1879, Poughkeepsie, New York. “Emakumeok kimika apur bat jakin behar dugu, autodefentsa gisa”, esan zuen, irmo. Hirurehun bat emakume aurrean. “Emakumeoi dagokigu eraldaketa burutzea. Ez da lan samurra izango. Ezjakintasunarekin konformatzen bagara, ezjakintasuna izango dugu; baina, ezagutza exijitzen badugu, ezagutzaren balioaz jabetzen garelako, orduan, arrakasta izango dugu”.
Ellen Henrietta Swallowk bazekien zerbait kimikaz. Ongi zekien sukaldeko eta etxeko lanen atzean kimika asko zegoela, eta, hortik abiatuta, zientzia etxeetara eramanez, gizarte hobe baterako bidea egin zitekeela uste zuen Swallowk.
Hemeretzi urte zituen New Yorkeko iparraldean Vassar College emakumeentzako goi-hezkuntzako eskola sortu zutenean. Eta erabaki zuen, kosta ahalakosta, hara joango zela ikastera. Eskolak eman zituen, haurrak zaindu eta etxeak garbitu, nahikoa diru bildu zuen arte.
26 urterekin hasi zen Vassar Collegen zientzia-ikasketak egiten. Astronomia eta kimika gustatu zitzaizkion, bereziki; eta kimika hautatu zuen, bere ingurua hobetzeko baliagarriagoa izango zitzaiolakoan. Horixe zen Swallowren helburu nagusia: “Otoi nigatik, Annie maitea —idatzi zion lehengusina bati—, zerbaitetarako baliagarri izan nadin, bekatuzko mundu honetan”.
Kimikari gisa lana aurkitzen saiatu zenean, oztopoak baino ez zituen aurkitu. Inon ez zuten emakumerik nahi. Proposatu zioten Bostonen sortu berria zen MIT Teknologia Institutuan probatzeko. Eta MITen, zalantza handiak izan bazituzten ere, “ikasle berezi” gisa onartu zuten.
Lehen emakumea eta bakarra zen MITen. Giro hartan, pentsatu zuen onena izango zela otzana eta ahalik eta femeninoena izatea; eta ikaskideei arropak konpondu ere egiten zizkien, eskatzen ziotenean. “Uste dut aliatu indartsuak lortu ditudala erradikala ez izateagatik, betebehar femeninoei muzin egin beharrean pribilegio gisa hartzeagatik ikasgela txukuntzea edo jostea”, idatzi zien gurasoei. Ikaskideen eta irakasleen begirunea lortu zuen, eta irakaslerik eszeptikoena ere txundituta utzi zuen bere dohainekin.
1876an, MITen Emakumeen Laborategia sortzea lortu zuen. Bere poltsikotik ere jarri behar izan zuen dirua, eta musu-truk aritu zen han irakasle. Biologia, kimika eta mineralogia irakatsi zizkien 500 bat emakumeri. Inguruko dendetan saltzen ziren elikagaiak eta produktuak aztertu zituzten, eta kaoba-hautsa aurkitu zuten kanelan; azukretan, hondarra eta gatza; eta pareterako paperean, artsenikoa, besteak beste. Aurkikuntza horiek balio izan zuten 1882an Massachusettsen elikagaien lehen legea ezartzeko.
Urte hartan argitaratu zuen bere lehen liburua: The Chemistry of Cooking and Cleaning , emakumeei kimika gerturatzeko asmoz idatzi zuena. Eta bide horretatik idatziko zituen beste hainbat. Izan ere, etxeak eta familien elikadura emakumeen esku egonik, haiek zientzian heztea funtsezkoa zen, Swallowren ustez. Gainera, konturatu zen ezen, zientzia eta teknologia industria iraultzen ari baziren ere, etxeetara ez zirela ia iristen ari: “Gure sukaldeak izugarri kaskarrak dira, gure etxe askoren aireztapena eta saneamendua ezin dira okerragoak izan. Zergatik ez diete gure etxeek gure tailer mekanikoen erritmoari jarraitzen?”.
Bere etxean bertan egin zituen hamaika esperimentu eta neurketa. Ikatza eta olioa erretzeari utzi, eta gasa jarri zuen; neurtu zuen zenbat gas behar zen plater jakinak prestatzeko; haizagailuak jarri zituen, airearen kalitatea hobetzeko; uraren kalitatea neurtu zuen, eta ur zikinen saneamendua hobetu; eta abar. Lagunen batek etxe berri bat hartzen zuenean, Swallowren inaugurazio-oparia ur-analisi bat izaten omen zen.
Uren analisian lan asko egin zuen, eskala handiagoan ere bai. Massachusettseko Osasun Batzordearentzat, herritarren % 80ren ur-hornidura aztertu zuen; 40.000 lagin. Kloroaren mapak osatu zituen, poluzioa iragartzeko balio zutenak. Eta ikusi zuen leku askotan ura poluituta zegoela industria-hondakinekin eta hiriko ur zikinekin. Lan haren ondorioz, Amerikan lehenengoz, uraren kalitate-estandarrak ezarri zituzten; eta ur zikinak tratatzeko araztegi bat eraiki zuten.
1892an, diziplina berri bat proposatu zuen “bizitza normalen zientzia” gisa: ekologia. Lehenengo aldia zen Amerikan hitz hori erabiltzen zena. Ernst Haeckel alemaniarrak sortu zuen, hamarkada pare bat lehenago, bizidunen eta haien ingurunearen arteko erlazioak biltzeko; baina ez zuen arrakastarik izan. Swallowk hitza berreskuratu, eta oso bestelako ikuspuntu bat eman nahi izan zion. Gizakietan eta gizakiek sortutako ingurune-kondizioetan jarri zuen fokua, eta kondizio horiek nola eragiten zuten osasunean eta bizitzan. Haeckeli idatzi zion, hitza horrela erabiltzeko baimen eske. Hark baietz erantzun zion. Baina, oso denbora gutxira, British Medical Journalek aldarrikatu zuen hitz hori erabiltzea “animalien eta landareen bizitzak kondizio naturaletan ikertzeko”.
Swallowrentzat, arriskutsua zen gizakia ekologiaren barruan ez sartzea, eta kaltegarria, bai gizakien osasunerako eta bai ingurumenerako ere. “Gainerako guztian aurreratu du —idatzi zuen gizateriaz—, baina, naturarekin eta naturaren indarrekin dituen harreman pertsonal intimoetan, landako piztien jabea balitz bezala jokatzen du, eta naturaren lege guztien jabe balitz bezala, haiek ulertu gabe”.
Gizarte hobe baten alde lanean jarraitu zuen Swallowk, gero eta ikuspegi sozialagoarekin. Estatubatuarren dieta hobetzeko nutrizio-eskuorriak sortu zituen, eskoletarako lehen elikadura-programak egin zituen, eta sukalde esperimentalak jarri zituen martxan, beharra zuen jendeari jaki ahalik eta merkeenak baina elikagarrienak emateko.
Garai bateko jarrera otzanak ahaztuta, gogor kritikatu zuen Bostongo eskola publikoen egoera, Amerikako Osasun Publikoaren Elkartearen 1896ko bilkuran. 186 eskola aztertuta, ikusi zuten 13k bakarrik zutela aireztapen egokia, 77tan lurra ez zen inoiz garbitu, komunak ere ez ziren garbitzen, estolderiak estali gabe zeuden, eta abar. 5.000 gaixotasun-kasu eta 200 heriotza zuzenean lotu zituen eskolen egoera txarrarekin.
Bere bizitzarako FEAST legea ezarri zuen: food, exercice, amusement, sleep and task; alegia, janaria, ariketa fisikoa, dibertsioa, loa eta lana. Egunero 5:30etan jaiki, eta 3 km-ko ibilaldia egiten zuen, senarrarekin batera, zegoen eguraldia zegoela. “Giza energia da daukagun gauzarik preziatuena”, idatzi zuen. “Elikagai egokiak hartzeak, ariketa fisikoa egiteak, dibertitzeak eta lo egiteak optimizatuko luke”.
68 urterekin hil zen, bihotzeko gaixotasun batekin. Ongi baino hobeto beteta utzi zuen “zerbaitetarako baliagarri” izateko bere betiko nahia. Zerbaitetarako bakarrik ez, askotarako eta askorentzat izan zen baliagarri Ellen Henrietta Swallow.
Elhuyarrek garatutako teknologia