituzten proteinak aztertzea ere. Ikerketa horiek erakutsi zuten proteinen eta proteina-konplexuen kate batek kontrolatzen duela autofagia, eta haietako bakoitzak autofagosomaren fase desberdin bat erregulatzen duela.

Giza zeluletan ere funtsezko

Azkenik, giza zeluletan ere mekanismo bera dugula frogatu zuen. Horri guztiari esker, orain jakina da zelulen osagaiak desegitea eta berrerabiltzea behar duten funtzio fisiologiko ugari kontrolatzen dituela. Esaterako, infekzio baten ondoren, zelulan sartzen diren birusak eta bakterioak suntsitzeko mekanismoa da. Halaber, enbrioiaren garapenean eta zelulen bereizketan parte hartzen du, eta proteina eta organulu akasdunak desagerrarazten ditu.

Txanponaren beste aldean daude autofagiaren akatsen ondorioz sortzen diren gaitzak. Horrekin lotuta daude, adibidez, parkinsona, 2 erako diabetesa eta minbizi batzuk, eta garatzen ari diren tratamenduetako batzuk horretan jarri dute arreta.

Yoshimori Ohsumi 1945ean jaio zen, Fukuokan (Japonia). Tokioko Unibertsitatean doktoretza lortu ondoren, New Yorkera joan zen, Rockefeller Unibertsitatera. 1988an, Tokioko Unibertsitatera itzuli zen, bere ikerketa-taldea zuzentzera, eta, 2009tik, Tokioko Teknologia Institutuko ikertzaile ere bada.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.