Neuroendekapenezko gaitzetarako jomuga berriak

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean, Neurozientzien Saileko Neurobiologia Laborategian, neuroendekapenezko gaixotasunen oinarri molekularrak eta zelularrak ikertzen dituzte. Gaixotasun horiek kalte larriak eragiten dituzte garunean eta bizkarrezur-muinean.
Neuroendekapenezko gaitzetarako jomuga berriak
2007/05/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nerbio-sistemako zelula biziak (berdez) eta hilak (gorriz).
(Argazkia: EHU)
Zenbait neuroendekapenezko gaixotasun, hala nola Alzheimerren gaixotasuna eta esklerosi anizkoitza, aski ezagunak dira, eta gizartearen zati handi bati eragiten diote.

EHUko ikertzaileek nerbio-sistema zentralean, hain zuzen ere garunean eta bizkarrezur-muinean, oker dabiltzan seinaleak ikertzen dituzte. Alegia, nerbio-sistema zentraleko zelulen heriotza eragiten duten seinaleak ikertzen dituzte.

Nerbio-sistema zentralean bi zelula-mota daude nagusiki: neuronak eta zelula glialak. Bi zelula-mota horiek oso sentikorrak dira nerbio-sistema zentralean gerta daitekeen edozein hutsegiteren aurrean, eta hil egin daitezke. Alzheimerren gaixotasunaren kasuan, esaterako, neuronen heriotza gertatzen da. Esklerosi anizkoitzaren kasuan, berriz, zelula glial mota batzuk hiltzen dira, oligodendrozitoak, hain zuzen ere.

In vitro zeluletatik lagin biologikoetaraino

Neurobiologia-laborategiko ikertzaileek neuronak, oligodendrozitoak edota nerbio-sistemako beste zenbait zelula aztertzen dituzte kulturetan. Kulturetan saiatzen dira simulatzen gaixotasun horietan garrantzia duten gertaerak edo baldintzak. Hala, zelula horien heriotza eragiten dute, eta prozesu horretan parte hartzen duten molekulak identifikatzen dituzte, seinale hilgarria ematen den unetik zelulak hiltzen diren arte. Gainera, gaixotasun horien tratamendua hobetu lezaketen botikak aurkitzen saiatzen dira.

In vitro lan egiteaz gain, animalia esperimentalekin ere badihardute. Hain justu, gaixotasun horien elementu adierazgarrienak nolabait simulatzen dituzte, eta sintoma sentsorialak, motorrak eta abar eragiten dituzte animalia horietan. In vitro nolabaiteko interesa piztu duten substantziek eredu esperimental horietan eragin bera duten edo ez ikusten dute ondoren.

Gainera, azken urteotan, neuroendekapenezko gaixotasunen batek jota, adibidez esklerosi anizkoitzak jota, hil diren pertsona batzuen garunen laginak aztertzeko aukera izan dute. Nahiz eta amaierako puntua izan, gaixotasun horiek aztarna uzten dute lagin horietan. Zeluletan nahiz animalietan aztertutako molekulek (edo antzekoek) eragin lezaketen asaldurarik ote dagoen behatzen dute ikertzaileek. Hala, esperimentalki aurkitutako jomuga molekularrak neuroendekapenezko prozesuetarako garrantzitsuak diren edo ez egiaztatzen dute. Erantzuna baiezkoa izanez gero, zelulen heriotza moteltzen lagunduko duten botikak garatzen saiatzen dira.

Zenbait neurologorekin elkarlanean, bestelako lagin biologikoak aztertzeko aukera ere badute --odola, esaterako--, betiere gaixoek bere onespena eman eta lagina ikerketarako ematen badu. Izan ere, odol-plasman beha daitezkeen zenbait asaldura garunean zerbait gertatzen den adierazle izan daitezke.

Neuroendekapenezko gaixotasunek aztarna uzten dute garunean.
EHU

Botika eraginkorren bila

Esperimentu horiek guztiek prozesu dinamiko bat osatzen dute, eta neuroendekapenezko gaixotasunen bilakaera eteten, edo gutxienez moteltzen, lagun dezaketen botikentzako aztarnak aurkitzen laguntzen diete ikertzaileei. Batetik, botiken jomuga molekularrak bilatzen dituzte, eta, bestetik, neuronek nahiz oligodendrozitoek bizirik irautea erraztuko duten substantziak aurkitzen saiatzen dira, hala nola antioxidatzaileak. Izan ere, neuroendekapenezko gaixotasun askotan, zelulak estres oxidatiboaren eraginez hiltzen dira.

Azken urteotan, Neurobiologia laborategiko ikertzaileek heriotza-prozesua moteltzen edo arintzen duten eta, gainera, neuronak babesteko gaitasuna duten hainbat antioxidatzaile aurkitu dituzte. Jatorri naturaleko antioxidatzaileak dira, eta besteak beste, dietan aurki daitezke, frutetan, barazkietan eta abarretan. Badirudi gaixotasun horiek eragiten dituzten kalteak arintzen dituztela.

Azken finean, EHUko ikertzaileen helburua da patologia horien oinarri molekularrak hobeto ezagutzea, jomuga terapeutikoak definitzea, eta, azkenik, horien tratamendua hobetzen lagun dezaketen botikak aurkitzea.

Proiektuaren laburpena
Neuroendekapenezko gaixotasunen oinarri molekularren eta zelularren ikerketa.
Zuzendaria
Carlos Matute.
Lantaldea
C. Matute, A. Palomino, S. Mato, O. Oyanguren, A. Gutierrez, A. Pérez eta E. Alberdi.
Saila
Neurozientziak.
Fakultatea
Medikuntza eta Odontologia.
Finantziazioa
EHU, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa eta Osasun eta Kontsumo Ministerioa.
Lantaldearen web gunea
www.ehu.es/neurobiology
Ezkerretik hasita, Aitor Palomino, Susana Mato, Olatz Oyanguren, Arantza Gutierrez, Carlos Matute, Alberto Perez eta Elena Alberdi.
(Argazkia: I. Kortabitarte)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
231
2007
5
038
Unibertsitateak; Osasuna; Farmakologia
Jakintza hedatuz
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila