Berenice Abbott, zientziaren argazkilaria

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

berenice-abbott-zientziaren-argazkilaria
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Hirurogei urte betetzear zituen, lan-elkarrizketa batera MIT entzutetsura joan zenean. Eskarmentu handiko emakumea zen, eta ideiak garbi zituen. Honela esan zien elkarrizketatzaileei: “Zuek, zientzialariok, munduko argazkilaririk txarrenak zarete, eta argazkilaririk onenak behar dituzue; ni nauzue hori”.

Gerra hotzaren garaia zen, 1958. urtea. Sputnik, lehen satelite artifiziala, aurreko urtean jaurti zuten sobietarrek, eta estatubatuarrak konturatuta zeuden zientzia sustatzeko beharra zutela. Besteak beste, ikasleen artean zientziarekiko interesa piztu nahi zuten, eta zientzia-gaiak beste modu batera irakasten hasi. Horretarako, material didaktiko berria sortu beharra zegoela erabaki zuten. Hor aurkitu zuen Berenice Abbott argazkilariak aspaldian amesten zuen aukera.

Ohion jaio zen Abbott, 1898an. Kazetaritza ikasteko asmoa zuen, baina, azkenean, eskulturgintza ikasi zuen New Yorken. Ikasketak ordaintzeko artistentzako modelo-lanetan aritu zen. Besteak beste Man Rayrentzat posatu zuen.

1921ean Parisera joan zen. Zoragarria iruditu zitzaion, batez ere, itxaropen-giroa zegoelako airean. Eta han Man Rayrekin egin zuen topo, hura ere Parisera joana, garai hartako artista asko bezala. Laguntzaile bat behar zuela eta, Abbottek bere burua eskaini zion, eta hark erantzun: “Ez nuen buruan emakume bat”. Hala ere hartu egin zuen. Abbottek gogor egin zuen lan, eta azkar ikasi zuen. Hiru urteren buruan, Rayk kamera bat oparitu eta argazkiak egitera animatu zuen.

Artisten eta intelektualen erretratuak egiten hasi zen. 1929an, New Yorkera bueltatu eta hiria erretratatzeari ekin zion, behar hori sentitu zuelako. Munduko hiri biziena iruditzen zitzaion, pasioz gustatzen zitzaion, eta horixe eskatzen zien bere argazkiei: pasioz erakar zezatela, eta bisualki esanguratsuak izan zitezela. Changing New York lana izan zen emaitza.

Argazkilari ausarta zen Abbott, edonora joateko prest. Bowery auzora joan zen batean, gizon batek esan zion: “Neska zintzoak ez dira auzo honetara etortzen”; eta Abbottek erantzun: “Ni ez naiz neska zintzoa. Argazkilaria naiz, eta edonora noa”.

New York erretratatzen bukatu zuenean, zientziaren munduan sartu behar zuela pentsatu zuen. 1939an Argazkigintza eta Zientzia izeneko manifestua idatzi zuen. “Zientziaz egindako mundu batean bizi gara”, zioen manifestuan. “Beharrezkoa da zientziaren eta herritarren arteko interprete lagunkoi bat. Nik uste dut argazkilaritza izan daitekeela bozeramaile hori”.

Zientzia demokratizatu nahi zuen Abbottek, herritarrena iritsarazi, eta sinetsita zegoen horretarako tresna ezin hobea zela argazkilaritza. Hasi zen pixkanaka hainbat proba egiten. Nekazaritzaren inguruko argazkiak atera zituen, biologiakoak, teknologiakoak. Eta argazkilaritza-teknika eta tresna berriak asmatzen eta patentatzen ere hasi zen; azpimarragarriena, supersight kamera. Kamera horrekin irudia pelikulan handiago proiektatzea lortu zuen, eta, hala, pikorrik gabeko handipenak lortu zituen.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

1944an Science Illustrated aldizkariko argazki-editore hasi zen lanean. Aldizkari hartan argitaratu zuen supersight kamerarekin ateratako lehenengoetako irudi bat: xaboi-ponpak. Argazkiak xaboi-ponpen egitura erakusten zuen. Arropa garbitzeko xaboiak nola funtzionatzen duen azaltzen zuen artikulu baterako zen argazkia. Seguruenik, horrelako gaiekin publiko zabalago batengana iristeko intentzioa zuten.

Hasieran kostatu zitzaion, baina ari zen zientzia-argazkilaritzan bidea egiten. Eta gailurrera iritsi zen, MITeko zientzialariekin lan egiteko aukera izan zuenean. Han, besteak beste, Fisika libururako argazkiak atera zituen. Fisikako kontzeptu abstraktuak ikusgai bihurtuko zituen Abbottek, ordura arte inoiz ikusi ez bezala. Berak diseinatzen zituen argazkiak, eta horretarako, ongi ulertu behar zituen zientzia-kontzeptuak. Argia eta ilunarekin jokatzen zuen, argi estreboskopikoa erabiltzen zuen, eta teknikarik aproposenak.

“Ideia zen zientzia interpretatzea modu sentikorrean, proportzio on batekin, balantze eta argi onarekin, ulertu ahal izateko”, azaltzen zuen berak. “Gure munduari buruzko jakintza hedatzeko baliabide bat da, nire ustez, argazkilaritza; agian, garai hauetan daukagun baliabiderik onena. Argazkilaritza heziketarako metodo bat da, adin eta era guztietako jendeari egungo bizitzari buruzko egia iritsarazteko”.

Asko gozatu zuen garai hura Abbottek. Oso gogoko zuen argazki haiek eskatzen zuten talde-lana. Nahiz eta denak ez zituen lagun izan. Gizonen mundu hartan, askok ez zuten begi onez ikusten artista batek zientzian muturra sartzea, are gutxiago emakume batek. Behin argazkiak aterata, Abbottek ez zuen inolako erabakimenik haiekiko; eta, behin liburua argitaratuta, proiektutik kanpo utzi zuten, 1960an.

Liburuak sekulako arrakasta izan zuen. Argitaratu eta hurrengo urterako milioi bat kopia saldu ziren mundu guztian, 17 hizkuntzatara itzulita. Abbotten irudi ikusgarri eta argigarri haiek ziren arrakastaren gakoa. Eta, gerora ere, Abotten zientzia-irudiek beren bidea egiten jarraitu zuten, beste hainbat liburutan eta erakusketatan.

Abbottek lanean jarraitu zuen. Izan ere, bere lana zen bere lehentasuna. Ezkontzaren aurka zegoen, ezkontzean emakumeek beren interesak alboratzen zituztelako. “Ez nau inoiz kezkatu zahartzeak —zioen—. Zahartzea naturala da, berezkoa. Ez dut ulertzen zergatik emakumeak horrekin kezkatuta bizi diren. Ez dut ulertzen zergatik presionatzen dituen gizarteak. Ez dago ezer eleganteagorik emakume zahar bat baino. Hainbeste bizi izan du… besteek ez duten zerbait du”.

Eta izan zuen elegante izateko aukera, 93 urte izatera iritsi baitzen. “Mende honekin hain txundituta nago, ezen horrek bizirik eusten bainau”, esan zuen behin. “Hor jarraituko dut azken minutura arte, borrokan”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila