Ezinezkoa da ia denaren historia bat idaztea, hura laburra bada ere. Idazleak berak esaten du hori, Bill Bryson-ek. Izenburua ere, zientziaren dibulgazio-liburu batena izateko, oso berezia da. Nolanahi ere, izenburu horrek liburuaren filosofia islatzen du. Urteak ziren Bill Brysonek zientziarekin lotutako kontu asko eta askotarikoak ulertu nahi zituela. Hala ere, ez zuen topatzen liburu bat bere galderei erantzuten zienik --ezta hark nahi zuen moduan ere--, eta, beraz, liburua idaztea erabaki zuen.
Garai hartan jada kazetari ospetsua zen Bryson, bidaiei buruzko liburuak idazten zituelako. Dokumentatzeari ekin zion hiru urtez; zientzialari askorekin egon zen, eta beste liburu asko irakurri zituen. Eta, garrantzitsuena, amestutako liburu hura idatzi zuen.
Sekulako arrakasta izan zuen. 2004an, zientzia-dibulgazioko Aventis saria irabazi zuen (gaur egun Royal Society izena duen sari bera), eta, geroztik, ospe handia hartu du liburuak. Besteak beste, hizkuntza askotara itzuli dute, eta lau milioi aletik gora saldu dira mundu osoan.
Azken itzulpenetako bat dugu orain gure liburu-dendetan; euskarazkoa, hain zuzen ere. Elhuyar Fundazioko Ixiar Izak itzuli du. Bryson ohiko dibulgazio-liburuen estilotik urruntzen da, eta oso idazkera samurrean landu du testua. Itzulpenaren erronka, hain zuzen, idazkera horri eustea izan da.
Brysonek, hasieran, ongietorria ematen dio irakurleari, eta gogorarazten dio nolako zortea izan duen, atomo-sorta batek irakurlea bera, pertsona, osatzen duelako. Berez, liburua bidaia bat da. Unibertsoan hasten da; Lurra aztertzen du gero, planeta neurtu zutenen ikuspuntutik abiatuta, eta fisikaren, kimikaren eta geologiaren bideak aztertzen ditu; ondoren, Lurraren atmosfera aztertzen du; gero, biziaren sorrera, fisiologia, eboluzioa, eta, bukatzeko, gizakia bera aztertzen du.
Zaila da esaten bidaia hori ia denaren historia bat ote den, baina, hala ez bada ere, liburu hori irakurtzea merezi du, besteak beste, zientzia-dibulgazioa egiten ez duen idazle batek idatzi duelako.