Kaloriak eta jateko gogoa

Gizentasuna elikadura-ohituren ondorio da, baina nabarmena da gorputzaren barruan eragina duten bestelako faktoreak ere badaudela. Duela urte gutxi leptina identifikatu zuten. Hormona horrek janariaren prozesatzea kontrolatzen du gorputzak duen gantz-kopuruaren arabera. Adipozitoak emendatzerakoan leptina-kopurua ere emendatu egiten da; orduan jangura gutxitu eta energia-gastua emendatu egiten da. Horrela, gorputzeko gantz-kopurua egonkorra da egunetik egunerako energia-sarrera edo -gastuan aldaketa nabarmenak izan arren. Leptinak nerbio-sistema zentraleko neuronen azaleko hartzaileei lotuz betetzen du zeregin hori. Eta, hala ere, obesitate-kasu gehienetan leptina-kopurua handia da. Horren arrazoia leptinarekiko erresistentzia da, hots, leptina emendioarekiko erantzun fisiologiko eza. Horregatik, saiatu izan dira ikertzaileak leptina-hartzaileen akatsak topatzen. Orain, ordea, obesitatearen kontrako botiken itua neuronak eurak izan daitezkeelakoan daude. Neurona horietako batzuetan, leptinak melanokortinen familiako neuropeptidoak askarazten ditu eta horiek beste neurona batzuen hartzaileetara itsatsiko dira. Gaur egun, bi melanokortina-hartzaile ezagutzen dira nerbio-sistema zentralean: Mc3r eta Mc4r. Biek leptinaren aurrean erantzun desberdina sortzen dutela ikusi da. Mc4r-rik ekoizten ez duten sagu mutatuak gizenak zirela ezaguna zen, batez ere, sagu arruntek baino gehiago jan eta energia gutxiago gastatzen zutelako. Mc3r-rik ez dutenak ere janari berarekin gantz gehiago metatzen dutela ikusi da. Bi mutazioak batera dituzten saguak bakarra dutenak baino askoz gehiago loditzen dira. Izan ere, gehiago jaten dute Mc4r-rik ez dutelako eta kaloria gehiago metatzen dute Mc3r-rik ez dutelako. Beraz, ikerketa gauzatu duen taldea Mc3r eta Mc4r-ak obesitatearen kontrako oso botika espezifikoak sortzeko balio dezaketeelakoan dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila