Maite haugu, zorion

Aristegi Urkia, Igor

Ikertzailea

EHU

Gaixotasunak sendatzen eta erosoago bizitzen laguntzen digu zientziak. Baina, hori gutxi balitz, azken hamarkadetan ikergai berezia izan dute zientzialariek: zoriona. Izan ere, herrialde garatuetan izurriterik bortitzena ez da gripearena; aitzitik, tristura da aberatsen birus mingarria, desesperantza, asperra. Gaur egun, bizitzari zentzua emateko, atsegin betez jarduteko gure eginkizunetan, mantal zuriko gizon-emakumeei eskatu behar dizkiegu argibideak, zenbait aurkikuntza garrantzitsu egin baitituzte gure ongizatea bermatze aldera. Hemen, artikulu honetan, bi ikerketa-eremu izango ditugu hizpide; Farmakologian eta Psikologian izandako ekarpenak aztertuko ditugu.
Maite haugu, zorion
2006/04/01 | Aristegi Urkia, Igor | Ikertzailea (EHU)

Zorionaren farmakoak

(Argazkia: Artxibokoa)
Aldous Huxley-k gizarte zoriontsua deskribatu zuen Brave New World (1932) liburuan. Zientziak etorkizunean ekar zitzakeen aldaketak iragarri zituen fikzioaren bidez. Hark marraztutako utopian, garapen zientifiko eta teknikoari esker, gizakiak sasoi betean bizi dira, gerrarik eta pobreziarik gabe. Tristura saihesteko ere aurkitu dute modua: asperraldia agertu orduko, soma deituriko droga kontsumitzen dute, kokaina eta morfinarekin egindako nahastea.

Huxleyk, literaturaren asmakizun zehatzekin, geroko psikofarmakoen erabilera aurresan zuen; 1950eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen. Izan ere, zorionik eza ikergai garrantzitsua izan da zientzialarientzat, eta, gaur egun, herrialde industrializatuetan, farmako-laborategiek makina bat printzipio aktibo merkaturatzen dituzte gure buruhausteak konpontze aldera. Farmazian galdetuz gero, aspertu arteko izen-zerrenda emango digute: fluoxetina, paroxetina, klomipramina, tradozonea, desipramina, eszitaloprama, etab. Izen komertzialak, beste hainbeste: Prozac, Seroxat, Anafranil, Trazolan, Norpramine, Meridian eta gehiago.

Farmako horiei guztiei, somaren antzera, zorionaren farmako deitu ohi zaie; edo, hobeto esanda, antidepresibo. Izenak adierazten duen bezala, medikamentuok depresioa tratatzeko erabiltzen dira. Zerebroaren nahaste biokimikoak eraginda, depresioa jasaten dutenek sintoma hauek izaten dituzte: eguneroko eginkizunei aurre egiteko ezintasuna, insomnioa zein hipersomnia (logura gehiago), apetituaren gorabeherak, urduritasuna, sexu-grinaren galera, plazerik eza, eta kontzentratzeko zailtasuna. DSM IV-an (gaixotasun mentalen eskuliburu kanonikoa) ipintzen duenaren arabera, depresioa gogo-aldartearen asaldura da. Gaixotasun mentala, alegia. Medikamentuok, beraz, gainerako medikamentuak bezala, medikuak errezetatu behar dizkio gaixoari diagnostikoa egin ondoren. Hala ere, ez da beti horrela gertatzen.

Huxley-ren Brave New World liburuan bezala, zorionik eza botiken bidez sendatu nahi dugu guk ere.
artxibokoak

Neurrian hartu behar

Gauza asko desio ditzake gizakiak sutsuki, aberastasuna eta ospea, boterea eta arrakasta, baita adiskidearen emaztea ere; baina, oroz gain, gizakiak zoriontsu nahi du izan. Zorionaren bideak ezin asmatuzkoak dira ordea, eta, ahaleginak eginda ere, malkartsuak gertatzen dira batzuetan eguneroko oztopoak. Hori dela eta, gaixorik egon gabe, jende askok alaixeago sentitzeko hartzen ditu antidepresiboak, aldikako frustrazio eta tristurak horrela konponduko dituelakoan.

Ezin botako diegu horren errua laborategiei soilik, baina automedikazioaren zergatia izan liteke, publizitatearen eraginez, albo-ondorioei jaramon gutxi egin izana. Duela 30 urte, antidepresiboen merkatua irauli zuen medikamentua sortu zuten, efikazia apartekoa bai, eta kalterik gabea saltzaileen esanean. Medikamentu hark laster batean konkistatu zituen gaixoen eta hipokondriakoen bihotz eta buruak. Haren izena: Prozac. Fluoxetina klorhidratoa da printzipio aktiboa, eta serotonina birjasotzearen inhibitzaile selektiboa da. Zerebroko serotonina maila igotzen du, eta horrek nolabaiteko gogobetetasuna ematen dio kontsumitzaileari.

Lehenengo Belgikan merkaturatu zuten produktua 1987an, bi urte geroago Estatu Batuetan agertu zen, eta, ondoren, mundu guztira hedatu zuten asmatzaileek aurkikuntza berria. Hamarkada hauetan hainbestekoa izan da arrakasta, ezen Prozacen eragina ez baita mugatu osasun-gaietara. Gure garaiko ikono bihurtu da, eta, horrenbestez, kulturgileen artean aparteko sona izan du; han-hemen etengabe aipatu dute haren izena narratzaileek, kantariek, poetek.

Jende askok alaixeago sentitzeko hartzen ditu antidepresiboak, aldizkako frustrazio eta tristurak horrela konponduko dituelakoan.
artxibokoa

Urteak joan urteak etorri, Prozacen bertuteak efikazia eta kalterik eza izan dira, adituen iritziz. Albo-ondoriorik arruntenak hauexek dira: ezohiko ametsak, eiakulazioa eta ikusmena, sexu-grina gutxitzea, zorabioa, antsietatea, aho lehorra, gripearen sintomak, haizeak, buruko mina, inpotentzia, insomnioa, azkura, goserik eza, tripako mina, goragalea, urduritasuna, negalak, sinusitisa, logura, eztarriko mina, izerdia, dardara, ahultasuna, aharrausiak. Eta, hala ere, ondorio horiek zinez kaltegarriak ez diren arren, Prozacen inguruan polemika ugari izan dira.

Duela hamar urte, medikamentu hura kontsumitzen zuen gizon batek bere buruaz beste egin zuen. Egia esan, ez da gertakizun harrigarria depresioa zuela jakinda; larria da, ordea, hori egin aurretik, 8 pertsona hil eta 12 zauritu zituela. Eli Lilly laborategia epaitu egin zuten kasu harengatik, eta, prozesu nahasi samar baten ondoren, epaileek ebatzi zuten laborategiak ez zuela erantzukizun penalik. Harrezkero, tarteka egin dira ikerketak antidepresiboek, oro har, joera suizidak eta oldarkorrak areagotzen dituztenetz argitzeko, eta, esanak esan, adituak ez dira ados jartzen. Hartzaile sentikorrenak gazteak direnez, psikiatrek badaezpada ohartarazten diete aita-amei haur eta nerabeengan ezohiko jokaerak sor ditzakeela antidepresiboak.

Hala bada, farmakoei buruzko susmook ezagututa, zergatik kontsumitu antidepresiboak benetako beharrik gabe? Gainera, pilulen efektua ez da nabaritzen aste batzuetako kontsumoa egin arte. Huxleyren somak ez bezala, gaurko antidepresiboek desabantaila nabarmenak dituzte, eta ez da komeni haiek erabiltzea premia larririk ezean.

Psikologia Positiboa

Ahaleginak eginda ere, malkartsuak gertatzen dira batzuetan eguneroko oztopoak.
artxibokoa

Batzuetan ematen du zientziak egin ditzakeen ekarpenak aparailuak direla, edota, bestela, osasunari dagokionez, botikak. Baina ikerketa-alor batzuek, produktu materialik sortu gabe, hobekuntza mesedegarriak eskaintzen dizkigute gure ongizatea areagotzeko. Giza eta Gizarte Zientziak dira, bereziki, lan-arlo horiek. Esaterako, Psikologiak, medikamentuekin jarduten ez badu ere, aurrerapen zientifiko itzelak erdietsi ditu, eta gizakion gogamena ulertzen eta sendatzen laguntzen digu. Gainera, buruko arazo edo ahultasun batzuek ez dute behar psikiatraren Prozacik. Beldurra, lotsa, tristura, malenkonia, desamodioa, nork ez ditu jasaten noiz edo noiz halako keriak? Bada, sentimendu normalei aurre egiteko badaude medikazioa baino baliabide egokiagoak, albo-ondoriorik gabeak; horietako bat, aski aproposa, Psikologiaren gaur-gaurko ikerketetan oinarritua: Psikologia Positiboa.

Martin E.P. Seligman doktoreari zor zaio Psikologia Positiboa, osasun mentala ulertzeko modu berria. Pertsonen gaitzak azpimarratu beharrean, aspektu osasungarriak hartzen ditu aintzat diziplina honek: emozio positiboak ikertzen ditu, izaeraren ezaugarri onuragarriak. Psikologia tradizionalak pertsonen eskasiak eta hutsuneak konpondu nahi izaten dituenez, gehiago arduratzen da ahultasunak ezagutzeaz (antsietatea, depresioa, estresa, etab.), horiek baitira psikologoen aztergaiak DSM-IV-aren arabera. Psikologia berriak, gaitzak gainditzeko baino gehiago, bizipoza erdiesteko bideak proposatu nahi ditu. Nola ikasi, gozatu, eskuzabal izan, baikor bizi... hori bilatzen du Seligman doktorearen joera berriak.

Sanoentzako terapia

Aditu honen aburuz, gizakiok nahi dugun bakarra ez da sufritzeari uztea. Areago, bizitza atsegintsua eta bizitza zentzuduna desio ditugu. Eta, sarritan hala uste badugu ere, ongizaterik handiena ematen diguna ez da plazer fisikoa, baizik eta gure gaitasunak martxan jarriz eginkizun aberasgarrien fluxua sentitzea. Hori da, hain zuzen, Seligmanek ikusarazi nahi duena. Haren hitzetan, Psikologia Positiboa bizitzako gauzarik onenak eskuratzen lagun dakigukeen zientzia da. Pertsona sanoentzako terapia. Metaforikoki esanda, ez baita nahikoa minus bosteko egoeratik zerora igotzea, zerotik bostera igotzea da helburua.

Pertsona zoriontsuenen gorabeherak aztertu ditu Seligman doktoreak, eta jakin nahi izan du gustura eta alai bizi direnei zerk egiten dien hain zorioneko.
artxibokoak

Askotan entzun izan dugu, bereziki ikerketa genetikoen gorakadaz geroztik, gure nortasuna jaiotzetikoa dela gehienbat, eta aldatu ezinezko aiurriak egiten gaituela zoritsu edo goibel. Seligman doktoreak, ordea, ukatu egiten du muturreko tesi hori eta Authentic Happiness (2002) liburuan esaten du jarrera baikorra ikasi egin daitekeela hein handi batean.

Horretarako, pertsona zoriontsuenen gorabeherak aztertu ditu doktoreak, eta jakin nahi izan du gustura eta alai bizi direnei zerk egiten dien hain zorioneko: zer nolako balioak dituzten, nola bizi diren egunerokoan, zer ohitura dituzten, etab. Aurrez pentsa liteke banako horiek erabat diferenteak izango direla beren artean; izan ere, bakoitzak bere bideak ditu zoriontsu izateko, nork bere arrazoitxoak bilatzen ditu bizitzari zentzua emateko. Bada, antza denez, errealitatea bestelakoa da. Gizaki zoriontsuak oso antzekoak dira beren artean.

Ikerketaren emaitzen arabera, erlatibitate morala ez da defendagarria. Banakoez gain, kultura gehienek ere iritzi bera dute zaindu beharreko bertuteei buruz, bai eta ohitura komenigarriei buruz ere. Gainera, hala dio Seligmanek, ikerketak erakutsi du benetan zoriona

ekartzen duela haiek praktikan jartzeak. Baina, zein dira bertute horiek? Sei hauexek: jakinduria, adorea, gizatasuna, justizia, neurritasuna eta transzendentzia.

Farmakoek asko laguntzen dute depresioaren ilunpeak argitzen; beste kasu batzuetan, ordea, aukera aproposa da Psikologia Positiboa.
D.H. Davis

Bertuteon eraginetan sakontzeko, milioika dolar inbertitu ditu Seligmanek eta 50 ikerketa-talde sortu ditu munduan zehar; 150 ikertzaile guztira. Bestalde, lau zentro ireki ditu Psikologia Positiboan diharduten psikologo klinikoekin. Xabier Letek kanta batean esaten du zoriona poetek asmatutako hitz soila dela, zorionik ezin baitzuten asmatu. Poetek asma dezaketenaz ez gara hemen arituko, baina esan genezake zientzialariak saiatu behintzat saiatzen direla zoriona eskuragarri bilakatzen. Batetik, farmakoak eskaintzen dizkigute, Prozac esaterako, asko laguntzen dutenak depresioaren ilunpeak argitzen. Bestetik, normal samar daudenentzat, automedikazioaren okerbidean gal ez daitezen, Psikologia Positiboa aukera aproposa da. Ikerketa zientifikoak ematen dizkigun fruituok ezagututa, ezin esango dugu, Letek bezala, "zorion beti besterena".

Serotonina
Serotonina neurotransmisorea da, loan, apetituan, agresibitatean eta umorean eragina duena. Neurotransmisoreak substantzia kimikoak dira, eta haien eginkizuna da nerbio-zelulen artean mezuak garraiatzea. Zelula batek jariatzen ditu eta beste zelula baten gainazaleko proteinak jasotzen. Mezua bidalita dagoenean, neurotransmisorea desegin egiten da edo hasierako zelulak berreskuratzen du bestela. Prozesu horri birjasotzea deritzo. Birjasotzea eragozten denean, neurotransmisorearen efektua handiagotu egiten da. Kasu honetan, serotonina areagotzeak zerebroaren jarduera biokimikoan eragin eta atsegin-sentsazioa sorrarazten du.
Fluxua
Mihaly Csikszentmihalyi psikologoarentzat fluxua da eginkizun batean gorputz eta arima, gure energia guztiarekin, jarduten dugunean sentitzen dugun betetasuna. Hauek dira fluxua sentiarazten duten eginkizunaren ezaugarriak:
· jarduera ez da ez zailegia, ez errazegia.
· arauak ulergarriak dira.
· helburuak argi daude.
Musika atsegin duenak musika jotzen duenean senti dezake fluxua.
(Argazkia: artxibokoa)
· eginkizunean kontzentratzeko gai gara.
· eginkizuna kontrolpean dugu.
· denboraren esperientzia subjektiboa aldatu egin zaigu.
· kezka eta buruhausteak desagertu zaizkigu.
BIBLIOGRAFIA
American Psychiatric Association.
Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders
(DSM-IV-TR), APA, Washington (2000).
Barondes, S.
Better Than Prozac: Creating the Next Generation of Psychiatric Drugs,
Oxford University Press, Oxford (2003).
Huxley, A.
Brave New World (1932).
(Euskaraz: Bai mundu berria, itz. Xabier Amuriza, Elkarlanean, Donostia, 2002).
Seligman, M.
Authentic Happiness,
Free Press, New York (2002).
Aristegi Urkia, Igor
3
219
2006
4
037
CAF-Elhuyar sariak; Medikuntza; Giza zientziak; Farmakologia
Dosierra
27
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila