Ikertzaileak ahalegin handia egiten ari dira makinek gizakiak erraz identifikatu eta haiekin komunikazio gero eta eraginkorragoa izan dezaten. Etengabe hobetzen ari dira interfazeak, baina, oraindik, gizakion dibertsitatea aintzat hartu gabe jarraitzen dutela salatu dute Science aldizkarian Purdue Unibertsitateko (AEB) hainbat ikertzailek. Ez bakarrik etniari dagokionez; klase sozialari eta gaitasunei dagokienez ere hutsune handiak ikusi dituzte. Teknologiatik bazterketa sustatzen jarraitzen dela diote.
Ikerketak diseinatzean bertan hartu behar da kontuan giza dibertsitatea; bestela, ikertzaileen aurreiritzi eta akats berak errepikatzen dituzte interfazeek. Horregatik, makinen eta gizakien harremana ikertzen diharduten taldeek hegemonia kulturalari aurre egiteko gai diren zientzialariak behar dituztela nabarmendu dute. Bestela, makinak ez dira gure ingurune natural, birtual, psikologiko, ekonomiko zein sozialean behar bezala integratuko.
Gehienetan, ordea, maila sozioekonomiko altuko herritar txuriak baliatzen dituzte ikertzaileek interfazeak garatzeko prozesuan, eta, ondorioz, gero giza-talde asko teknologia horietatik kanpo geratzen direla egiaztatu dute. Adibidez, interfazeek etengabe akatsak egiten dituzte datuak erregistratu eta interpretatzean. Ez bakarrik pertsonek makinekin aktiboki interakzionatzen dutenean (esaterako, ibilgailu autonomo batekin); gauza bera gerta daiteke interakzioaz kontziente izan bai baina pasiboa den erabiltzaileen kasuan ere (diagnostiko medikoak egiteko datuak hartzen dituzten gailuekin gertatzen den modura); edo kontziente izan ez eta, gainera, baimenik gabe teknologiaren erabiltzaile bihurtzen den kasuetan (poliziek aurpegien azterketa egiteko erabiltzen dituzten teknologiak).
Ondorioak larriak dira: azaleko gaixotasunak identifikatzeko interfazeak azal zuriko pertsonekin entrenatzen direnez, diagnostiko-akats handiak egiten dituzte larruazal ilunetan; aurpegiak ezagutzeko algoritmoek ez dituzte ondo identifikatzen pertsona arrazializatuak; eta abar luze bat.
Beraz, interfazeak entrenatzeko prozesuetan, behingoz, maila sozioekonomiko baxuko herritarrak, gutxiengo etnikoak, migratzaileak eta aniztasun funtzionalak dituzten pertsonak integra ditzatela eskatu diete ikertzaileei.
Elhuyarrek garatutako teknologia