Lehen molekula adarkatua izarrarteko espazioan

ALMA irrati-teleskopioak isobutironitriloa detektatu du Esne Bideko Sagitarius B2 gunean

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

lehen-molekula-adarkatua-izarrarteko-espazioan
Sagitarius B2 gunean, isobutironitrilo detektatu dute astrofisikariek (irudiaren ezkerreko molekula), molekula organiko adarkatua. Baina beste molekula batzuk ere detektatu dituzte gune berean, lineala den n-butanonitriloa adibidez (eskuinekoa). Arg. MPIfR

Astrofisikariek, lehen aldiz, molekula organiko adarkatu bat detektatu dute izarrarteko espazioan, isobutironitriloa. Aurkikuntza hiru talderen arteko lankidetzaren ondorioa da: Max Planck institutuko irrati-astronomiako taldea, Koloniako Unibertsitatekoa eta Cornell Unibertsitatekoa. Science aldizkarian argitaratu dute emaitza.

Bost hamarkadaz bilatu dituzte astrofisikariek molekulak espazioan, dagoeneko 180 molekula inguru aurkitu dituzte, eta isobutironitriloa egitura lineala ez duen lehenengoa da.

"Aurrerapauso txiki bat da", esan du Xabier Lopez EHUko kimikari teorikoak Norteko Ferrokarrilla irratsaioan egindako elkarrizketa batean. "Inork ez zuen uste izarrarteko espazioan molekularik egongo zenik, oso inguru bortitza delako molekulak izateko, izpi ultramorez eta erradiazioz josita dagoelako. Uste zuten molekula bat eratuz gero segituan desegingo zela. Eta duela urte batzuk hasi ziren kontrakoa ikusten. Baina, orduan, uste genuen molekula organiko konplexuak espazioan izatea zail samarra izango zela. Eta orain ikusi da konplexutasun txiki bat posible dela: molekula adarkatuak, adibidez".

Isobutironitriloa molekula txikia da, 12 atomo ditu, baina haren egitura adarkatua izateak garrantzia du ikertzaileen ustez, aminoazidoak ere molekula organiko adarkatuak direlako; azken batean, izarrarteko espazioan aminoazidoak detektatzea mugarri handia izango litzateke biziaren jatorriaren ikerketan.

Txileko ALMA irrati-teleskopioaren antenak eta Esne Bidea. Arg. Y. Beletsky (LCO)/ESO ©

Dena dela, zientzialari guztiak ez datoz bat argudio horrekin. "Onartuta dago Lurrean dagoen materia organiko asko espaziotik etorri dela, meteoritoen bitartez. Haietan, aminoazidoak ere topatu izan dira", dio Lopezek. "Baina biziaren jatorriaren gakoa ez da oinarrizko adreiluak nondik datozen, baizik eta nola elkartzen diren adreilu horiek sistema autorreplikatibo batean, eta, nire ustez, hori Lurrean gertatu zen."

Biziaren jatorria bilatzeaz gain, badira beste arrazoi asko espazioko kimika garrantzitsua izateko. "Espazioa ez da Lurra bezalako erreaktore kimiko ahaltsu bat", azaldu du Lopezek. "Baina izarrarteko espazioan badaude zenbait molekula Lurrean egonkorrak ez direnak eta espazioan ohikoak direnak. Nire ustez, merezi du horiek ikertzea".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila