Ikerketaren helburu nagusiak hiru dira. Batetik, talde horien iraganeko biodibertsitatea ezagutzea. Alegia, horien paleobiodibertsitatea ezagutzea. Zehazki, EHUko ikertzaileek ikusi dute Zanbranako (Araba) nahiz Lañoko (Trebiñoko konterria) aztarnategiek, esaterako, iraganeko biziaren informazio ugari ematen dutela. Bigarrenik, ondare geologikoa zein paleontologikoa ere kontuan hartzea nahi du lan-talde horrek. Eta, hirugarrenik, hainbat formazio geologikoren adina zehaztu nahi dute. Izan ere, zenbait ugaztunen mikrofosilak dataziorako elementu aproposak dira.
Horretarako, lehendabizi paleontologia-indusketak egiten dituzte aztarnategietan. Fosilak zenbait esku-tresnaren laguntzaz ateratzen dituzte, eta, ondoren, laborategian garbitu, zaharberritu eta bereizketa orokor bat egiten dute. Laborategirako bidea seguru egiteko, hezur handi eta hauskorren fosilak igeltsu bustiarekin babesten dituzte. Horrez gain, indusketetan pilatutako sedimentua zakuetan sartzen dute, eta bahe berezien laguntzaz garbitu egiten dute, gero, laborategian, mikrofosilak sedimentu-aleetatik bereizteko.
Jarraian, ohiko ikerketa-paleontologikoa egiten dute --alegia, fosil horiek zein espezieri edo generori dagozkien aztertzen dute-- edo azterketa geokimikoa egiten dute, zer nahi den. Jasotako fosilak sedimentatu diren leku horretakoak bertakoak diren edo beste nonbait sortu eta hara eraman diren jakiteko balio dute azterketa geokimikoek. Halaber, karbono-isotopoen arteko erlazioak ornodun fosil horien elikadurari buruzko informazioa ematen du. Oxigeno-isotopoen arteko erlazioak, berriz, paleotenperaturen berri ematen du. Dena den, kontu handiz ibili behar da. Izan ere, fosilizazio-prozesuek erlazio isotopikoak asaldatzen dituzte, eta, maiz, isotopoen arteko erlazioa asaldatuta badago, asaldura hori zerk eragin duen aztertu behar izaten dute paleontologoek.
Azken finean, ikerketa paleontologikoetatik nahiz geokimikoetatik lortutako datu horiekin guztiekin, fosilak sedimentatu zirenetik jaso diren arte izan duten bilakaera ezagutu daiteke.
Datu guztiak bilduta, emaitza interesgarriak lortu dituzte EHUko paleontologoek. Esaterako, Laño Kretazeo bukaerako ornodun fosilen Europako aztarnategi aberatsenetariko bat dela ikusi dute, hango dibertsitate taxonomikoak erakutsi bezala. 40 ornodun fosil aurkitu dituzte gutxi gorabehera, eta horietatik 9 espezie berriak dira: Madtsoia laurasiae eta Herensugea caristiorum sugeak, Dortoka vasconica , Polysternon atlanticum eta Solemys vermiculata dortokak, Musturzabalsuchus buffetauti eta Acynodon iberoccitanus krokodiloak, Lirainosaurus astibiae dinosauro sauropodoa eta Lainodon orueetxebarriai ugaztun euterioa. Zenbait genero Lañon bakarrik aurkitu dituzte, Herensugea, Lirainosaurus eta Lainodon , hain zuzen.
Gainera, aztarnategi horrek badu berezitasun bat: makrofosil adina mikrofosil aurkitu dituzte. Eta benetan bitxia da hori. Izan ere, Mesozoikoko dinosauroen aztarnategi gehienetan, tamaina handiko fosilak soilik aurkitzen dituzte.
Zanbranan, berriz, duela 37 milioi urteko anfibio, narrasti eta ugaztun fosilak aurkitu dituzte. Azken horien artean, gainera, 21 taxon deskribatu dituzte, horietako zenbait berriak.
Urteetako lanaren ostean jaso dute uzta, baina aztarnategi garrantzitsu horiek eta beste hainbatek sekretu asko gordetzen dituzte oraindik barrenean. Etorkizuneko ikerketekin argituko direla uste dute EHUko ikertzaileek.