2009/06/01
254. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
IPCC, datuetatik txostenetara
Klima-aldaketa eta IPCC elkarrekin entzuten eta irakurtzen ditugu askotan. Baina zer da IPCC? Nola egiten dute lan? Zenbat jendek hartzen du parte? Nola koordinatzen dira? IPCCrekin harreman zuzena duen Roxana Bojariu Bukaresteko fisikariak azaldu digu guztia.
IPCC, datuetatik txostenetara
2009/06/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Paul Cowan/123RF)
Arduradun politikoek klima-aldaketaren zergatien, ingurumenean sor ditzakeen ondorioen nahiz ondorio sozioekonomikoen eta erantzun posibleen informazio-iturri objektiboa behar dute. Behar horri erantzuteko sortu zuten IPCC-Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea Munduko Meteorologia Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak, 1988an.
Roxana Bojariu fisikariaren esanean, "zientzialariak gizakion jardueraren eraginez klima-aldaketa areagotzen ari zela konturatu zirenean sortu zen, hain zuzen ere, IPCC erakundea. Nire ustez, gizarteko giroa edo "klima" aldatzearekin bat sortu zen erakundea. Izan ere, Gerra Hotzaren amaierak nazioarteko lankidetza sendotu zuen, eta zientzialariek horri etekina atera zioten, datuak, ideiak eta ezagutza trukatuz".
Ez zen garaia izan faktore bakarra. Klima-aldaketan adituak diren zientzialarien eta nazioarteko politika-arduradunen arteko komunikazio-bideak irekitzeko ahaleginak egin dituzten norbanakoen lana ere hartu behar da kontuan. "Bert Bolin Suediako irakaslea izan zen, esaterako, klimari buruzko ikerketan aitzindarietako bat --dio Bojariuk--. Izan ere, Bolin irakaslea 1950erako ari zen naturako karbonoaren zirkulazioa ikertzen. Hura izan zen IPCC erakundearen lehenengo lehendakaria, eta baita sortzaileetako bat ere".
Informazio-iturri nagusia
Roxana Bojariu (1962, Bukarest). Fisikan doktorea da, Bukaresteko meteorologia-administrazioan egiten du lan, eta IPCCrekin harreman zuzena du.
Klima-aldaketa geldiarazteko neurriak beharrezkoak zirelako ustetik eta aurreikusten ziren ondorioetatik hasi zen lanean IPCC erakundea. Klimaren bilakaerari buruzko ikerketak gainbegiratzen dituzten mundu osoko zientzialariek osatzen dute. Zientzialari horien zeregina da arduradun politikoei aholkuak ematea, eta, horretarako, txostenak argitaratzen dituzte aldian behin.
Duela 21 urte sortu zen IPCC, eta ordutik helburu garbia du: klima-aldaketari buruzko informazio zientifiko, tekniko eta sozioekonomiko aproposena era objektibo, ireki eta argian ematea. Horretarako, ebaluazio-txostenak, txosten bereziak, metodologia-gidak eta dokumentu teknikoak argitaratzen ditu.
Ohiko hiru lantalde eta lantalde berezi bat ditu --berotegi-gasen inbentarioa egiten du azken horrek--. Lehenengo lantaldeak klima-aldaketaren alderdi zientifikoak edo oinarri fisikoak aztertzen ditu. Bigarren lantaldeak, berriz, klima-aldaketaren ondorio negatiboak nahiz positiboak, eta horietara egokitzeko bideak aztertzen ditu. Azkenik, hirugarren lantaldeak berotegi-gasen emisioak mugatzeko aukerak eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko bestelako moduak lantzen ditu.
Horretarako, mundu osoko ehunka aditurekin elkarlanean aritzen da IPCC. Gobernuak aditu horiek proposatzen ditu, eta IPCCk, txostenak lantzeko, kapitulu bakoitzeko egileak eta egile nagusiak hautatzen ditu, haien esperientziaren eta argitaratutako artikulu-kopuruaren arabera, besteak beste. Hainbat herrialdetako adituak hautatzen dituzte, mundu mailako ordezkaritza zabalagoa izateko. Gainera, egile nahiz egile nagusi horiek unean uneko gaian adituak diren kolaboratzaileengana jotzen dute, alegia, beste zientzialari batzuengana, horiek beste batzuengana eta, horrela, sare bat sortzen da. Horien guztien bidez jasotako ekarpenak eta informazioa oinarri hartuta idazten dituzte txosten bakoitzeko kapituluak.
Orain arte, lau txosten argitaratu ditu IPCCk: 1990, 1995, 2001 eta 2007 urteetan. Bosgarrena lantzen ari dira.
Egile horiek guztiek bakoitzak beren herrialdeetatik lan egiten dute, eta Internet bidez trukatzen dituzte ideiak, egiten dituzte kasuan kasu egin beharreko aldaketak eta idazten dituzte kapituluak. Urtean behin elkartzen dira gainerako kapituluen egileekin, editoreekin eta lehendakariekin, egindako lanaren berri emateko eta etorkizunean egingo diren urratsak zehazteko.
Lan horietan eskarmentua du Roxana Bojariu fisikariak. "Hasiberria nintzen IPCCren laugarren ebaluazio-txostena garatzeko prozesua hasi zutenean. Nire lehenengo inpresioa izan zen horrelako txosten bat garatzeko eta emaitza koherenteak lortzeko prozesua oso konplexua zela" kontatu digu Bojariuk. "Askotan pare bat egilerekin, kritikarirekin eta editorerekin artikulu bat idaztea lan zaila bada, zer esanik ez artikulu edo txosten horretan ehunka egilek, hamar bat editorek eta milaka kritikarik parte hartzen badute. Nolanahi ere, horien eskuetatik pasatzen den informazio guztia onartu eta balioztatu egin behar da. Hori da IPCCren ezaugarri nagusietako bat. Informazio guztia goitik behera berrikusten dute" gehitu du. "Txosten guztiak idazteko prozesuan, hainbat bertsio idazten ditugu, eta horietako bakoitza gaian adituek direnek irakurtzen dute. Adituek zenbait ohar egin, eta aholkuak ematen dituzte, eta, ondoren, egileek kasuan kasuko aldaketak egiten dituzte, azken bertsioa argitaratu aurretik" dio Bojariuk.
"Gauak, asteburuak eta ordu asko igaro nituen nik artikuluak idazten eta zenbait atal berridazten, eta lankideen lanak irakurtzen, betiere epe barruan entregatu ahal izateko. Hala ere, oso gustura egin dudan lana da. Asko ikasi dut IPPCren prozesu horretan parte hartuz. Gainera, komunikazioak duen garrantziaz jabetu naiz: ezagutza transmititzea sortzea bezain garrantzitsua da. Zientzia ikasi ez ezik, kasu honetan, klimaren inguruko gaiak nola komunikatu ere ikasi dut guruengandik. Pribilegio handia izan da mundu osoko adituekin elkarlanean aritzea. Mota horretako ekintzek erakusten dute zientziaren dimentsioa ikaragarria dela" azpimarratzen du Bojariuk.
IPCCk 2007ko Bakearen Nobel saria jaso zuen (Al Gorerekin batera). Klima aldatzeak dakartzan arriskuez ohartarazteagatik eta horren aurka egiteko neurriak proposatzeagatik jaso zuten saria.
(Argazkia: IPCC)
Gaur egun, IPCC klima-aldaketaren eta horren ondorioen inguruko informazio-iturri fidagarrienetako bat da. IPCCk klima-aldaketaren inguruko analisia egiten du datuetan oinarrituta, eta horiek txostenetan argitaratzen dituzte. Ekintza-planak proposatzea beste batzuen esku dago.
Anil Markandya
BC3 (Basque Centre for Climate Change / Klima Aldaketa Ikergai) zentroko zuzendaria
Anil Markandya britainiarra ingurumen-ekonomian doktorea da. Britainia Handiko, Errusiako, Italiako, Estatu Batuetako eta Frantziako ikerketa-zentroetan aritu da, eta 2007an Nobel saria jaso zuen IPCCko kide ere bada. Ingurumen-ekonomia eta baliabideak ditu ikerketa-ildo nagusi.
IPCCko kidea eta ekonomista zara. Zein da zure lana IPCCn?
IPCCko bi lantaldetan aritu naiz, bigarren eta hirugarren lantaldeetan, hain zuzen ere. Besteak beste, klima-aldaketaren inpaktuak eta berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketak aztertzen dituzte lantalde horietan, hurrenez hurren. Nolanahi ere, batean zein bestean, ikuspuntu ekonomikoa ezinbestekoa da, kostuen eta inpaktuen zenbatekoa neurtzeko. Ez da kontuan hartu beharreko ikuspuntu bakarra, noski, baina bai garrantzitsuenetariko bat gobernuentzat, erakundeentzat eta nazioarteko komunitatearentzat.
Zer kalkulu egin ditu IPCCk berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen murrizketen inguruan epe motz, ertain eta luzera? Uste duzu helburu horiek lorgarriak direla?
IPCC erakundeak berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko estrategiek ekar ditzaketen ondorioak soilik azter ditzake. Ez ditu kalkuluak edo gomendioak egiten. Klima egonkortzeko, alegia, tenperatura-igoera 1,5 eta 4,5 gradu zentigrado artekoa izateko, gas horien emisioak murrizten hasi beharko dugu 2020. urterako. Egungo emisioak erdira murriztu beharko dira 2050erako, eta egungo emisioen % 20 isurtzera iritsi beharko dugu 2080. urterako.
Klima-aldaketa mundu mailako arazoa da, eta BC3 zentroa, berriz, ikerketa-zentro txiki bat. Zer ekarpen egingo dizkio zentro horrek arazo zabal horri?
(Argazkia: Argazkipress)
Gure ikerketa-lerroen bidez, klima-aldaketaren oinarrizko gakoak aztertuko ditugu. Noski, ez diogu arazoari geuk bakarrik aurre egingo. Beste zenbait herrialderen laguntzarekin, klima-aldaketaren inguruko galdera garrantzitsuenei erantzuten saiatuko gara.
Klima-aldaketaren eraginak ez dira ziurtasun osoz ezagutzen munduan. Hala ere, BC3 zentroak fenomeno horren ondorioak ikertu nahi ditu Euskal Herrian. Posible al da tokian tokiko ikerketa egitea?
Tokian tokiko ikerketa nahiz ikerketa orokorra egin daitezke. Euskal Herrian kokatuta egon arren, nazioarteko sare zabal batean parte hartzen du BC3 zentroak. Beraz, bestelako erakundeekin elkarlanean arituko gara, betiere klima-aldaketari nola erantzun diezaiokegun ikertzeko, bereziki, nekazaritzaren, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketen, energiaren, garraioaren eta industriaren alorretan.
Duela gutxi arte, arazoari aurre egin behar zitzaiola esaten zuten adituek. Gaur egun, berriz, ondorioak arintzeko neurriak ikertzen dihardute. Horixe da, hain zuzen ere, BC3 zentroaren ikerketa-lerroetako bat. Horrek zer esan nahi du, fenomeno itzulezin baten aurrean gaudela? Alegia, errealitate hori onartu eta ahal den neurrian ondorioak arintzen saiatu behar dugu?
Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak horrenbeste murriztuta ere (aurrez aipatu ditut datu horiek), litekeena da klima-aldaketa gertatzea. Beraz, horri aurre egiteko prestatu behar dugu. Horregatik, egoera horretara egokitzeko metodoak aurkitzera bideratu dugu gure ikerketaren zati bat.
Zer neurri hartu behar dira ondorio horiek arintzeko?
Hainbat gauza egin daitezke, arlo askotan. Kostaldeak eta uholdeen eraginez urpean gera litezkeen kostaldeko eremu baxuak babesteko inbertsioak egitea da bat. Hezetasun-aldaketei eta ingurumeneko tenperatura altuagoari erantzuteko nekazaritzan zenbait aldaketa egitea izan daiteke bestea. Muturreko kondizioak aurreikusteko alerta-sistema hobetzea izan liteke hirugarrena. Eta beste asko.
Thoreau aitzindari
Henry David Thoreau idazle eta naturalista iparamerikarra klima-aldaketari buruzko ikerketan ari da parte hartzen, 1862an hil zen arren Walden liburu ospetsuaren egilea. Thoreauk bere sorterriko (Concord, Massachusetts) Walden urmaelaren inguruko flora aztertu zuen 1851tik 1858ra bitartean, eta datu-multzo esanguratsu bat osatu zuen landare-espezieen agerpenari eta haien loratze-garaiei buruz.
Antonio Casado. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko ikertzailea, EHU.
Datu-base hori erabili dute Harvard eta Boston unibertsitateetako zenbait ikertzailek Thoreauren garaiko flora eta gaur egungoa konparatzeko, eta beren lana AEBko Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari ospetsuan argitaratu dute. Willis-ek eta haren lankideek egindako azterketaren ondorioek diotenez, aldaketa nabarmena da: espezie arruntak batez beste zazpi egun lehenago loratzen dira gaur, eta Thoreauk ezagututako espezieen % 27 desagertu egin da Concorden. Garai hartako eta gaur egungo floraren arteko ezberdintasuna klima berotzearekin lotzen dute ikertzaileek, uste baitute aniztasun-galera lotuta dagoela loratze-garaian egon den aldaketarekin.
Baina eztabaidak zabalik dirau. 2009ko martxoaren 6an, artikulu horrek erantzuna izan zuen aldizkari berberean, aldaketaren zergatia animalia barazkijaleen jarduera izan daitekeela argudiatuz. Hipotesi hori ezeztatu egin dute Willisek eta haren lankideek, berriro Thoreauk hasitako datu-basea erabiliz. Bi ondorio atera ditzakegu: batetik, klima-aldaketari buruzko eztabaidak klimatologia-arlotik haratago doaz, zerikusia baitute ekologia-arloan egiten diren hamaika hipotesirekin; bestetik, istorio honek zientzialari amateur ren rola eta zientziaren garrantzia azpimarratzen ditu. Izan ere, XIX. mendeko naturalista baten egunkariari esker lortu dute gaur egungo zientzialariek emaitza hau.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
254
2009
6
024
Klimatologia; Bibliografia
Dosierra
35
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.