Hollywoodera iritsi zenean, “munduko emakume ederrena” gisara promozionatu zuten Hady Lamarr, eta filmatu eta filmatu aritu zen. Filmatzen ari ez zen tarteetan, berriz, etxeko bulegoan aritzen zen buru-belarri, paper eta maketa artean. Haririk gabeko komunikazio-sistema berri bat sortu nahi zuen. Helburu garbi bat zuen buruan: aliatuei laguntzea naziei aurre egiten. Gorroto zituen. Zoritxarrez, ongi ezagutzen zituen.
Hedy Lamarr austriarra zen, 1914ean Vienan jaioa, jatorri judutarreko familia batean. Hedwig Eva Maria Kiesler zen orduan. Eskolan berehala konturatu ziren aparteko adimena zuela. Ingeniaritza-ikasketak egiten hasi zen, baina utzi egin zituen, aktore izatea baitzuen amets.
Bosgarren filmarekin famatu egin zen, 1932an. Ekstase-k hautsak harrotu zituen, batez ere eszena batengatik: Hedwigen aurpegiaren lehen plano bat, orgasmo bat antzezten. Eskandalagarritzat hartu zen, eta leku askotan debekatu egin zuten filma.
Hedwigek 19 urte zituen, artean, eta aita saiatu zen alaba bide zuzenean sartzen. Fritz Mandlekin ezkontzera behartu zuen. Arma-fabrika baten jabea zen Mandl, Austriako gizon aberatsenetako bat, jeloskorra eta autoritarioa. Zinema egitea debekatu zion, eta guztiz kontrolatuta zeukan. Luxurik ez zitzaion falta, baina urrezko kartzela bat zen hura Hedwigentzat. Ingeniaritza-ikasketetan sakontzeko baliatu zuen garai hura.
Ekitaldi sozial guztietan haren ondoan egotera behartzen zuen senarrak, baita lan-bileretan ere. Eta asko ikasi zuen bilera haietan, puntako teknologia militarrari buruz. Senarrak etxean antolatzen zituen festa arranditsuetan Mussolini eta Hitler ezagutu zituen. Azkena, oso gizon atsegina omen zen, Hedwigek aitortuko zuenez, nahiz eta berak ezin zuen jasan. Ezin zuen jasan mundu hura guztia. Eta ihes egitea erabaki zuen.
Bitxi guztiak hartu, eta soinean zeraman arropa beste ekipaiarik gabe Parisera egin zuen ihes. Egunetan atzetik izan zituen senarraren gizonak, baina Londresera iristea lortu zuen. Han, Metro Goldwyn Mayer-eko buru Louis Mayer aktore bila zebilela jakin zuen, eta bere burua aurkeztu zion. Hark ez zion tratu onik eskaini, ordea. Gero, Hedwigek jakin zuen Mayer Estatu Batuetara itzultzera zihoala, eta itsasontzi bera hartu zuen. Estatu Batuetara iritsi zenerako, kontratu on bat adostuta zuen. Trukean, izena aldatzeko eskatu zion Mayerrek, Ekstaserekin lotu ez zezaten. Hedy Lamarr aukeratu zuten.
Bere edertasunak eta glamourrak lagunduta, Hollywoodeko izar bihurtu zen berehala. “Edozein emakumek izan dezake glamourra —esaten zuen—; nahikoa da geldirik egon eta tuntun-itxurak egitea”. Itxurak egiten iaioa zen arren, gutxi zuen tuntunetik. Eta, denbora librean, asmakuntzak egiten hasi zen. Besteak beste, semaforo hobe bat, eta etxean freskagarriak egiteko pilula bat asmatu zituen, arrakasta handirik gabe.
Bitartean, naziak indar handia hartzen ari ziren Europan. Eta zibilez betetako itsasontziak erasotzen hasi zirenean, Lamarrek erabaki zuen zerbait egin behar zuela. Asmatzaileen Kontseilu Nazionalean lan egiteko eskaini zuen bere burua, baina erantzun zioten hobe zuela bere fama eta edertasuna gerrako bonuak saltzeko erabiltzea.
Hala egin zuen, baina ez zuen etsi. Bere kontura irrati bidezko komunikazioak hobetzea erabaki zuen. Irratia komunikaziorako medio garrantzitsua izateaz gain, armak urrutitik kontrolatzeko sistemak ere garatzen ari ziren. Irrati bidezko komunikazioak arazo bat zuen, ordea: ez zen segurua. Nahiko erraza zen igorlea non zegoen detektatzea, edo interferentziak eragitea.
Lamarrek ideia bikain bat izan zuen hori konpontzeko: mezuak zati txikitan zatitu, eta zati horiek frekuentzia desberdinak txandakatuz bidaltzea. Frekuentziak txandakatzeko eredu irregular bat erabiliko zen, eta horren kodea zuenak bakarrik deszifratu ahal izango zuen mezua. Igorleak eta hartzaileak sinkronizatuta egongo ziren, eta kode horri jarraiki, aldi berean egingo zuten salto frekuentzia batetik bestera.
Igorlea eta hartzailea garatzeko ez zuen arazorik Lamarrek, baina ez zekien nola sinkronizatu biak. Orduan, zoria lagun, afari batean pelikuletarako musika idazten zuen George Antheil ezagutu zuen. Elkarrekin txundituta gelditu ziren. Ez ziren edonorekin izaten halako elkarrizketa adimentsuak.
Urte batzuk lehenago, Antheilek Parisen estreinatutako Ballet Mécanique ikuskizuna eskandalua izan zen. Orkestra berezia zen: bi piano, sinkronizatutako 16 pianola, hiru xilofono, zazpi kanpai elektriko, hiru hegazkin-helize eta sirena bat. Publikoak haserrearen haserrez, besaulkiak jaurtiz bukatu zuen. Urtebetera, New Yorken saiatu zen; baina han ere porrota izan zen. Handik aurrera soinu-bandak idazten aritzea erabaki zuen.
Baina kontua da 16 pianola sinkronizatzeko gai izan zela Antheil. Eta hori zen, hain zuzen ere, Lamarren asmakuntzak behar zuena. Gogor egin zuten lan elkarrekin, hainbat hilabetez, eta 1941eko ekainean euren “Komunikazio sekreturako sistema” patentatzeko eskaria egin zuten.
Garaiko teknologiarekin, zaila zen asmakizun hura aurrera eramatea. Baina, 1957an ingeniari estatubatuar batzuek Lamarren eta Antheilen sistema garatu zuten. Eta patentea iraungi eta hiru urtera hasi zen erabiltzen gobernua. Gaur egun ere, sistema horretan oinarritzen dira arlo militarrean nahiz zibilean erabiltzen diren haririk gabeko komunikazio asko, hala nola wifia eta bluetootha.
“Mundu guztian erabiltzen bada, zergatik ez dut gutun bat ere jaso?” zioen Lamarrek. Metro Goldwin Mayerren aritu zen bitartean, ezkutuan gorde zuten asmatzaile-alderdi hura, bere diva-irudiari kalte egin ziezaiokeelakoan. Inork ez zuen haren izena inolako asmakizunekin lotzen.
Guztira 30 pelikuletan parte hartu zuen Lamarrek. Sei aldiz ezkondu zen, eta sei aldiz banatu. “Ni baino gutxiago sentitzen diren gizonekin ezkontzeari utzi behar diot” esan zuen behin.
Azken urteak ez ziren gozoak izan. Pilula gehiegi hartzen zituen, eta kirurgia estetikoarekin itsututa, aurpegia desitxuratu zuen. Kleptomania-arazoak ere izan zituen; lapurreta txikiak egiten harrapatzen zuten. Azkenean, Miamiko etxean giltzapetu zuen bere burua.
Hil baino hiru urte lehenago, 1997an, Pioner Award saria eman zioten. Jakinarazi ziotenean, garratz erantzun zuen: “bazen garaia”.
TUSQUETS, E.; FROUCHTMANN, S. (2015): “Hedy Lamarr, la inventora que fue estrella en Hollywood”. El País.
MORRÓN, L. (2015): “Hedy Lamarr, la inventora”. Los Mundos de Brana
NPR (2011): “'Most Beautiful Woman' By Day, Inventor By Night”.