Agurtzane Urtizberea Ijurco Matematikaria

"Beti zabiltza lan bila; horrek zure burua oso estu hartzea dakar"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

beti-zabiltza-lan-bila-horrek-zure-burua-oso-estu-
Arg. Agurtzane Urtizberea

Agurtzane Urtizberea matematikaria da. Dioenez, batxilergoan piztu zitzaion zaletasuna: “Nituen ikasgai guztietatik, matematika nuen gustukoena. Historia eta halakoak teorikoegiak iruditzen zitzaizkidan, eta ez zitzaidan gustatzen gauzak buruz ikastea. Haien aldean, matematika askoz ere entretenigarriagoa zen, niretzat dibertigarria zen problemei soluzioak bilatzea”.

Hortaz, matematikan lizentziatzea erabaki zuen. Karreran, estatistika eta programazioa zituen gustukoen, “aplikatuenak zirelako”, eta natura ere oso gustuko duenez, bi arloak uztartzeko bidea topatu zuen: “Lagun bati esker izan zen. Jakin nuen Aztin hasi zela beka batekin, eta nik ere han proba nezakeela pentsatu nuen. Gainera, AZTI Pasaian dago, eta ni hangoa naizenez, ezin hobeto zetorkidan, egia esan”. Probatu, eta lortu.

Ez zen Pasaian geratu, hala ere: “Doktoretza egiten hasi nintzen Pasaian, baina, halako batean, tutoreak Norvegiara joatea proposatu zidan, eta baiezkoa eman nuen". Hala, Bergeneko Unibertsitatera joan zen, beste beka batekin, Itsas Biologiako sailera, tesiarekin jarraitzera: “Sekulako esperientzia izan da. Hain zuzen, Europa mailan, itsasoari buruzko ikerketan oso aurreratuta dago. Horrez gain, taldean mundu osoko jendea zegoen: greziarrak, italiarrak, frantziarrak, Sri Lankakoak... Eta fakultatea txikia denez, elkar ezagutzeko aukera izan genuen”.

Ikertzaile-lanaren aurkia eta ifrentzua

Guztira, 6 urte egin ditu Bergenen. “Hasieran bi urtetarako joan nintzen, gero hirurako, eta, tesia bukatu nuenean, ikertzaile-lana lortu nuen. Nik orduan uste nuen han geratuko nintzela; izan ere, bikotekidea suediarra da, eta hura ere han zegoen lanean. Baina kontratua amaitu zitzaidanean, Pasaiara itzultzeko aukera izan nuen, eta etorri egin nintzen”.

Amatasun-baimen bat ordezkatzera etorri bazen ere, gero lan-kontratua lortu zuen, eta, bitartean, bikotekideak ere topatu zuen lana hemen. “Zorte handia izan dugu, oso zaila da bi ikertzailerentzat lana lortzea herrialde berean”, aitortu du Urtizbereak. Eta, agian, hori da bere lanaren alderdi gogorrena: “Lana aurkitzea zaila da, eta, gainera, beti da aldi baterako. Hortaz, beti zabiltza lan bila. Horrek zure burua oso estu hartzea dakar, eta ondokoekin lehiatzera behartzen zaitu. Oso da gogorra”.

Hala eta guztiz ere, asko gustatzen zaio bere lana: “Adibidez, orain ebaluazio-eredu batekin ari naiz lanean, ikusteko nola eragiten duen arrantza-kudeaketak bakailaoan, atunean eta beste espezie batzuetan. Eta beti ditut erronkak: zer egin, nola... Ez da batere monotonoa”. Nonbait, batxilergoan zegoenean bezala, oraindik ere entretenigarriak iruditzen zaizkio matematikak.

 

Agurtzane Urtizberea Ijurco

Agurtzane Urtizberea Ijurco (Pasaia, 1979) 2003an lizentziatu zen Matematikan, EHUn. Handik urte betera Azti-Tecnalian doktoretza egiteko beka bat lortu zuen Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioarekin. 2006an, berriz, Aztiren laguntzarekin Euroceans beka lortu zuen; hala, Bergeneko Unibertsitatean (Norvegian) jarraitu zuen tesiarekin, eta bertan irakurri zuen tesia 2009an. 2012ra arte han jarraitu zuen ikertzaile-lanetan, eta 2012tik AZTI-Tecnalian dabil.

4.66666666667/5 rating (3 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.