Erditzea, autismoa ulertzeko gakoa

erditzea-autismoa-ulertzeko-gakoa-izan-daitekeela-
Arg. Shutterstock

Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, erditzeko momentua gakoa izan daiteke autismoa garatzeko. Oraingoz, animalietan egin dituzte entseguak, baina emaitzek erakutsi dute erditze-garaian garunaren aktibitatea ez murrizteak ondorioak izan ditzakeela garunaren geroko garapen neurologikoan.

Jaiotza oso une kritikoa da ugaztunontzat. Hain da kritikoa, non haurraren garuna espresuki prestatu behar den erditze-momenturako. Oxitozinak neuronen aktibitatea murrizten du, eta, hala, haurraren garuna ez da hain aktibo egoten estres-momentu horretan. Garuna babesteko modu bat da, nolabait. “une traumatiko horretarako prestatzen du, gutxiago sufritu dezan. Izan ere, hain aktibo ez dagoenean, garuna ez da hain sentikorra”, argitu du Paolo Bonifazi Biocruceseko ikertzaile eta ikerketaren egileetako batek.

Oxitozina hormona gakoa da honetan guztian: erditzea martxan jartzen du, amaren eta haurraren arteko lotura emozionala indartzen du, eta erditze-garaiko estresaren eragin kaltegarriak saihesten laguntzen du. “Amak sortzen duen oxitozinak seinalea bidaltzen die haurtxoaren neuronei, erditu aurretik, haien artean seinale inhibitzaile bat zabaldu dezaten”, dio Bonifazik. Kasu batzuetan, ordea, oxitozinak ez du igortzen garunarentzako seinale inhibitzaile hori. Une horretan garuna ez babesteak kalteak eragin ditzake. Hor omen dago autismoa ulertzeko gakoa, Bonifaziren ustez. “Nolabait, etengabe kitzikatuak baleude bezala geratzen dira neuronak, heldugabe bezala, eta arazo neurologikoak ekar ditzake etorkizunean”.

Paolo Bonifazi, Biocruceseko ikertzailea. Arg. Paolo Bonifazi

Oraingoz, arratoiekin egindako esperimentuetan ikusi dituzte emaitzok, Yehezkel Ben-Ari neurobiologoaren gidaritzapean, Marseillan. Bi talderen erditzeak konparatu dituzte laborategian: batetik, arratoi arruntak, eta, bestetik, umetokian azido balproikoa injektatu zaien arratoiak. Hain zuzen, azido balproikoak autismoa eragiten du, haurdunaldian hartuz gero. Bonifazik erditzearen aurretik eta ondoren neuronek duten morfologia aztertu du, eta ikusi du arratoi jaioberri arruntetan garuna ez dela hazten erditzearen inguruko bi egunetan; arratoi jaioberri autistetan, ordea, garunak handitzen jarraitu du eta hipokanpoko neuronek zabaltzen jarraitzen dute.

Ikerketa epidemiologikoek aurretik iradoki izan dute autismoak zerikusia izan dezakeela jaiotzearekin erlazionatutako asaldurekin; esaterako, zesareekin, erditze goiztiarrekin eta erditze-momentuko arazoekin. Jaiotza une kritikoa dela berretsi du ikerketa honek, eta  zerikusia izan dezakeela garuneko gaitzen patogenian.

Ikerketaren bigarren fasean, botika baten eraginkortasuna ere probatu nahi izan dute: autismoa eragin zaien arratoiei bumetamida eman diete erditu aurretik, seinale inhibitzaileak eragiten baititu botika horrek ere, oxitozinaren antzera. Botika hori emandakoan, erditu aurretik garunaren garapena geldiarazten dela ikusi dute ikertzaileek. “Animalietan bezala, haur autistengan ere onurak ekartzen dituela uste dugu. Neuronen funtzionatzeko modua aldatzen du botikak, eta garunak hobeto funtzionatzen du. Orain entsegu klinikoak garatzen ari dira, uste baitugu etengabe kitzikatuta geratu diren neurona horien garapenean lagundu dezakeela”, dio Bonifazik. “Ez du gaitza sendatuko, baina sintomak murriztu ditzake, gizartean hobeto integratu ahal izateko”.

Ikertzaileen arabera, jaiotzea da ugaztunetan gertatzen den mekanismo biologikorik konplexuena, eta funtsezkoa da gehiago ikertzea. Aldaketa hormonal, fisiologiko, immunologiko, mikrobiotal eta baskular handiak gertatzen dira, baina harrigarria da zer gutxi dakigun haietaz, izan ditzaketen ondorioak ikusita.

Oxitozinari buruzko informazio gehiago: Oxitozina: itxaropenaren hormona

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila