COVID-19: txertoek ez dute albo-ondorio kezkagarririk eragin txertaketa-kanpainan

Lehenengo txertaketen farmakozaintza-txostena argitaratu du Medikamentuen eta Produktu Sanitarioaren Espainiako Agentziak.

COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainak hasi direnetik, txertoen analisi klinikoetan ikusi ez den edozein erreakzio kaltegarri identifikatu eta ebaluatzeko jarraipen estua egiten ari dira estatu guztiak. Euskal Herriko datu zuzenik ez badago ere, Medikamentuen eta Produktu Sanitarioaren Espainiako Agentziak COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina hasi eta 17. egunera arte identifikatutako albo-ondorio guztien txostena argitaratu du. Egun horietan, 494.799 pertsona txertatu dira Espainian, eta horietatik 374 pertsonek izan dute albo-ondorioren bat. Alegia, txertatutakoen % 0,08k. Albo-ondorio gehienak arinak eta larritasunik gabekoak izan dira. 

Europar Batasunean Pfizer-BioNTech eta Moderna txertoak baimenduta dauden arren, Pfizer-BioNTech da txostena idatzi bitartean Espainian eman den bakarra. Txertatutako pertsonen % 70 emakumezkoak ziren, eta, adinari dagokionez, % 38 ziren 65 urtetik gorakoak (beste % 62 aurreko adin-tartekoak ziren: 18-64 urte bitartekoak).

Jakinarazitako albo-ondorio gehienak sukarra edo ondoeza orokorra izan dira; maila txikiagoan, nerbio-sistemaren arazoak (zefaleak eta zorabioak, batez ere) eta gastrointestinalak (goragalea eta beherakoa). Proportzioan, emakumezkoek jakinarazpen bikoitza egin dute, gizonezkoen aldean.

Jaso diren notifikazioak, kaltetutako sistemaren eta adinaren arabera. Arg. Medikamentuen eta Produktu Sanitarioaren Espainiako Agentzia.

Erreakzio alergikoen datuak

Arreta  handiena erreakzio alergikoetan jarri du txostenak, mRNA txertoen analisi klinikoetan anafilaxia edo erreakzio alergiko larriaren kasu gutxi batzuk identifikatu baitziren. AEBko Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak milioi bat dosiko 11,1 anafilaxia-tasa identifikatu zuen, eta Espainian 4 kasu azaldu dira. Alegia, milioi bat dosiko 8,1eko tasa. Lau kasu horietatik hiruk erreakzio alergikoen aurrekariak zituzten, eta denak emakumeak ziren.

Anafilaxiak azalari, zirkulazio-sistemari eta arnas sistemari eragiten die, batez ere. Sintoma nagusiak urtikaria, azkura, hipotentsioa, takikardia, kontzientzia galtzea eta arnasa hartzeko zailtasuna izaten dira. Txertoa hartu eta 15-30 minutura azaltzen da, eta, larria izan daitekeenez, txertaketa-zerbitzu guztiak adrenalina bidezko berehalako tratamendua egiteko prestatuta daude. Azaldutako lau kasuek ondo erreakzionatu dute tratamenduaren aurrean.

Oso kasu gutxi azaldu direnez, ez dago kezkatzeko arrazoirik. Hori bai, txertoa hartuta anafilaxia erreakzioa izan dutenei bigarren dosia ez hartzeko gomendatu zaie.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila