Ingurune-adimena kontzeptu berria da askorentzat, baina, agian, beste batzuek informatika eta telekomunikazioen aurrerapenarekin lotuko zuten jada. Horrelaxe da: ingurune-adimenak inguru aktiboak sortu nahi ditu, erabiltzailearen une oroko beharretara egokitzen den konputagailu-sarea izan nahi du, alegia. Horretarako, teknika berriak erabiltzen dira: testuinguruaren araberako nonahiko konputazioa (context aware ubiquitous computing), hain zuzen ere.
Baina, zein dira erabiltzailearen beharrak? Eta behar horiek elbarriek dituztenen berdinak ote dira? Edo adineko pertsona batek dituenaren berdinak? Galdera horixe oinarritzat hartuta, Euskal Herriko Unibertsitatean Heterorred proiektua garatzen ari dira, Sevilla eta Zaragozako unibertsitateekin batera. Informatikariek guztientzako sare bat sortu nahi dute, baina ideia bat garbi izanda: guztiok ditugu behar bereziak eta behar horiek teknologiaren oinarrietatik bertatik hartu behar dira kontuan.
Hain zuzen ere, teknologiaren garapenak ez ditu oso kontuan izan orain arte elbarri nahiz adineko pertsonen beharrak. Horregatik, EHUn bai erabiltzaile-mota guztientzat eta bai dispositibo-mota guztientzat balioko duen sarea sortu nahi dute.
Sare adimentsu horrek oinarrizko ezaugarri batzuk izan behar ditu, ordea. Batetik, toki guztietatik konektatzeko aukera eskaini behar dio erabiltzaileari, aparailu elektronikoa edozein delarik ere: ordenagailua, PDA bat, sakelako telefonoa eta abar. Eta aparailu horiek sarean dauden dispositibo guztiak kontrolatuko dituzte: elektrotresnak, ordenagailuak, gurpildun aulkiak...
Bestetik, sareak eskaintzen dituen zerbitzuek ez diote erabiltzaileari arreta edo ahalegin berezirik eskatuko. Hau da, sare ikusezina izan behar du. Erabiltzailea sarera automatikoki konektatuko da sare-mota hori duen gune batean sartzean. Eta, are gehiago, erabiltzailea dagoen tokiaren arabera, zerbitzu batzuk edo besteak aukeratuko ditu.
Heterorred sarearen ezaugarri horiek oinarri teknologiko berri bat garatzea eskatzen dute. Une honetan, lan horixe egiten ari dira ikertzaileak, sarearen oinarria definitzen. Izan ere, euskarri desberdinetan oinarritutako sareak (izpi infragorriak, irrati-frekuentzia, kablea) bata bestearekin konektatu beharko dira. Horretarako, zubiak (hardwarea) diseinatu beharko dira eta protokoloak itzultzeko software egokia idatzi beharko da. Horietaz gain, dispositiboak kontrolatzeko nahiz erabiltzaileen konputagailuei zerbitzuak eskaintzeko midelware programak eraiki beharko dira.
Eta hori guztia behar bereziak dituzten erabiltzaileak kontuan izanda egin behar da. Hain zuzen ere, estandarizazioen Europako institutuek (CEN, CENELEC, ETSI) duela gutxi antolatutako konferentzia batean sare-mota horiek normalizatzeko proposamen batzuk aurkeztu zituzten ikertzaileek. Kasu honetan, mugarik ezarriko ez duen sarea sortu nahi dute eta, horrela, etorkizunean garatuko diren eta orain bertan garatzen ari diren dispositibo berri guztientzat eta erabiltzaile-mota guztientzat benetako sare irekia lortzeko asmoa dute.