RCS, berehalako mezularitzaren estandar berria

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Hasierako mugikorretan, SMS-zerbitzua erabiltzen zen testuzko mezuak bidaltzeko; zerbitzu estandarra da, eta konpainia ezberdinen artean erabil daiteke, baina testu-mezuentzat soilik balio du. Gero, Telegram, WhatsApp eta antzekoak agertu ziren. Horiekin mezu laburrak bidali baino askoz gehiago egin daiteke, baina ez dira estandarrak eta ezin dira elkarren artean komunikatu. Orain, Googlek eta telefonia-operadoreek RCS protokoloa sortu dute. Zerbitzu asko ahalbidetzen ditu, estandarra da eta operadore ezberdinen artean komunikatzeko balio du. Merkatuan gailentzea lortuko duen, ordea, beste kontu bat da.
rcs-berehalako-mezularitzaren-estandar-berria
Arg. Rahul Ramachandram / Shutterstock.com

Denok ezagutzen dugu SMS zerbitzua (Short Message Service edo Mezu Laburren Zerbitzua). Lehenengo telefono mugikorrek ekartzen zuten, deiak egiteko aukerarekin batera, 160 karaktererainoko mezuak bidaltzeko aukera ematen duen zerbitzu hori; eta edozein konpainiatako telefono batetik beste edozein konpainiatako telefono batera bidal zitezkeen mezuak. Testuari dagokionez, mezularitza-mota hori izan zen nagusi telefono mugikorretan urte luzez, eta hala izaten jarraitzen dute herrialde eta erabilera jakin batzuetan (adibidez, marketinean).

Hala ere, argi dago azken urteotan beste testu-mezularitza mota bat gailendu dela, gutxienez gurean eta erabilera pertsonalerako: berehalako mezularitza (IM, Instant Messaging) deritzona. Halakoak dira WhatsApp, Facebook Messenger, Telegram eta antzeko zerbitzuak. Berehalako mezularitzak alde ugari ditu SMSarekin alderatuta. Batetik, SMS-zerbitzuak telefonia mugikorreko linea erabiltzen du, eta berehalako mezularitzak Interneteko konexioa (izan ere, berehalako mezularitza-zerbitzuak hedatu ziren telefono mugikorrak adimendun bihurtu zirenean, hau da, smartphoneak ugaritu zirenean, Interneteko konexioarekin). Bestetik, berehalako mezularitzako ohiko zerbitzuek testu-mezuetatik haragoko gauzak egitea ahalbidetzen dute: jasotze-konfirmazioak, hainbat motatako fitxategiak erantsi ahal izatea, talde-elkarrizketak... Eta, azkena, baina ez horregatik garrantzi gutxienekoa: zerbitzu horiek ez dira estandarrak eta elkarrekiko bateragarriak; hau da, horietako bat erabiltzeko, kontua ireki behar da bertan eta bertan kontua dutenekin komunikatzeko balio du soilik.

Zerbitzu ugari, estandarra eta operadoreen artean bateragarria

Azken arazo horri aurre egiteko sortu zen RCS (Rich Communication Services edo Komunikazio Zerbitzu Aberatsak) protokoloa. SMSaren moduko zerbitzua da barrutik: telefonia-operadoreen arteko eta operadoreen eta telefono mugikorren arteko komunikazio-protokoloa da, telefono-konexioa erabiltzen du eta estandarra da. Hala, operadore guztien bezeroen arteko komunikazioak egin daitezke. Baina kanpotik, berehalako mezularitza-zerbitzua da: talde-elkarrizketak egin daitezke; kokapena, irudiak, audioak eta bideoak erantsi; jasotze-baieztapenak; solaskidea idazten ari dela abisatzen du; audio eta bideokonferentziak egin daitezke; kontaktuen agendarako sarbidea du...

Izatez, protokolo hori definitzen aspaldi hasiak ziren telefono-operadoreak. Baina elkarrekin gauzak adosteko eta estandarrak definitzeko jarduerak poliki joan ohi dira; ezagutzen ditugun berehalako mezularitzako sistemek aurrea hartu zieten, eta merkatuaz jabetu.

Hala ere, azken urte eta erdian asko azkartu dira gauzak. 2016ko azaroan RCS protokoloaren lehenengo bertsioa adostu eta argitaratu zen. Gainera, Googlek ere bere sostengua eman zion proiektuari, eta operadoreentzako Jibe plataforma eta telefonoentzako Android Messages aplikazioa iragarri eta kaleratu zituen. Jiberi esker, telefonia-konpainiek erraz inplementa dezakete RCS zerbitzua, eta bezeroei eskaini. Android Messages app-arekin, bezeroek RCS zerbitzua balia dezakete, bere operadoreak inplementatua baldin badu. Geroztik, telefonia-konpainiak poliki-poliki ari dira beren azpiegituran protokoloa txertatzen. Espainian, adibidez, 2017ko azaroan, hainbat komunikabidek esan zuten herrialdeko telefono-konpainia garrantzitsuenek laster jarriko zutela martxan . Konpainiek hainbat izen komertzial jarri diote RCS zerbitzuari: Advanced Messaging, Joyn... Telefono-fabrikatzaileei dagokienez, gehienek iragarri dute babestu egingo dutela eta aipatutako Googleren Android Messages aplikazioa fabrikatik instalatuta eramango dutela beren gailuek.

Arrakasta izango ote du?

Ikusteko dago, hala ere, RCSk arrakastarik izango duen eta gaur egungo berehalako mezularitza-zerbitzu ez estandarrak garaituko dituen. Izan ere, ez da erraza izango jendeak erabiltzen duen ohiko zerbitzuaren ordez funtzionalitate berririk eskaintzen ez dion beste zerbitzu bat erabiltzea, estandarra eta operadoreen artean bateragarria izate hutsagatik.

Nolanahi ere, nik uste dut RCSk badituela aukerak merkatua bereganatzeko. Telefono-konpainia guztiek inplementatzen badute, telefono berriek aplikazioa instalatuta badakarte eta erabiltzeko konturik behar ez baduzu (telefono-zenbakiarekin nahikoa da), iruditzen zait RCS erabiltzeko aukera handiak egon daitezkeela; jendeak beste app-rik instalatu beharrik ez baitu izango, ez eta WhatsApp-en edo horrelako batean kontua irekitzeko edo aktibatzeko beharrik ere.

Alabaina, badaude bi faktore RCSren zabalkundeari kalte egin diezaioketenak edo ekidin dezaketenak. Garrantzitsuena da operadoreak nola saiatuko diren RCS zerbitzuetatik irabaziak ateratzen. Izan ere, jende askoren ustez, telefono-konpainiek RCS bultzatzeko duten arrazoi bakarra da dei eta SMSetatik lortzen zituzten irabaziak kendu dizkietela berehalako mezularitza-zerbitzuek, eta kezka dago ez ote diren saiatuko RCS bidezko zerbitzuak kobratzen. Oraingoz, RCS zabaldu den tokietan ez dira zerbitzua kobratzen ari (normala, ez bailukete lortuko inork berehalako mezularitzako beste zerbitzuak uztea), baina etorkizunean eta arrakasta izanez gero, nork daki... Beste faktorea betikoa da: Applek ez du RCS egitasmoa bultzatzen, eta ez du asmorik bere gailuetarako aplikaziorik egiteko edo instalatuta ekartzeko. Baina, tira, beste norbaitek iOS-erako app-a egiten badu, Android gailuekin bateragarria denez, gerta daiteke hor ere nagusitzea.

Hurrengo hilabete eta urteetan ikusiko da RCS protokoloa hedatzen den edo porrot egiten duen. Ondo legoke protokolo estandar eta bateragarri batek irabaztea, aspaldiko partez!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila