Ama-hizkuntza ahaztu arren, garunean gelditzen da

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ama-hizkuntza-ahaztu-arren-garunean-gelditzen-da
Arg. Thomas Perkins/123RF

Frantses-hiztunek adoptatutako ume txinatarrekin egindako esperimentu batekin, ama-hizkuntza ahaztu arren, garunak haren aurrean erantzuten jarraitzen duela frogatu dute ikertzaile kanadarrek. PNAS aldizkarian argiataratu dute lana.

Bederatzi eta hamazazpi urte arteko 48 ume eta gazterekin egin dute esperimentua. Horietatik, batzuk Kanadan jaioak eta frantses-hiztun elebakarrak ziren; beste batzuk Txinan jaioak, 3 urte izan baino lehen frantses-hiztunek adoptatuak eta txinera ahaztu dutenak, frantses-hiztun elebakarrak, alegia; eta, azkenik, aurrekoak bezala adoptatuak baina txinerarekin jarraitu dutenak, eta, beraz, elebidunak. Denei txineran ohikoak diren eta frantsesak ez dituen soinuak jarri zizkieten, garunaren jarduera neuronalaren jarraipena egiten zieten bitartean.

Txinera jaiotzetik entzun zutenek, gero ahaztu edo ez, antzeko jarduera neuronala erakutsi zuten: ezkerreko eta eskuineko zirkunboluzio tenporalak aktibatu zitzaizkien.  Jaiotzetik frantsesa bakarrik jaso zutenei, ordea, eskuinekoa bakarrik aktibatu zitzaien.  Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute, ikasten den lehen hizkuntzak, nahiz eta ahaztu, arrastoa uzten duela garunean.
Txineraren soinuak entzutean garuneko jarduera erakusten duen irudia. Ezkerretik eskuinera, jaiotzetik frantsesa bakarrik jaso duten elebakarrak, jaiotzean txinera jaso baina ahaztu egin duten frantses-hiztun elebakarrak, eta frantsesa eta txinera duten elebidunak. Arg. Jen-Kai Chen
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila