Arantza Aldezabal Roteta Biologian doktore

“Bizidunen estrategiak ezagututa eta modu egokian erabilita, uste dut asko irabaziko genukeela”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Pasai Antxon jaioa, 1967an. Biologian doktore da, eta irakasle- eta ikertzaile-lanetan dabil, EHUko Landareen Biologia eta Ekologia sailean. Aitortu duenez, galderak oso zailak iruditu zaizkio, eta, gainera, lehen galderan hiru biltzen direla ohartarazi digu; harentzat, oso esanahi desberdina dute harritzeak, asaldatzeak eta txunditzeak. Hala, haietako bakoitzari erantzun dio.
arantza-aldezabal-roteta-bizidunen-estrategiak-eza
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Askori bezala, teknologia berrien garapenak harritu nau gehien. Lan egiten dudan bi arloetan, ikerketan zein irakaskuntzan, izugarrizko aldaketa ekarri du. Eta horrek sentimendu kontrajarriak eragiten dizkit: batetik, uste dut aukera handiak irekitzen dizkigula, baina, bestetik, kezka ere sortzen dit nora ote goazen eta nora iritsiko garen.

Asaldatu, berriz, sutan jartzen nau ikusteak lehiakortasuna gailentzen dela printzipio etikoen gainetik, bereziki ikerketan, eta kooperaziora baino konfrontaziora jotzea dakar horrek, tamalez. Irakaskuntzan, bestalde, ikasleen interesa gutxiesten duten irakasleen jarrerak asaldatzen nau.

Azkenik, txunditu, naturak txunditzen nau oro har; bereziki, goi-mendiko ekosistemek: bertako biodibertsitateak eta landare zein animalien bizi-estrategiak…

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Dezente kostatu zait erantzuna mamitzea, baina uste dut kontsumo-ohiturak eta ereduak aldatzea dela benetan nahiko nukeena. Adibidez, oso arduratuta nago elikagaien ekoizpen-sistema intentsiboekin, janarien jatorriekin, eta gustatuko litzaidake elikadura-burujabetzaren alde egitea, lurraldeari loturiko ekoizpen-sistema jasangarriak lortuko lituzketen formulak topatzea.

Horretarako ezinbestekoa da ekosistemetako sare trofikoa ongi ezagutu eta ulertzea. Erabat argitzea zer mekanismo gertatzen diren ekosistema horietan, elikagaiak birziklatzeko eta ekoizpena dibertsifikatua eta aberatsa izan dadin; beti ere, lekuari 
(lurraldeari) berari garrantzia emanez (bertan bertakoa) eta naturak berak ematen dizkigun estrategiak erabiliz. Esate baterako, bizidunen artean sinbiosiaren adibide ugari daude baliagarriak. Estrategia horiek ezagututa eta modu egokian erabilita, uste dut asko irabaziko genukeela. Gainera, ekoizpen horrekin dena lotzen da: kultura, lurra, paisaia, pertsonak…

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila