Informazio genetikorako sarbidea irekia izan dadin bermatzeko eskaria egin dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

informazio-genetikorako-sarbidea-irekia-izan-dadin
Armeria euscadiensis landare endemikoaren sekuentzia genetikoa, GenBank datu-base irekian.

Mundu osoko zientzialariz osatutako talde batek eskatu du informazio genetikorako sarbideak irekia izaten jarraitu dezala, eta baliabide horietatik lortzen diren mozkinen banaketa bidezkoa eta biodibertsitatearen kontserbaziora bideratua izan dadila. Nature Communications aldizkarian argitaratu duten artikulu baten bidez egin dute eskaria. Bost kontinenteetako 17 herrialdeetako 41 ikertzailek sinatu dute artikulua; horien artean dago Ibon Cancio Uriarte, Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea (PiE-UPV/EHU): “Nazio Batuen Bioaniztasunaren Hitzarmenaren baitan hurrengo hilabeteetan hartuko diren erabaki batzuek sekulako eragina izan dezakete ikertzaileok informazio genetikoarekin lan egiteko dugun moduan”.

Gaur egun mundu osoko sekuentzia genetikoen informazio digitalerako sarbidea guztiz librea da. “Hori izugarria da, azken 30 urteetan iraultza oso bat izan da”, dio Canciok. Sarean dauden datu-base irekiak funtsezkoak dira ikerketa eta aurrerapen teknologiko askotarako. Esaterako, ezinbestekoa izan da SARS-CoV-2aren diagnostiko-testak eta txertoak hain azkar sortzeko. “Nik eskuartean sekuentzia bat dudan bakoitzen, zer den jakiteko, lehenengo gauza egin behar dudana da sareko sekuentziekin konparatu. Nire sekuentziak ez du inolako baliorik, ezin badut konparatu”, azaldu du Canciok.

Orain, ordea, kezkatuta daude hori kolokan egon ote daitekeen. Maiatza eta ekaina bitartean COP-15 bilera egingo da, eta bertan Biodibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globala sinatzekoak dira, non hamarkada honetarako helburuak ezarriko diren. “Zenbait herrialdek adierazi dute ez dutela sinatuko, ez bada sekuentzien informazio digitala erregulatzeko neurririk hartzen”, azaldu du Canciok. Sekuentzien informazio digitala Nagoya protokoloan sartzea eskatzen dute. 2010ean ezarri zen protokolo hori baliabide genetiko fisikoentzat, eta, protokolo horren arabera, baliabide genetikoak jatorrizko estatuarenak dira, eta ikertzaileek akordioak adostu behar dituzte estatuekin, baliabide horiek erabiltzeko, eta, mozkinak baleude, parte bat itzultzeko. “Mekanismoa guztiz bilaterala da, eta asko zailtzen du ikerketa”, dio Canciok.

Horregatik, hurrengo negoziaketetan informazio digitala erregulatzerakoan, zientzialariak kontuan hartzeko eskatzen dute ikertzaileek. Onartzen dute mozkinen banaketa erregulatu behar dela, baina, horretarako, sistema multilateral baten aldeko apustua egiten dute, mundu-mailan kudeatuko dena, eta ez ikertzaileak estatu jabearekin, bilateralki.

Mozkinak biodibertsitatearen kontserbaziorako erabiltzea proposatzen dute. “Badaude hainbat aukera horretarako; adibidez, sekuentziatzeko erabiltzen ditugun kitek zerga txiki bat izan dezakete, eta hortik ateratzen den etekina Nazio Batuetan jaso liteke, eta han erabaki mundu-mailan non erabili, biodibertsitatearen kontserbaziorako”, azaldu du Canciok.

Eta azpimarratzen dute ezinbestekoa dela sekuentzia genetikoen informazio digitalerako sarbideak irekia izaten jarraitzea bermatzea. “Hori aldatuko balitz, benetan larria izan liteke zientziarentzat”, dio Canciok.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila