Beroarekiko tolerantzia, heredagarria koraletan

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

beroarekiko-tolerantzia-heredagarria-koraletan
Hesi Handiaren Ipar Muturreko Eremuan koral-arrezifeak oso egoera onean daude, eta tenperatura altuak jasaten dituzten koralak bizi dira bertan. Arg. Line K Bay doktorea/Australiako Itsas Zientzien Institutua

Australian egindako ikerketa-lan batean frogatu dute koral-espezie jakin batek beroarekiko duen tolerantzia heredagarria dela genetikoki. Horri esker, berotze globalaren mehatxu larriari aurre egiteko tresna bat izan dezakete eskuartean zientzialariek; izan ere, “dagoeneko existitzen diren aldaera genetikoak berez, edo gizakiaren laguntzarekin, ozeanoetan barrena zabalduta, koral-arrezifeak desagertzea eragotz daiteke”, adierazi du ikerketaren egileetako batek, Texasko Unibertsitateko Mikhail Matzek.

Australiako Itsas Zientzien Institutuarekin batera egin dute lana, eta, egileen esanean, ondorioztatu dute ur beroagotara egokitzeko gaitasuna ez dela beroak eragindako estresarekiko erantzun soila, baizik eta belaunaldi batetik bestera transmititzen den ezaugarri genetikoa.

Acropora millepora koralaren larba fluoreszenteak. Arg. M. Matz/Texasko Unibertsitatea

Ikerketa-lana egiteko, Australiako Hesi Handiko Acropora millepora koral-espeziearen laginak erabili dituzte. Eremu hotzago bateko aleak eremu epelago batean bizi direnekin gurutzatu dituzte (elkarrengandik 450 bat kilometrora eta latitudean 5º-ra daude bi guneak), eta, ondoren, haien larbek beroaren aurrean zer portaera zuten aztertu dute, ura 35,5 ºC-raino berotuta. Batetik, larben biziraupen-tasak alderatu dituzte: 10 bider handiagoa zen jatorriz ur epelagoetako gurasoen ondorengoena. Bestetik, ikertzaileek ikusi dute guraso mistoen larbek ere jasotzen zutela beroari aurren egiteko gaitasuna, eta ahalmen horri lotutako zenbait eskualde identifikatu dituzte haien genomatan. Science aldizkarian argitaratu dituzte lanaren emaitzak.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.