Hamaika begi Marten

Curiosity ibilgailua
Egilea: NASA/JPL-Caltech/MSSS

Curiosity ibilgailua

Begi berriak iritsi dira aurten Martera. Otsailean iritsi ziren Al Almal orbitatzaile arabiarra eta Tianwen-1 txinatarra. Lehendik baziren beste bost orbitatzaile planeta gorriari begira: hiru estatubatuar, bi europar eta indiar bat.

Perseverance ibilgailu estatubatuarrak ere otsailean lur hartu zuen Marten, eta apirilean askatu zuen berarekin zeraman Ingenuity helikopteroa. Han zeuden, lehenagotik, Curiosity ibilgailuak eta Insight zunda, biak estatubatuarrak. Eta, azkenik, maiatzean lur hartu zuen Tianwen-1 orbitatzailearekin batera iritsitako Zhurong ibilgailuak.

1960ko hamarkadan hasita, ia 50 misio bidali dira Martera, edo pasa dira handik. Batzuk ez ziren ongi atera, beste batzuek begiratu bat eman eta beren bideari jarraitu zioten, eta beste batzuek, lana ongi egin ondoren, begiak itxi zituzten. Goian aipatutakoek begiak zabalik dituzte. Denen artean, irudi eder asko utzi dizkigute. Hemen bildu ditugu haietako batzuk.

Curiosity ibilgailuak 2021eko martxoaren 26an ateratako selfiea. Robotaren ezkerraldean, arrokan egin duen zulo bat ikus daiteke (ongi begiratuta).

Xanthe Terra eremua
Egilea: NASA/JPL/UArizona

Xanthe Terra eremua

NASAren Hirise kamerak 2008an Xanthe Terra eremuan (Ipar hemisferioan) hartutako irudia. Duna txikiak ikusten dira.

Marte hilabeteko aldearekin
Egilea: NASA/JPL/MSSS

Marte hilabeteko aldearekin

2001ean, NASAren Mars Global Surveyor orbitatzaileak irudi hauek hartu zituen, hilabeteko aldearekin. Hegoaldean hasitako hauts-ekaitz batek planeta osoa estali zuen.

Mount Sharp eremua
Egilea: JPL-Caltech/MSSS/NASA

Mount Sharp eremua

Curiosity ibilgailuak 2015ean Mount Sharp eremuan ateratako argazkia. Mineralogia-aniztasun handiko eremua da. Aurrealdean, hematitez betetako gandor bat ikusten da; atzean, buztin-mineraletan aberatsa den lautada izurtua eta sulfato-mineral ugari duten muino biribilduak. Horiek guztiak osatzeko, inoiz ura egon behar izan zuen hor.

Korolev kraterra
Egilea: ESA/DLR/FU Berlin

Korolev kraterra

Europako Espazio Agentziaren Mars Express misioak argazki hau atera zion Korolev kraterrari, 2018an. Ipar polotik gertu dago, laurogei kilometrotik gora ditu, eta ur-izotzez betea dago.

Perseverancek ateratako selfiea
Egilea: NASA/JPL-Caltech/MSSS

Perseverancek ateratako selfiea

Perseverancek 2021eko apirilaren 6an ateratako selfiea, ondoan Ingenuity helikopteroa duela.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.