Dibertsitatearen eta inklusioaren aldeko urratsak ematen hasi dira zientzian

dibertsitatearen-eta-inklusioaren-aldeko-urratsak-
Arg. pxfuel

Azken aldian, mugimendua sumatzen da zientzia-sistemaren barruan. Gero eta gehiago dira zientzia-sisteman egiturazko arrazakeria eta bazterketak salatzen dituzten ahotsak, eta, azkenean, inklusioaren aldeko urrats txikiak ematen hasi dira. Aurrekoan, esaterako, ikerketa genetikoetan irizpide etikoak zehazteko eskaera egin zuten hainbat ikertzailek. Aitzinako DNA aztertzen denean, ikuspegi kolonialista azaltzeko joera dagoela adierazi zuten, eta talde natiboekiko errespetua eta sentsibilitatea ziurtatu dadin neurriak hartzera gonbidatu zuten komunitate zientifikoa. Oraingoan, Nature Medicine aldizkaria izan da urrats bat eman duena: medikuntzako ikerketetan dibertsitatea, ekitatea eta inklusioa sustatzeko atal bat sortu du, berariaz. 

Hainbat iritzi-artikulu argitaratu dituzte. Horietako batean, ikusarazi nahi izan dute zientziak behar-beharrezkoak dituela pentsamendu eta ikuspegien dibertsitatea, esku artean dituen erronkei aurre egiteko. Areago, zientziak ezin dituela bete gizartearekiko dituen betebehar eta ardurak bere prozedurak berraztertu eta lan egiteko kultura dibertsoagoa izan ezean. 

Ildo beretik, ikertzaile beltzek, latinoek eta indigenek ikerketarako finantziazioa lortzeko zailtasunak izaten dituztela salatu dute. Haien ikerketak aurreiritziz beteta aztertzen dituztela diote, eta ez hori bakarrik: tutoretza desegokiak egiten zaizkie, prestakuntza txikiagoa eskaintzen zaie eta haien lanarekiko esperantza gutxi dute zuzendariek. Zailtasun gehigarri bat identifikatu dute: ikertzaile horiek ez dute konprometitutako zientzialarien eredurik.

Bazterketak gainditzeko, arrazakeria pairatu duten ikertzaileen ikuspegia aintzat hartzeko beharra azpimarratu dute, haien ahotsa entzutea beharrezkoa izango baita zientzian dagoen egiturazko arrazakeria eta oztopo sistemikoak identifikatzeko. 

Bestetik, AEBko Osasun Institutuak (NIH) ikertzaileak aukeratzeko eta finantziazioa banatzeko erabiltzen dituen irizpideak aldatzeko hartu duen konpromisoa jaso dute beste artikulu batean. NIHko langileen jatorriari buruzko datuak ere argitaratu dituzte, gardentasunak gauzak aldatzen lagunduko duelakoan. 

Azkenik, filantropian jarri dute begia, gurean ohikoa ez bada ere, beste herrialde batzuetan ohitura errotua baita. Hala, zientzia diruz lagundu nahi dutenei egin diete deia, aztertu ditzaten haien irizpideak eta lagundu dezaten arraza-mailako ekitatea lortzen.  

Era berean, Nature Medicine aldizkariak berak neurriak hartzeko asmoa azaldu du. Besteak beste, ikerketa-lanak jasotzen dituztenean, lanak aztertzen dituzten zientzialarien jatorriari eta generoari buruzko datuak gardentasunez partekatzeko konpromisoa hartu du. 

Neurri horiek eta gehiago beharko dira zientziak berdintasunaren aldeko bidea egin dezan. Ikertzaileek adierazi duten bezala, zientzia eta gizartea izango dira onuradun nagusiak, zientziak beharrezkoa duen sormena dibertsitateak berak elikatuko baitu.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.