Mundu digitala

Auzolan digitala euskararen alde

2019/09/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Gure bizitzetan, gero eta txertatuago daude hizkuntza- eta hizketa-teknologiak baliatzen dituzten tresnak eta zerbitzuak: laguntzaile birtualak, bozgorailu adimendunak, itzultzaile automatikoak... Teknologia horiek garatzeko, baliabideak behar dira, baina ez bakarrik ekonomikoak; bereziki, sistemak entrenatzeko hizkuntza-baliabideak dira guztiz-guztiz beharrezko: audio-grabazioak, elkarrizketen adibideak, itzulpenak... Beste hizkuntza hedatuago batzuetan baino urriagoak dira euskaran, eta, horregatik, berriki abiatutako ekimen batzuek erakusten duten bezala, baliabideok sortzeko, crowdsourcing-era jotzen ari gara azkenaldian. Anglizismo hotsandiko horren atzean, finean, gure artean hain errotua dagoen auzolana besterik ez dago; auzolan digitala, kasu honetan.

Elhuyarren hizketa-teknologiak inklusioaren zerbitzura

2019/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Teknologiak, oro har, eta, zehazkiago, IKTek asko lagundu dezakete dibertsitate funtzionala duten pertsonen inklusioan; esaterako, webaren eta Braille lerroen konbinazioak irakurgai- eta ezagutza-kantitate ikaragarria jarri ditu itsuen esku, Braille liburuen bidez jar daitekeena baino askoz ugariagoa (inprimatze-kostua dela eta). Eta esan daiteke hizketa-teknologiak bereziki baliagarriak izan daitezkeela, gauza asko pertsona guztientzat irisgarri egiteko. Azken urteetan, hizketa-teknologiekin lanean ari gara Elhuyarren, hizketaren sintesian eta ezagutzan oinarritutako zerbitzu eta produktuak garatzen, eta horietako asko inklusioari eta sarbide unibertsalari begirako soluzioak dira.

Weba birdeszentralizatzen

2019/03/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Birdeszentralizatzea. A ze hitz konplexua! Nire burua defendatzeko esango dut Xuxenek onartzen duela. Baina zer esan nahi du weba birdeszentralizatzeak? Jatorrian, informatzeko eta komunikatzeko tresna edo baliabide deszentralizatua zen weba; hau da, pentsatua zegoen informazioa sare osoan banatuta egoteko. Baina, poliki-poliki, informazioa eta komunikazio-zerbitzuak korporazio handi gutxi batzuen esku geratzen joan dira; alegia, zentralizatzen. Hori guztia irauli eta sarea berriz ere deszentralizatzeko (birdeszentralizatzeko) asmoz, ekimen eta tresna ugari ari dira sortzen aspaldian. Ezagut ditzagun.

Ada Lovelace, ordenagailuen eta adimen artifizialaren aitzindari

2018/11/30 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Ordenagailuen eta adimen artifizialaren garapena II. Mundu Gerraren inguruan hasi zen, Alan Turingenen eta beste batzuen eskutik. Alabaina, ehun urte lehenago, konputagailuen, programazioaren eta adimen artifizialaren lehen harriak jarri zituzten Charles Babbagek eta Ada Lovelacek. Babbagek makina analitiko bat diseinatu zuen, ordenagailuen aurrekaritzat jo daitekeena, eta Lovelacek aurreikusi zuen makina horrek zer egin zezakeen kalkulu matematikoez harago. Eztabaidaezina da lan harrigarria egin zutela eta aurreikuspen miragarria izan zutela. Eta bereziki aipatzekoa da Lovelaceren lorpena, aintzat hartuta garai hartako emakumeen egoera zein zen.

WPA3 protokoloa, WiFiak behar zuen eguneraketa

2018/09/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

WiFi sareen segurtasuna bermatzen duen WPA protokoloaren bertsio berria, WPA3 izenekoa, atera zuen WiFi Alliancek —WiFi teknologia definitu eta sustatzen duen erakundeak— ekainaren amaieran. Izan ere, aurreko bertsioak, WPA2ak, hamar urte baino gehiago zituen, eta 2017an haustea lortu zuten. Horrez gain, bertsio berri hau prestatuago dago Gauzen Internet hedatzeak ekarriko dituen erronka eta arriskuentzat ere. Sortzaileak oso ziur agertu dira WPA3aren segurtasunaz eta hautsezintasunaz, baina denborak esango du. Edonola ere, denbora apur bat beharko da oraindik WPA3a router eta gailuetan hedatuta ikusteko.

Tim Berners-Lee, webaren asmatzaile eta jagolea

2018/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Martxoan, weba asmatu zeneko 29. urteurrenaren egunean, albiste izan genuen Tim Berners-Lee webaren asmatzaile eta weba kudeatu eta zaintzen duen World Wide Web Consortium (W3C) erakundearen zuzendariak egindako ohartarazpena: weba mehatxupean eta arriskuan dago. Jende askok galdetuko du ea nola den hori posible, kontuan hartuta jendeak inoiz baino denbora gehiago pasatzen duela sarean. Kontua da Internet edo sarea eta weba edo amarauna ez direla gauza bera. Weba bera eta haren izaera libre eta irekia daude arriskuan. Ezagut dezagun apur bat hobeto nor den Tim Berners-Lee, zer den weba eta zergatik dioen arriskuan dagoela.

RCS, berehalako mezularitzaren estandar berria

2018/03/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Hasierako mugikorretan, SMS-zerbitzua erabiltzen zen testuzko mezuak bidaltzeko; zerbitzu estandarra da, eta konpainia ezberdinen artean erabil daiteke, baina testu-mezuentzat soilik balio du. Gero, Telegram, WhatsApp eta antzekoak agertu ziren. Horiekin mezu laburrak bidali baino askoz gehiago egin daiteke, baina ez dira estandarrak eta ezin dira elkarren artean komunikatu. Orain, Googlek eta telefonia-operadoreek RCS protokoloa sortu dute. Zerbitzu asko ahalbidetzen ditu, estandarra da eta operadore ezberdinen artean komunikatzeko balio du. Merkatuan gailentzea lortuko duen, ordea, beste kontu bat da.

Blockchain: transakzioen biltegiratze banatu, fidagarri eta manipulaezina

2017/12/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Blockchain edo bloke-kateen teknologia bitcoinarekin batera egin zen ezagun, kriptotxanpon entzutetsuak erabiltzen zuen transakzioen biltegiratze-sistema baita. Entitate ziurtatzaile zentralik gabeko sistema banatu hau segurua eta manipulaezina denez, beste arlo ugaritan aplikatzen hasi da. Iraultza berria omen da hurrengo urteetan noranahi hedatuko den bloke-kateen teknologia hau.

ElkarOla: Hizkuntza-teknologiak lurralde adimendun, industrial, inklusibo eta eleaniztun baten zerbitzura

2017/06/19 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Euskal Herrian hizkuntza- eta hizketa-teknologien ikerketan eta garapenean dihardugun erakunde esanguratsuenen 15 urteko elkarlanaren azken emaitza da ElkarOla proiektua. Egindako lanaren erakusgarri, hiru demo landu dira, hiru arlo estrategikotan teknologia horiek egin dezaketenaren erakusgarri.

Trump, elefantea teknologiaren ontzi-dendan

2017/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzailea

Iazko azaroan aukeratu zuten AEBko presidente Donald Trump, eta ezin esango dugu ez dionik lanari gogoz ekin, arlo askotan hartu baititu jada erabaki garrantzitsu asko. Arlo teknologiko eta digitalean ere jarri ditu martxan neurri batzuk, edo horretarako asmoa erakutsi du. Elefante bat ontzi-denda batean sartu izan balitz bezala ari da, harrokeriaz eta ezjakintasunez aurrera eginez eta dena hautsiz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila