Egunerokoaren zientzia

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Egunerokoaren zientzia
2011/05/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

1999ko Fisikako IgNobel saria Len Fisher ingelesak irabazi zuen. Sari horiekin benetako ikerketak saritzen dira, aldizkari espezializatuetan argitaratutakoak, baina oso ikerketa xelebreak direnean. Fisherrek gaileta bat bustitzeko modurik onena ikertu zuen.

IgNobel sarien antolatzaileek diote saritzen dituzten ikerketek hasieran barrea eragiten dutela, baina gero hausnartzeko gai aproposak direla. Fisherren ikerketak luze hausnartzeko balio du; gaileta bat bustitzeak zerikusia du kapilaritatearekin, hau da, likidoek hodi txikietan barrena sartzeko duten joerarekin. Etxe bateko hezetasun-arazoak, zuhaitzen izerdia edo arterietako odol-fluxua fenomeno beraren adibideak dira. Gaileta bati aplikatzeak barregura eragin dezake, baina ikerketa garrantzitsua izan daiteke.

Hain zuzen ere, eguneroko bizimoduak zientziari zenbateraino lagundu dion azaldu nahi du Fisherrek liburu honetan. Ohiko objektuen azterketa zientifikoa oso baliagarria da. Fisher ez da lehena bide hori azpimarratzen eta erabiltzen; adibide ospetsua da Michael Faradayk XIX. mendean eman zuen The Chemical History of a Candle hitzaldia (Kandela baten historia kimikoa).

Ideia horri jarraituta, Fisherrek gaileta bat bustitzeko prozesuaren ikerketa deskribatzen du liburuaren lehen kapituluan, eta antzeko adibide batzuk erabiltzen ditu hurrengoetan. Arrautza bat egosteko modua erabiltzen du beroaren transmisioa azaltzeko (Fisherren lagun batek esaten zuen bezala, hobeto dakigu nola dagoen banatuta tenperatura Artizarrean soufflé batean baino). Erremintak erabiltzeko modu egokiena erabiltzen du palankaren legean sakontzeko. Eta, eguneroko bizimodua abiapuntu hartuta, fisikako beste fenomeno batzuk ere aztertzen ditu. Azkenekoa, sexuaren fisika da; gizona eiakulatzeko prestatzen denetik espermatozoidea obuluan sartu arteko prozesuen fisika. Fisherrek hitzaldi bat eman zuen gai horri buruz eskola batean, eta han emandako beste edozein hitzaldik baino entzule gehiago izan zituen; gainera, entzuleen artean irakasle gehiago zeuden ikasleak baino.

Gai bakoitza fenomeno fisiko beraren mende dauden beste gai askorekin erlazionatzen du Fisherrek. Eta horrek egiten du entretenigarri liburua. Azkenean, lortzen du helburua: fisikaren eta gertu dugun mundu errealaren arteko lotura erakustea.

Cómo mojar una galleta
Len Fisher
Random House Mondadori S.L.
216 x 151 mm
ISBN: 84-397-0962-5
Jatorrizko izenburua: How to Dunk a Doughnut
Roa Zubia, Guillermo
2
275
2011
5
022
Bibliografia; Fisika
Liburutegia
46
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila