P2P siglek Peer To Peer ordezkatzen dute, hau da, parekotik parekora, eta berdinen arteko partekatze edo kolaborazioa adierazi nahi dute. Orain 15 urte inguru sortutako P2P sistemek, hala nola Emule eta Bittorrent, fitxategiak sarearen bidez trukatzen uzten zuten; orain bestelako kontsumo-gaiak --lo egiteko tokia eta automobil-bidaiak, esate baterako-- partekatzeko P2P zerbitzuak sortu dira. Jakina, gai horiek ezin dira sarean zehar bidali fitxategiak bezala, baina pertsona batzuen ondasun partekagarriak eta beste batzuen beharrak elkarrekin lotzen laguntzen dute.
Gehien ugaritu diren zerbitzu-motetako bat automobil-bidaiak partekatzekoak dira, ingelesez carpooling deitzen direnak. Horrelako zerbitzu ugari daude: Blablacar, Amovens, CircleRide... Antzeko beste zerbitzu batzuk ere sortu dira, real-time ridesharing deritzenak, non unean bertan dugun bidaia-behar bat adierazten dugun eta auto partikularren sare bat dagoen diru baten truke eramango gaituena. Adibideak: Uber, Lyft, Sidecar...
Oporretarako ostatuen partekatzea ere oso modan dago. Oporraldian etxebizitzak trukatzeko, home exchange izeneko zerbitzuak daude; HomeExchange, HomeForExchange eta LoveHomeSwap, kasurako. Beste zerbitzu batzuk accomodation sharing motakoak dira. Haietan, gure etxean ostatu ematen diogu jendeari, gu beste batzuen etxeetara joateko aukeraren truke. Mota horretakoak dira BeWelcome eta CouchSurfing. Azkenik, jendea oporretan gure etxean diru-truk ostatatzeko zerbitzuak daude; ezagunena, Airbnb.
Crowdfunding edo finantziazio kolektiboa ere partekatze-motatzat har daiteke. Kasu horretan, produktu baten finantziazio-gastuak partekatzen dira, azken produktuaren truke normalean. Kickstarter eta Indiegogo dira, ziurrenik, horietako ezagunenak.
Eta beste gauza asko partekatzeko edo eskaintzeko zerbitzuak ere badaude: otorduak (Kitchen-surfing, Cookening, CompartoPlato...), denbora (TimeBank...) eta bururatzen zaigun beste edozer.
Jarduera berri horiek, argi dago, hainbat ekonomia-sektoreri erasaten diete: hotelei, taxiei, garraio publikoari... Horregatik, jarduerok gehien hedatu diren tokietan, sektore horiek aurka egin diete.
Adibidez, New York eta Amsterdameko hotelen elkarteek eskatu dute Airbnb zerbitzuan eskaintzen diren ostatu-etxeei hotelen segurtasun-neurri eta zerga berak eskatzea eta lizentzia eskuratu behar izatea, eta Amsterdamen lortu ere egin dute. Espainian 2013an onartutako Alokairuen Legeak autonomia-erkidegoen esku uzten du alokairu pribatu horiek erregulatzea, eta Madrilen debekatzea pentsatzen ari dira.
Taxi-gidarien elkarteak ere Uber zerbitzuaren aurka altxatu dira hiri askotan, real-time ridesharing motako zerbitzua, finean, taxien oso antzekoa eta lehia bidegabea dela baitiote. Frantzian, Uber-en zerbitzu bat erabili aurretik 15 minutu itxoiteko araudia onartu zen, eta, gero, atzera bota zuten. Bruselan ez diote lan egiten uzten Uber-i, eta Seattle-n automobil-kopurua mugatu diote.
Airbnb eta Uber-en aurkako protestak ulergarriak dira, neurri batean, horietan ez baitago benetako partekatze edo trukerik: pertsona batzuek beren ondasun batzuk erabiltzen uzten diete beste pertsona batzuei diru-truke; beraz irabazi-asmoz egiten den aktibitatetzat har daiteke. Gutxiago ulertzen da Espainiako autobus-konpainien elkarte Fenebús-ek benetako automobil-bidaien partekatzea ahalbidetzen duen Blablacar-en aurka jarritako salaketa eta itxiera-eskaera.
Crowdfunding ari dagokionez, Espainiako Gobernuak hura erregulatzeko proposatu zuen legeak hautsak harrotu zituen sarean, murriztaileegia zelakoan eta crowdfunding a hilko zuelakoan. Muga hauek jarri nahi zizkieten bide hori erabiltzen zuten finantzaketei: milioi bat euroko gehienezko laguntza jasotzea proiektuko, eta pertsona batek gehienez 3.000 euro ematea proiektuko eta 6.000 euro urteko. Egia da horrek asko mugatzen duela inbertitzaile handiek proiektu handiei eman diezaieketen laguntza, baina banako askok lagundutako banakoen proiektuetan (horrelakoak dira benetako crowdfunding edo finantzaketa masiboko proiektuak) nekez gainditzen dira kopuru horiek.
Beste sektore askok ere agertu dituzte kezkak eta protestak partekatzearen eredu ekonomiko horien inguruan: ostalaritzak, otorduak banatzearen aurka; sektore askok, denbora-bankuen aurka... Baina protestak protesta eta kexuak kexu, badirudi partekatzearen ekonomiak asko egingo duela gora oraindik.