Software librea, lau frikiren kontua baino askoz gehiago

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

"Software librea" terminoak Linux ekarriko dio gogora jende gehienari, informatikari batzuek Windows-en ordez erabiltzen omen duten sistema eragile arraro hori. Eta egia bada ere software librea Linuxekin hasi zela zabaltzen eta ezagun bihurtzen, gaur egun software librearen mugimendua askoz gehiago da. Hainbeste, non hura gabe mundua ez bailitzateke izango gaur ezagutzen dugun bezalakoa.

software-librea-lau-frikiren-kontua-baino-askoz-ge
Tux, Linux-eko logoa. Software librearen mugimendua Linuxekin hasi zen zabaltzen, baina, gaur egun, askoz gehiago da. Irudia: Larry Ewing, Simon Budig, Anja Gerwinski.

Ordenagailuek, beste teknologia askok bezala, historia luzea izan dute gizarte osora hedatu aurretik, uste duguna baino luzeagoa. Mundu akademiko-unibertsitarioan sortu ziren XX. mendearen hasieran, eta 80ko hamarkadatik aurrera hasi ziren bihurtzen erabilera orokorreko. Bitartean, 50-80ko hamarkaden arteko garai horretan, konputagailuak makina handi eta garestiak ziren, eta unibertsitateetan eta enpresa handietan soilik zeuden. Horientzat egiten zen softwareari dagokionez, ohikoa zen doan eta libreki zabaldu eta banatzea, beste batzuen softwareari ekarpenak egitea... Batetik, mundu akademikoan aurkikuntzak argitaratu eta partekatzea ohitura izan delako beti; bestetik, ordenagailu-ekoizleek ere begi onez ikusten zutelako beren makina garestiak erabilgarriago bihurtzen zituzten programak doan eta erraz eskuratu ahal izatea. Hacker filosofia eta garaia izan zen.

Alabaina, 1980an copyright legea softwarera hedatu zen. Eta konputagailuak izaten ari ziren zabalkundea zela eta, softwarea negozio-aukera bihurtu zen, eta software-enpresak sortu ziren, softwarearen kode bitarra edo konpilatua soilik saltzen zutenak, ez iturburu-kodea.

Panorama berri haren aurrean, MITeko (Massachusetts Institute of Technology) Adimen Artifizialeko Laborategiko Richard Stallman -ek erakunde hura utzi eta FSF (Free Software Foundation edo Software Librearen Fundazioa) sortu zuen, berak ezagutu zuen hacker filosofia berreskuratu eta software librea bultzatzeko helburuarekin. Haren ustez, softwareak libre izan behar du; uste duelako, batetik, ezagutza partekatzea ezinbestekoa dela gizarteak aurrera egiteko eta, bestetik, libre izateak kalitate hobeko programak egitea ahalbidetzen duela.

Baina zehazki zer da software librea? Definizioa FSFk argitaratu zuen 1986an, Stallmanek idatzia. Software bat librea da berorren erabiltzaileak lau askatasun baditu (informatikan ohikoa den 0-tik hasitako numerazioa erabiliz):

0 askatasuna: helburua edozein dela ere, programa exekutatzeko askatasuna.

1. askatasuna: programa aztertu eta norberaren beharretara egokitzeko askatasuna.

2. askatasuna: programa kopiatzeko eta kopiak banatzeko askatasuna.

3. askatasuna: programa hobetzeko askatasuna eta hobetutako bertsioa zabaltzeko askatasuna, edonork etekina atera diezaion.

Richard Stallman, FSF Software Librearen Fundazioaren sortzailea. Arg. Gisle Hannemyr/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera

Askatasun horiek bermatzeko, nahitaezkoa da programen iturburu-kodea irekia izatea. Bestalde, software librearen definizioaz gainera, FSFk eta Stallmanek copyleft kontzeptua ere ezagutarazi zuten (libre banatzen den softwarea aldatu edo hobetuz gero libre izaten jarraitzea), eta software librea copyleft bidez banatzeko lehenengo lizentzia asmatu (GPL edo General Public License).

Stallmanek GNU proiektua ere jarri zuen martxan, zeinaren helburua baitzen ordenagailu batean behar den sistema osoa eta programa ohikoenak software libre moduan izatea. 1991rako eginak zituzten oinarrizko sistema batek behar dituen programa gehienak (Richard Stallmanek berak egin zituen softwarea garatzeko beharrezko diren tresna asko, oraindik ere asko erabiltzen direnak, hala nola Emacs testu-editorea eta GCC C konpilatzailea), eta Linus Torvalds izeneko ikasle finlandiar batek osatu zuen eskema, falta zen sistema eragilearen nukleoa garatuz. Sistema eragilea UNIX sistemen berdina zen, eta Linux izena jarri zion.

Linux baino askoz gehiago

Orduan hasi zen zabaltzen poliki-poliki software librea, Linuxen bidez, Windowsen monopolioa hautsi nahian. Eta geroztik, Linuxekin lotzen du jende askok software librea, eta horregatik dago hain zabaldua lau informatikari frikiren gauza delako ustea. Baina software librea ez da Linux soilik. Bestelako programa asko dira software librea: Mozilla Firefox eta Google Chrome web-nabigatzaileak (bien artean merkatuaren erdia baino gehiago hartzen dute), LibreOffice ofimatika programa-sorta, GIMP marrazketa-programa, Blender 3Dko diseinurako softwarea...

Eta erabiltzaile arrunten ordenagailuak ez diren alor askotan, software librea nagusi da. Zientziaren aurrerabidea ahalbidetzen duten superordenagailuetatik, adibidez, % 90etik gora Linuxekin dabil.

Halaber, web-zerbitzarien % 60k baino gehiagok ere Linux du sistema eragiletzat. Eta hauetan erabiltzen den software gehiena ere librea da: Apache, nginx edo lighttpd web zerbitzariak, MySQL datu-basea, Python, Perl eta PHP programazio-lengoaiak, MediaWiki (Wikipediak erabiltzen duen softwarea), Drupal, Joomla!, Plone edo WordPress CMS (Content Management System) softwareak, eta beste ugari. Horiek guztiak egon ez balira, ziurrenik ez litzateke existituko ezagutzen dugun Internet: webguneak, blogak eta abar ostatatzeko zerbitzuak askoz garestiagoak izango ziren software-lizentziengatik, eta gizabanako edo enpresa txiki askok ezingo lituzkete kontratatu.

Smartphone eta tableten arloan ere garrantzitsua da software librearen presentzia, 2010eko urriko zenbakian esan genizuenez. Googlek gailu horietarako garatutako eta Linuxen oinarritutako Android sistema eragileagatik ez balitz —sistema eragile propioa garatzeko kostua eta sistema eragile horren inguruan aplikazio-kopuru erakargarri bat lortzeko zailtasuna direla medio—, beste ekoizleentzat lan nekeza litzateke Applek lortutako de facto monopolioa haustea, eta ez litzateke egongo alternatiba egokirik haren produktu garesti eta itxientzat. Aldiz, horri esker, gaur egungo smartphoneen erdiak baino gehiagok sistema eragile librea du, eta tabletetan ere gora doa poliki-poliki Android dutenen kopurua. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi software libreak izan duen eragina beste esparru batzuetan, hala nola argazkigintzan, literaturan, musikan, entziklopediagintzan eta ikus-entzunezkoetan, kultura librearen ideia sortzen...

Software librea jada ez da hacker idealista gutxi batzuen utopia zoroa: ez da hacker idealista gutxi batzuen kontua, enpresa asko eta oso garrantzitsuak (Google esate baterako) ari direlako software librea bultzatzen eta finantzatzen (nahiz eta interes ekonomiko propioak izan: enpresa horientzat merkeagoa da tresna libreak erabili, hobetu eta beren beharretara egokitzea, zerotik hasita garatzea baino); eta ez da utopia zoro bat, jada gure mundua aldatu duen errealitate bat delako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.