Ahotsa kilometrotara hedatzen hasi zenean

Belaustegi Irazabal, Ainara

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

1892ko urriaren 18an inauguratu zuen Alexander Graham Bellek hiri arteko lehenengo telefono-linea. New York eta Chicago batzen zituen, eta 1.600 kilometro zituen alderik alde. Urrutiko komunikazioan lehen pausoa izan zen hura. Gerokoa ez da zaila asmatzen. Gure etxetik munduaren beste muturrera dei dezakegu, telefonoz, noski.
Ahotsa kilometrotara hedatzen hasi zenean
2006/10/01 | Belaustegi Irazabal, Ainara | Biologian lizentziatua
(Argazkia: Artxibokoa)

Telefonoaren benetako asmatzailetzat Antonio Meucci italiar-estatubatuarra onartu zuen AEBko kongresuak 2002. urtean. Zaila izango da, ordea, Alexander Graham Bellek telefonoaren historian utzitako arrastoa ezabatzea. 1976. urtean, Meuccik eskuratu ezin izan zuena eskuratu zuen Bellek: telefonoaren patentea.

Bell (jatorriz eskoziarra) Bostonen bizi izan zen, eta telefonoaren ibilbidea ere hantxe hasi zen, Boston inguruan. Harritzekoa bada ere, telefonoaren agerpenak ez zuen eragin handirik izan hasieran, batez ere, 1876an gizartearen komunikazio-beharrak telegrafoak asetzen zituelako. Gainera, antzinatik zetorren informatzeko era ohikoena idatzizkoa zen, eta telefonoa jostailutzat edo gutiziatzat hartu zuen jendeak.

Hala, hiri arteko zerbitzuan asko kostatu zitzaion telegrafoaren konpetentziari aurre egitea. Hiri barruan, aldiz, bere lekua egin zuen telefonoak. Industrializazioaren eraginez hirietako populazioa asko hazita zegoen, eta harreman komertzialetarako telegrafoa ez zen egokia; izan ere, telegrama bat bidaltzeko beste leku batera joan beharra zuten.

Kate motzean hasieran

Bellen asmakizuna kable eroale batez --kobrea normalean-- lotutako igorgailu batek eta hargailu batek osatzen zuten. Lehenengo telefonoak Bostonen eta haren inguruko hirietan instalatu ziren. Telefono bidezko komunikazioa bi puntu zehatzen artean egiten zen, finantza-bulego baten eta politikariren baten bulegoaren artean, esaterako.

Erabiltzaile-kopurua handitu zenean, ordea, guztiak elkarrekin konektatu ahal izateko telefonogune baten beharra sortu zen. Gisa horretara, erabiltzaile bakoitzaren telefono-kablea zentralera konektatuko zen eta, han, operadoreek eskuz egingo zuten lineen arteko konexioa.

Lehenengo telefonogunea 21 harpidedunekin estreinatu zuten 1878an, New Havenen. Ezin aipatu gabe utzi Bellek zentral hartarako kontratatu zituen lehenengo langileak 10-17 urte bitarteko haurrak izan zirela. Geroago, harpidedunek aurkeztutako kexengatik eta haurren eskubideak babesten zituen legeriak presionatuta, emakumeak kontratatzeari ekin zion (gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen zien eta ez zuten eskubide sindikalik).

Hasieran kosta egin omen zitzaion jendeari telefonoa onartzea: ez zuten haren beharrik.
Wikimedia.org

Telefonoaren erabilera ez zen AEBra mugatu. Erritmo motelagoan bada ere, laster zabaldu zen mundura. 1879an instalatu zen lehenengo telefonogunea Ingalaterran, eta denbora gutxian asko ugaritu ziren munduko hainbat tokitan. Guztietan ere emakumeak ziren ohiko langile.

Urrunagoko ametsak

Kobrezko hariek ehunka kilometro egiten zituzten garaian, urrunagoko ametsetan zebiltzan zientzialariak. Distantziaren mugak apurtzeko asmoz, pauso garrantzitsu bat eman zuten 1892. urtean: Chicago eta New York artean 1.600 km-ko telefono-linea zabaldu zuten.

Komunikazio hura, tamalez, kaskar samarra suertatu zen. Telefonoak nahiko ondo funtzionatzen zuen distantzia laburretan, baina hitz-jarioaren argitasuna asko galtzen zen tartea handitu ahala.

Hura konpontzeko, urte batzuk geroago, distantzia luzeko komunikazioan ezinbesteko aurrerapauso bat eman zuen Michael Idvorsky Pupinek, Columbiako Unibertsitateko irakasle batek. Telefono-lineetan bobinak jartzea proposatu zuen, transmisioa hobetzeko asmoz.

Esan eta egin. New Yorken eta Chicagoren arteko linean bobinak jarri zituzten eta arrakasta ikaragarria izan zen. Handik aurrerakoan, Pupinen bobinekin jantzi zituzten distantzia handiko lineak: New York eta Denver batzen zituen linea (3.520 km), Boston, New York, Filadelfia eta Washington batzen zituen lur azpiko kablea... Eta munduko beste hainbat lekutan ere eredu berari jarraitu zioten.

Telefono-kableei esker, komunikazioa askoz errazagoa egin zen XX. mendearen hasieran.
Telefonica S.A.

Pupinen asmakizunak ez zituen kilometroen trabak guztiz gainditu, ordea. Distantzia handira esandakoak argitasuna ez ezik intentsitatea ere galtzen zuen. Hargatik, linean zehar errepikagailuak edo anplifikadoreak jartzea pentsatu zuten, haiei esker ahotsaren intentsitatea handitzeko. Telegrafo-konpainiek antzinatik erabiltzen zituzten errepikagailuak, baina haiek ez zuten balio telefono-lineetarako, gizakiaren ahotsa astiroegi erreproduzitzen zutelako. Saiakera askoren ondoren, azkenean lortu zuten errepikagailu edo anplifikadore egokia diseinatzea.

Bobinak eta errepikagailuak elkarrekin erabiltzeak ekarri zuen garaipena. 1956an lehenengo ur azpiko kable transatlantikoa instalatu zuten, Eskozia eta Ternua batzen zituena. Gaur, urpeko kable modernoenek ozeano guztiak zeharkatzen dituzte.

Aire bidez lehenengo, eta lur eta ur azpitik gero, distantziaren mugak gainditu zituen telefonoak. Ez, ordea, muga ekonomikoa. Tokioko hirian Afrikako kontinente guztian baino telefono gehiago daude. Adibide garbiagorik!

Belaustegi Irazabal, Ainara
2
224
2006
10
043
Historia; Teknologia; Telekomunikazioa
Zientziaren efemeridea
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila