Europa ilargian plaken tektonika aurkitu dute

Jauregi Larretxea, Oihana

Elhuyar Zientzia

Jupiterren lau ilargi handienetako bat da Europa, eta izotzez estalia dago. Azken ikerketek azaldu dute satelitearen gainazal izoztuaren azpian mugimenduan dauden izotz-plaka erraldoiak daudela, Lurrean lurrazaleko plaka tektonikoekin gertatzen den antzera.
europa-ilargian-plaken-tektonika-aurkitu-dute
Europa satelitearen ipar-hemisferioa (kolore faltsuak). Ikertzaileek eremu horretan detektatu dituzte balizko subdukzioguneak. Arg. NASA/JPL/University of Arizona

Aurkikuntza Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dute Idahoko Unibertsitateko Simon Kattenhorn geologoak eta Marylandeko John Hopkins unibertsitateko Louise Prockter ikertzaileak.

Zientzialariek, ikerketa egiteko, 1995. eta 2003. urteen artean NASAren Galileo espazio-ontziak lortutako argazkiak baliatu dituzte. Zehazki 134.000 km karratu dituen gune bat arakatu dute, eremu horretako bereizmen handiko argazkiak baitzituzten.

Puzzle geologiko erraldoi baten antzera muntatu dituzte irudiak, eta bata bestearen segidan jarri dituzte. Horrela, mugimenduaren ondorioz zatitzen eta bereizten joan diren gainazalaren ezaugarri geologikoek urteetan zehar izan dituzten aldaketak aztertu dituzte.

“Pieza guztiak elkarrekin jarri genituenean ohartu ginen berreraikuntza horretan zulo handi bat zegoela, gune zuri erako bat” azaldu du Kattenhorn ikertzaileak, Nature aldizkariaren albiste- zerbitzuan. “Falta den zatia, beherantz, ilargiaren barrualdera xurgatua izan dela pentsatzen dugu”.

Kattenhorn eta Prockter ikertzaileek ondorioztatu dute plaka tektonikoen sisteman oinarritzen dela Europa ilargiaren egitura. Kilometro gutxi batzuetako lodiera duen izotzezko geruza bat, beroagoa eta labainkorragoa den beste izotzezko geruza baten gainean mugitzen da. Hondoratzen den lehen geruza horren izotza urtzen doa, eta azpiko izotzari gehitzen zaio.

Zientzialariek uste dute ozeano bat duela Europa ilargiak izotz azpian, eta mugimendu tektoniko horien ondorioz, ilargiaren gainazala eta azpialdeko ozeanoa komunikatuta egongo liratekeela, hau da, gainazaleko eta lur-azpiko elementuak batetik bestera mugituko lirateke.

Ikertzaile batzuk dagoeneko hasi dira pentsatzen, agian, plaka tektonikoen mugimendua dela eta, uste baino bideragarriagoa izan daitekeela izotzezko ilargian bizidun sinpleak egotea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila