Kepa Altonaga Sustatxa Zoologo, irakasle eta zientzia-dibulgatzailea

"Hori egin behar dugu: dakiguna atondu beharrean, ezagutzen ez duguna ikertu"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Kepa Altonagaren erantzunak ezagututa, ezin da esan egoera baikorra denik. Izan ere, biodibertsitateari buruz egin du gogoeta, eta arlo horretan ez du arrazoirik ikusten optimista egoteko, ez espezie-galerari erreparatuta, ez ikerketa-esparruaz ari denean ere. Hala ere, haren hitzetan ez da etsipenik sumatzen; izatekotan, egindako bidearen eta urteen talaiatik luzatutako begirada da harena.

kepa-altonaga-sustatxa-hori-egin-behar-dugu-dakigu
© Marisol Ramirez/Argazki Press
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Big Bangeraino ez baina atzera eginez gero, gogoan dut karrera ikasten ari nintzela, geologia ikasgaian, pil-pilean zegoela plaka-tektonika. Orduan gailendu zen hipotesi iraultzaile hori. Horrek eragina izan zuen nigan. Gerora, niretzako mugarri nagusietako bat Rioko gailurra izan zen, kontserbazioari buruzkoa, 1992an. Izatez, aurrerago atera nituen artikulu bi biodibertsitateari buruzkoak Elhuyar aldizkarian. Eta urte haietan, Edward O. Wilsonek plazaratu zuen The diversity of life liburua. Ez du gaurkotasunik galdu, eta nire ikasle askok irakurtzen dute, urteak joan diren arren.

Wilsonek berak, liburu hori idatzi baino dezente lehenago, S = c A z formula zabaldu zuen, espezie-kopurua (S) azalerarekin (A) erlazionatzen duena. Kontua da formula horrek, aintzat hartuz oihanetako atzerakada izugarria, aurreikuspen erabat ilunak dakarzkigula: lurralde natural baten azalera hamar aldiz murrizten denean, espezieen erdiak desagertuko dira, guk jakin gabe ere. Horizonte lazgarria aurresan digu 2022rako, apokaliptikoa ia. Horrek zirrara handia eragin zidan orduan, eta egungo egunean ere, ez baitira habitat-galeraren joerak zuzendu, eta magnitude berean jarraitzen dute espezie-galeraren kalkuluek.

Eta gero Ferdinando Boeroren artikulua dago [ The Study of Species in the Era of Biodiversity: A Tale of Stupidity ]; beste mugarri bat. Artikulu horretan Boerok erakutsi du politika zientifikoan egon direla bihurgune batzuk, eta biodibertsitatea helburu izanda ere, dirua beste bide batetik doala. Horren ondorioz, zientzialari gazte batentzat suizidio profesionala da taxonomista izatea, biodibertsitatean aditu izatea.

Biodibertsitatearen krisi bi ari gara bizitzen: espezieak galtzen ari gara (espezie-galeraren krisia), eta, aldi berean, biodibertsitatearen ezagutzaren krisia dugu, gero eta aditu gutxiago dugu eta horretan lan egiteko.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Ditugun datuetan oinarrituta, horizonte hurbil batean erdira edo etorriko da biodibertsitatea. Aurreikuspenak ikaragarriak dira, ileak tente jartzeko modukoak.

Boerok erakutsi duenez, biodibertsitaterako inbestimenduak ez dira bideratzen oinarrizko ikerketara, baizik eta jada badaukagun ezagumendua informatizatzera. Hor aipatzen ditu, adibidez, Tree of life eta horrelako programa erraldoiak. Baina horiek egiten dutena da dakiguna atondu, eta ez ezagutzen ez duguna ikertu. Eta hori da egin behar duguna, ezagutzen ez ditugun espezieak bilatu eta topatu, gure ignorantzia murriztu. Zenbat milioi espezie falta zaizkigu? Zenbat suntsituko dira ezagutu aurretik?

Kepa Altonaga Sustatxa
Kepa Altonagak (Loiu, 1958) EHUren Zientzia Fakultatean egin zituen Biologiako ikasketak; gero, fakultate berean aurkeztu zuen bere doktore-tesia, eta han jarraitzen du, irakasle-lanetan. Unibertsitateko testuliburuak eta ikerketa-artikuluak argitaratzeaz gain, zenbait saiakera ere idatzi ditu, tartean Armand David, pandaren aita eta Darwin geurean .

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group