2022rako iragarpenak zientzia-arloan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

2022rako-iragarpenak-zientzia-arloan

2022a Garapenerako oinarrizko zientzien nazioarteko urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Hain zuzen, 2015ean NBEk 2030 Agenda onartu zuen, garapen iraunkorrerako 17 helbururekin. Zuzenean ala zeharka, denek dute lotura estua aurrerapen zientifikoekin. Eta bide horretan etorri da aurtengo izendapena, IUPAP fisika puruen eta aplikatuen nazioarteko batasunak proposatuta (ehungarren urteurrena du aurten).

Bost lerrotan garatuko da: oinarrizko zientziak garapen iraukorrerako; oinarrizko zientziak eta gizarte-zientziak; gazteak eta oinarrizko zientziak; emakumeak eta oinarrizko zientziak; eta oinarrizko zientziak Afrikan. Horrenbestez, aurten, hainbat ekimen, inbertsio eta proiektu gauzatuko dira ildo horien barruan.

COVID-19a

Bestelakoan, agerikoa da COVID-19ak zientzialarien arreta bereganatzen jarraituko duela. Omicronek garbi utzi duenez, ezinbestekoa izango da zaintza epidemiologikoa, aldaera berriak lehenbailehen identifikatzeko, haien eragina aurreikusteko, eta prebentzio-neurriak hartzeko. Horien artean, txertoek protagonismoa izaten jarraituko dute, eta txertaketa globala indartzeko ahalegina egin beharko da.

Seguru asko, txerto berriak onartuko dira; batzuk oraingoen antzeko teknologiak oinarritutakoak, beste batzuk agian berritasunak dituztenak, esaterako, sudurretik ematekoak. Eta indarra hartuko du koronabirus guztiei aurre egiteko ahalmena izango duten txerto unibertsalarenak (pankoronabirikoa). Horrekin batera, mRNA-txertoak beste gaixotasun batzuk prebenitzeko eta tratatzeko erabiltzeko pausoak emango dira; adibidez, hiesa.

Antibirikoak eta COVID-19aren ondorioak tratatzeko bestelako botikak agertuko dira, eta epe luzeko sintomak (COVID iraunkorra) ikertzeko ahalegina egin beharko da. 

Klima, ingurumena, biodibertsitatea

2022ko klimaren gailurra, COP27, Egipton izango da, azaroan. Ordurako, gobernuek COP26an adostutakoa gauzatzeko ahaleginak egin beharko dituzte, eta zenbateraino lortu duten neurtu.

Zientzialariek lanean jarraituko dute ingurumen-krisia eta biodibertsitatearena ulertzeko eta irtenbideak proposatzeko. Horren barruan, Osasun Bakarraren inguruko (One Health) biltzarrak egingo dira ekainean Europa mailan, eta azaroan mundukoa, Singapurren. Maila txikiagoan ere, tokian tokiko egitasmoek aurrera egiten jarraituko dute.

Partikulen fisika eta espazioa

Fisikan, LHCa eta grabitazio-uhinak detektatzeko lau behatokiak berriro hasiko dira lanean; lehena ekainean eta bigarrenak abenduan. Horrez gain, James Webb teleskopioak lehen irudiak jasoko ditu. 

Ilargian, misio bat baino gehiago daude aurreikusita: NASAk, astronautak Ilargira berriro eramateko lehen pauso gisa (tartean, lehen emakumea eta lehen pertsona arrazializatua), Artemis I orbitatzailea jaurtiko du; eta Indiako, Japoniako eta Errusiako espazio-agentziek ibilgailu edo modulo bana jarri nahi dute satelitearen luzoruan. Koreakoak, berriz, orbitatzaile bat bidaltzeko asmoa du. Espazio-agentzia pribatuek ere irekitako bidean sakontzeko ahalegina egingo dute.

Txinak bere espazio-estazioa, Tiangong, osatuko du, eta Martek zeresana ematen jarraituko du. Besteak beste, irailean abiatuko da Exomars misio errusiar-europarra, bi urteko atzerapenarekin. Halaber, martxan jarraituko dute BepiColombo misioak Merkurion, eta Parker zundak Eguzkian.

Zalantzarik ez dago beste arlo askotan ere izango direla aurrerapenak, bereziki puri-purian dauden horietan, hala nola adimen artifiziala, telekomunikazioa eta digitalizazioa, materialak, eta energia.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila