Jeanne Baret, munduari bira eman zion lehen botanikaria

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

jeanne-baret-munduari-bira-eman-zion-lehen-botanik
Arg. Manu Ortega santos/CC BY-NC-ND

Ongi egin zuten elkar ez ezagutzearen itxura. Susmorik txikiena ere ez pizteko, portu banatan ontziratu ziren. Commerçonek eskatua zuen laguntzaile bat beharko zuela espediziorako, eta kontatu zuen Jeanne Baret botanikari gaztea gomendatu ziotela, eta hurrengo portuan ontziratuko zela. Horrela hasi zuten, 1767aren hasieran, munduari bira emango zion lehen frantziar espedizioa, Louis Antoine de Bouganvillek gidatua.

Lehenengo aldiz hartu zuten naturalista bat munduari bira ematera zihoan espedizio bateko partaide: Philibert Commerçon, bi urte lehenago “erregearen mediku naturalista” izendatua. Eta laguntzaile gisa eraman zuen Jeanne Baret gaztea. Bien artean osatuko zuten ordura arte inoiz egindako bilduma naturalistarik handiena: landareak, batez ere, baina baita intsektuak, maskorrak eta abar ere.

Commerçonekin eta Baretekin batera, Pierre-Antoine Véron astronomoak eta Charles Routier de Romainville kartografoak osatu zuten espedizioko zientzialari-taldea. Pazifikoa lehenengoz zehaztasunez neurtzea lortu zuen Véronek bidaia hartan. Eguzki-eklipse bat baliatuz, Irlanda Berrian (Papua Ginea Berria) longitudea kalkulatzea lortu zuen, eta, lehenago Magallaes itsasartean ere kalkulatua zuenez, Pazifikoaren zabalera neurtu ahal izan zuen.

Rio de Janeirora iritsitakoan hasi ziren Commerçon eta Baret botanika egiten. Hantxe aurkitu zuten espedizioko aurkikuntza ezagunena: bugainbilea, espedizioko kapitainaren izena hartuta, mundu osoko lorategi eta etxeetara zabalduko zena. Han jaso zuten lagina. Commerçonen izenean jaso zen arren, oso litekeena da Baretek aurkitu izana; hanka zaurituta, nahiko ezinduta egon baitzen Commerçon.

Eta halatsu izango zen espedizio osoan. Osasunez ahul zegoen Commerçon, eta, batez ere, Bareten esku geldituko ziren bilketa-lanak. Ibili ziren Montevideon, Malvinetan, Patagonian; oihanean, mendian eta lautadan. Txundituta zeuden Bareten kemenarekin.

Aldeko haizea agertu zenean zeharkatu zuten Magallaes itsasartea, eta abiatu ziren Pazifikoan zehar. 1768ko apirilean, Tahiti topatu zuten, frantsesentzat ezezaguna. Han gertatutako pasadizo bat jasoko zuen Bougainvillek bidaiaren kontakizunean: “Baretek oinak lehorrean jarri orduko, inguratu zuten gizon tahitiarrek, ‘emakumea da!’ oihuka”.

Nonbait, zenbaitek bazuten errezeloa lehenagotik. “Bazen denbora bat zurrumurrua zebilela Baret emakumea zela”, idatzi zuen Bougainvillek. “Haren gorpuzkerak, ahots-tonuak, masail bizargabeak eta besteen aurrean inoiz arroparik ez aldatzeak eta eginkaririk ez egiteak piztu zituen susmoak”.

“Baina nork pentsatuko zuen emakumea izan zitekeenik Baret nekaezina; botanikari aditua baitzen, eta joaten baitzen ibilaldi guztietara, Magallaes itsasarteko mendi elurtu eta izoztuetan barrena, eta, ibilaldi zailetan garraiatzen baitzituen hornigaiak, armak eta herbarioak, halako kemenez eta indarrez, ezen naturalistak ‘bere zamabere’ deitzen baitzion?” 

Arg. Manu Ortega santos/CC BY-NC-ND

Tahitin gertatutakoaren ondoren, Baretek aitortu zion kapitainari emakumea zela, eta esan zion Commerçon maisua ere beste guztiak bezala engainatu zuela, gizonez jantzita. Izan ere, legez debekatuta zegoen emakumeak itsasontzietan sartzea, eta zigorrak zeuden hori baimentzen zutenentzat. Horregatik egin zuten elkar ez ezagutzearen itxura.

Baina Commerçonek ongi ezagutzen zuen. Emaztea hil zitzaionean, neskame hartu zuen. Burgundian jaioa zen, familia oso behartsu batean. Inork ez daki nola ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Litekeena da Commerçonek berak erakutsi izana. Eta harekin ikasiko zuen botanika ere. Commerçoni espedizioan parte hartzeko proposatu ziotenean, garbi zuen Baret berarekin nahi zuela. Eta plana ondu zuten.

Bougainville kapitainak, jakin zuenean, ez zion kargurik hartu hain gogor eta hain fin lan egin zuen emakume hari. Hitz onak baino ez zituen harentzat, eta gizon bat balitz bezala lanean jarraitzen utzi zion. Hala ere, Mauriziora iritsi zirenean, 1768an, han gelditu ziren Baret eta Commerçon.

Lanean jarraitu zuten. Han aurkitu zituzten, esaterako, hortentsiak, eta esploratu zituzten Reunion eta Madagaskar ere. “Zein lurralde miragarria den Madagaskar!”, idatzi zion Commerçonek Jérôme Lalande astronomoari, 1771n. “Naturalistei esan diezaieket Madagaskar dela haien lur promestua. Han, badirudi natura santutegi pribatu batera erretiratu dela, formarik bitxienak eta zoragarrienak topa daitezke, pauso bakoitzean…”

Osasun-arazoekin jarraitu zuen Commerçonek, eta 1773an hil zen, Maurizion. Utzi zituen oharren artean, landare-genero bati Baretia jartzeko asmoa azaldu zuen. Ez zen hala suertatu, ohar hura ezagutu zenerako beste izen bat baitzuen genero hark. Aitzitik, Commerçonen izena daramate 119 landare-espeziek.

Baretek taberna bat ireki zuen Maurizion, eta beste urte pare batez gelditu zen han. Gero, Parisera bueltatu zen. Munduari bira eman zion lehen emakumea izan zen, guk dakigula.

Hogeita hamar kaxatik gora zekartzan; 5.000 landare-espezie inguru, mundu osoan bilduak. Haietatik 3.000 espezie berriak ziren. Asko Parisko Historia Naturalaren Museoan daude orain.

1785ean, egindako lana aitortu zion erregeak: “Jeanne Baretek, mozorro bati esker, bira eman zion munduari, Bougainville jaunak gidatutako ontzietako batean. Commerçon mediku eta botanikariari lagundu zion, eta adore handiz partekatu zituen lanak eta arriskuak jakintsu harekin. Portaera eredugarria izan zuen, eta halaxe dio Bougainville jaunak... Berorren jaunak, adeitasunez, urtean 200 liberako pentsio bat eman dio”. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.