Mirene Begiristain Zubillaga Ekonomialaria

“Birkonexio sozial zabal baten lekuko izan nahi nuke”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) Ekonomian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Fakultatean irakaslea da, da eta HEGOA institutuko kidea. Bere ikerketa-­lerroan elikadura- eta nekazaritza-sistemak aztertzen ditu, ikuspegi feministarekin; zehazki, krisi ekosozialaren testuinguruan, trantsizio iraunkorra lantzeko elikadura estrategiak, prozesuak eta proiektuak aurrera eramateko landu beharreko ildoetan sakondu du, besteak beste. Biolur Gipuzkoa elkarteko koordinazio-taldean dago eta EHKOlektiboko kidea da.

birkonexio-sozial-zabal-baten-lekuko-izan-nahi-nuk

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ekonomia eta Enpresa ikasketak hasi nituen, arrazoi berezi bat izan gabe, eta, lan batean baino gehiagotan ibili eta gero, 28 urterekin, irakasle- eta ikertzaile-lanetan hasi nintzen EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Beti izan dut gai sozialekiko kezka, baita ikasle-garaietan ere, baina ikerketan hasi nintzenean jabetu nintzen bereziki ekonomiak, zientzia sozial gisa, nolako eragin anizkoitza duen egungo jendartean eta nola baldintzatzen dituen gure eguneroko bizitzak. Horregatik, ikasleekin partekatzen dut ikuspegi hori, eta saiatzen naiz helarazten irizpide kritiko eta hausnartzailea behar dela eredu ekonomikoari begiratzeko; gelan planteatzen ditugun edukiekin proiektu ekonomikoen helburuak zalantzan jarri behar ditugula; hausnartu behar dugula zer-zertarako-norentzat diren eraikitzen ditugun proiektu ekonomikoak.

Ekonomiako fakultate batean, unibertsitate publikoan, oro har, eredu hegemonikoari buruzko analisi kritikoaren faltak txunditu nau gehien; izan ere, merkatuaren beharrei erantzuteko jarraibideetan zentratzen da curriculuma, gero eta abiadura handiagoan, eta horrek apenas uzten dio lekurik hausnarketa sozialari.

Zentzu horretan, uste dut interesgarria litzatekeela zenbait fakultatetako ikasleak batzea (ikerketan “diziplina anitzekoa” esaten diogu); filosofia, antropologia, ekonomia, arkitektura, nekazaritza, hezkuntza, informatika… ikasten ari diren ikasleak elkartzea, eta eraikitzen ari garen gizarteaz hausnartzea. Modu irekian, demokratikoan, sakon… eztabaidatzea eta jorratzea eraiki nahi dugun eredu sozio-ekonomikoa.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Ikerketa-lerroa elikadura-sisteman eta agroekologian kokatu nuen hasieratik. 25 urtean gauza asko gertatu dira, baina azken urteetan, bereziki, gai hauek garrantzi nabarmena hartu dute. Lan handia egin behar izan badugu ere, pertsonalki oso aberasgarria izan da.

Bizi dugun krisi ekosozialaren testuinguruan, ikusi nahiko nuke euskal jendarteak urrats garrantzitsuak ematen dituela elikadura-burujabetzan. Ebidentzia guztiek erakusten dute, ezen, Euskal Herriko errealitateari begiratuta, nekazaritza-lurrak eta biodibertsitatea babestu behar ditugula eta nekazari izateko baldintza ekologiko egokiak sortu behar ditugula, lehenbailehen. Horregatik, birkonexio sozial zabal baten lekuko izan nahi nuke; ikusi nahi nuke gizarte bat entzungo duena lurraren eta bizitza bizigarrien aldeko deia, eta itxaropenez eta oparotasunez blaituko gaituena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila