Aingiren sekretuak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

aingiren-sekretuak
Arg. Manu Ortega

"Inork ez du inoiz aurkitu aingira ar heldu bat, inork ez ditu oraindik aingiraren testikuluak ikusi, mendeetan zehar saiakera kontaezinak egin diren arren", idatzi zuen Sigmund Freudek 1877an, 21 urterekin, argitaratu zuen lehen artikulu zientifikoaren sarreran.

Bi urte lehenago, 1875eko udan, astebete pasatu zuen Vienako Unibertsitateko zoologiako laborategian. Carl Claus zen laborategi hartako zuzendaria, anatomialari entzutetsua eta Darwinen ideien hedatzaile nagusietako bat. Zoologia Departamentua modernizatzeko iritsi zen Claus Vienako Unibertsitatera, eta, besteak beste, Triesten (garai hartan Austria-Hungariako Inperioan) itsas biologiako estazio bat jartzeko dirua lortu zuen. Ekimen haren barruan beka batzuk zeuden, ikasle onenek ikerketa-lanak egin zitzaten. Clausen lehenengo aukera izan zen Freud.

1876ko martxoan iritsi zen Triestera. Ordurako bazekien zein zen bere proiektua: sekula ikusi gabeko aingiren testikuluak aurkitzea. Freudek orduak eta orduak eman zituen aingiren muki eta kirats artean, disekzioak egiten, eta laginak mikroskopioz aztertzen. Ehunka aingira disekzionatu zituen. "Aingirek egunerokorik idazten ez dutenez --idatzi zion lagun bati--generoa jakiteko modu bakarra da ireki eta laginak hartzea. Baina, alferrik, ireki ditudan aingira guztiak emeak dira". Bai, alferrik izan ziren Freuden ahalegin guztiak. Ez zuen aingiren testikulurik aurkitu. Freuden karrera frustrazio batekin hasi zen.

Freudek bere artikuluko sarreran zioen moduan, aspaldikoa zen aingiren sexuaren misterioa. Oso-oso aspaldikoa. Aristotelesi ere harrigarria egin zitzaion sekula ez arrautzik ez espermarik aurkitu izana aingiretan. Halaxe kontatzen du Historia animalium liburuan: "Sekula ez da harrapatu likido seminalik edo arrautzik duen aingirarik, eta, erditik irekita, barruan ez dute ez hodi seminalik ezta uterinorik ere. Odol-animalia guztietatik, hau da espezie bakarra ez dena sortzen ez ugalketatik ez eta arrautzetatik ere. Hori argi dago; izan ere, paduretako urmael batzuetan, erabat hustu eta lohiak atera ondoren ere, berriz ateratzen dira euria egindakoan... "lurraren erraiak" deritzenetatik jaiotzen dira, lohitan berezko sorkuntzaz osatzen diren animaliatxoak...".

Gauza batean asmatu zuen Aristotelesek: konturatu zen angulak aingira gazteak zirela, eta behatu zuen itsasoan ere agertzen zirela angula horiek. Baina gainerakoan oker zebilela frogatzeko mende asko beharko ziren.

XVII. mendearen erdialdean Redi italiarrak, aingira helduak itsasorantz joaten zirela eta gazteak, berriz, errekan gora igotzen zirela behatuta, proposatu zuen aingiren ugalketa itsasoan gertatzen zela.

Freuden garaian ez zekiten hori baino askoz gehiago aingiren bizi-zikloari buruz. Eta Freudek ere ezin izan zuen egin ekarpen handirik. Baina handik hamarkada batera beste pista bat etorriko zen, Yves Delage zoologo frantsesaren eskutik.

Delage beste arrain bitxi batzuei begira zegoen. Itsasoan harrapatutako Leptocephalus brevirostris ale batzuk zituen akuario batean. Zortzi bat zentimetro zituzten, hosto-itxura, eta gorputza erabat gardena; uretan alde batetik bestera zebiltzan begi-pareak baino ez ziren ikusten ia. Baina, hainbat egunen buruan itxura aldatuz joan zitzaien, eta... angula bihurtu ziren! Arrain bitxi haiek aingiren larbak ziren!

Ongi ikasia zuen hori Johannes Schmidt biologo gazte danimarkarrak, 1904ko udaberrian, Feroe uharteetatik mendebaldera halako bat aurkitu zuenean. Baina harrituta gelditu zen: posible ote zen, Danimarkako erreketan bizi ziren aingirak, esaterako, hain urrun, Atlantikoaren erdian, jaiotzea?

Urtebete lehenago Carlsberg garagardo-fabrikaren jabearen alabarekin ezkondu zen Schmidt, eta, hain zuzen ere, garagardo-fabrikak finantzatutako espedizio ozeanografikoetan parte hartzen ari zen. 1904tik aurrera, beste hainbat espedizio egingo zituen Schmidtek, aingira-larben atzetik. Eta ikusi zuen zenbat eta gehiago barneratu Atlantikoan, orduan eta txikiagoak zirela harrapatzen zituzten larbak. Azkenean, 18 urteren buruan, Sargazoen itsasoan bukatu zuen. Hantxe harrapatu zituen inoiz ikusi ziren aingira-larbarik txikienak.

Horrenbestez, ondorioztatu zuen aingirek inguru hartan erruten zutela. Hala ere, ezin izan zuen behatu ez aingiren ugalketa, ezta errutea ere. Oraindik ez du inork behatu.

"Arrain-espezieen artean ez da beste kasurik ezagutzen, non planetaren zirkunferentzia-laurden bat behar den bizi-zikloa betetzeko", idatzi zuen Schmidtek 1923an. Ia 20 urtean bildutako datuekin ondorioztatu zuen Schmidtek Sargazoen Itsasoko 10 mm-ko larbek Golkoko itsaslasterrean zeharkatzen dutela Atlantikoa, eta ia hiru urte geroago iristen direla Europako kostetara, 75-90 mm-rekin, angula bihurtu, eta erreketan gora egiteko. Eta, era berean, aingira helduek 5.000 km-tik gorako bidaia hori egiten dutela, berriz Sargazoen itsasora ugaltzera bueltatzeko.

Gerora jakin da aldaketa nabarmenak izaten dituela aingiraren gorputzak bidaia hori egiteko. Esaterako, begiak handitu egiten zaizkie, eta gorputzaren alboek zilar-kolorea hartzen dute (itsasoan kamuflatzeko askoz egokiagoa). Gainera, itsasoan sartu orduko erabat atrofiatzen zaie digestio-aparatua, eta, ondorioz, ezin dira elikatu bidaia osoan. Bestalde, bidaian zehar garatzen dira sexu-organoak. Ez da harritzekoa, beraz, Freudek, aingiren testikuluak topatu ez izana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila