Hizkuntz arazoak

Antza denez, hizkuntz erabilerako arazoak ez dira gurea bezalako hizkuntz minorizatuetan bakarrik gertatzen; Frantsesa bezalako hizkuntz “handiek” ere badituzte arazoak. Dakusagun zergatik.

Orain arte Pasteur Institutu entzutetsuak Annales de l’Institute Pasteur izeneko zientzi aldizkari famatua argitaratu du. Berriki Institutuko zuzendaritzak aldizkariari izena aldatzea erabaki du. Izen berria Research in... (inmunology, virology edo microbiology dagokion gaiaren arabera) izango da.

Frantses-zientziaren kutuna den Pasteur Institutuko aldizkariak ingelesezko izena eramateak aztoratu eta harrotu egin ditu frantses-chauvinismoaren bazterrak. Nola da hori posible? galdetu dute harriturik batzuek eta besteek. Frantziako Zientzi Akademiak kondenatu egin du erabakia eta François Mitterrand lehendakariak argitasunak eskatu ditu. Prentsan ingelesaren tiraniaz mintzatu dira.

Institutuko arduradunen eritzian arazoa ez da horrelako zalapartak ateratzeko modukoa. Azken finean izenburua bakarrik aldatu behar diote. Mamiak orain arte bezala segituko du. Artikuluak ingelesez zein frantsesez argitaratuko dira eta gainera guztiek frantsesezko laburpena izango dute.

Arduradunek esan dutenez, 1973.ean aldizkarian argitaratzen ziren artikulu guztien %10-15 bakarrik jasotzen eta argitaratzen zen ingelesez, baina 1987.ean ia %100 jasotzen zen ingelesez. “Baina argitaratutako artikuluen %58, idazle frantsesen eskuetatik zetorren eta horietako %80 baino gehiago ingelesez zegoen idatzirik” arduradunek esan dutenez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila