Ahoz esandako hitzak gizakiok baino hobeto ulertzeko gai den sare neuronala

Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitateko Biomedikuntza Sailean hitzak ulertzeko gai den ordenagailu bat sortu dute, orain arte garatu diren sistemekiko abantaila handiak eskaintzen dituena.

Izan ere, konputagailu hori sare neuronaletan oinarritutako sistema baten bidez dabil eta edozein ahotsetatik sortutako hitzak ezagutzeko gai da. Sistema hau hizlariarengandik independentea den hizketa ezagutzeko lehen sistema da, eta hainbat alorretan oso baliagarria izan daiteke, batez ere informazio-teknologien alorrean: ahotsez kontrolatutako ordenagailuak, pertsona gorrentzako komunikabideak, elkarrizketak bat-batean papereratzeko sistemak, etab.

Sare neuronalak giza burmuinaren funtzionamenduan oinarrituriko sistema informatikoak dira, eta garunak informazioa prozesatzeko duen sistema errepikatzen dute. Gizakiok bezala, antzeko informazioak taldeetan sailkatzeko gai dira (pertsona ezberdinek eta egoera ezberdinetan esandako hitz bat adibidez), eta talde berdineko informazioak antzera tratatzen dituzte. Sare neuronal arruntak “neurona” izeneko informazio-prozesagailuz osaturik daude, eta hauek elkarren artean konektaturik daude sare bat osatuz, milaka eta milaka interkonexio dituztelarik.

Sare neuronal berria T. Berger eta J. Liaw doktoreek garatu dute eta emaitza paregabeak eman ditu hitzak ezagutzeko probetan. Sistema giza entzumenak bereizten ez dituen ahotsak eta hitzak ulertzeko gai da, nahiz eta zarata ugari egon edo seinalea oso ahula izan. Gainera Berger eta Liaw-en sare neuronalak 11 neurona eta 30 lotura inguru baino ez ditu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila