Galaxiak multzotan banatuta daude unibertsoan: mailaz maila, Talde Lokalak, multzoak, eta supermultzoak eratzen dituzte. Elkarri konektatutako harizpien sare modukoak osatzen dituzte Talde Lokaletako eta multzoetako galaxiek. Harizpi horiek gurutzatu egiten dira elkarrekin, eta supermultzo izeneko egiturak osatzen dituzte, milaka galaxiaz osatuak.
Hawaiiko Unibertsitateko astronomoek gidatutako lan-taldeak galaxien ibilbidean oinarritutako metodo bat garatu eta aplikatu du supermultzoak non hasi eta non bukatzen diren zehazteko. Horretarako, Cosmicflows-2 galaxien katalogoan bildutako 8.000 galaxiaren datuak erabili dituzte. Galaxia horiek Lurrrarekiko duten urruntze-abiaduratik eta distantziatik hedatze kosmikoaren eragina kendu dute astronomoek, eta galaxia bakoitzaren nolabaiteko “abiadura garbia” lortu dute. Hori jakinda, gai izan dira zehazteko galaxia bakoitzaren ibilbidea, eta jakiteko zein galaxia dauden erakarpen eremu beraren barruan, hau da, supermultzo beraren barruan. Nature aldizkariak prestatutako ondoko bideoan ikusten da nola:
Laniakean, gure supermultzoan, galaxien mugimenduak barrurantz egiten du, “Erakartzaile Handia” izeneko eremurantz; hor batzen dira Laniakea osatzen duten galaxien filamentuak. Esne Bidea, ordea, ez dago “erdigune” horretatik gertu. Alderantziz, mutur batean dago, irudian urdinez margotutako puntu horretan, hain zuzen ere.
Hawaiiko astronomoen kalkuluen arabera, guztira, 500 milioi argi-urteko diametroa du Laniakeak (konparaziorako, 100.000x10.000 argi-urte da luze zabal Esne Bidea), eta 1017 eguzkiren masa, 100.000 galaxiatan banatuta. Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.