Gehiegi eta eraginkorregiak gara?

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

gehiegi-eta-eraginkorregiak-gara
Arg. Smithore

Sortu zenetik izan duen hedapena eta hazkuntza aintzat hartuta, ez dago ukatzerik gure espezieak arrakasta izan duela. Habitat guztietara egokitzeko gai izan da, eta ahalmen ikaragarria erakutsi du tokian tokiko baliabideak ustiatzeko eta ingurua moldatzeko. Hala, beste edozein bizidunek baino gehiago eraldatu du planeta.

Hazkunde eta baliabideen ustiatze neurrigabeek, ordea, ondorio kaltegarri nabarmenak eragin dituzte: biodibertsitatearen galera, klima-aldaketa, baliabideak (energia, ura, elikagaiak) eskuratzeko gerrak eta migrazioak, pobrezia eta bereizkeria...

Egoera horri aurre egiteko, banakoek eta tokiko arduradunek hartutako neurriez gain, nazioarteko erakundeek ere egitasmo handiak jarri dituzte martxan, hala nola Milurteko Garapen Helburuak, Giza Eskubideen Munduko Biltzarra, Biodibertsitatearen Hitzarmena, Agenda 21 eta Kyotoko Protokoloa.

Guztiak ere asmo onekoak izanagatik, ez dituzte beren helburuak bete. Porrotaren arrazoien artean, batez ere bi azpimarratzen dituzte aditu gehienek. Batetik, herrialde jakin batzuen konpromiso-eza, eta, bestetik, konpondu nahi diren auziak elkar erlazionatuta ez baleude bezala jokatzea. Horren ondorioz, egitasmoak motz gelditu dira.

Hawaiiko Unibertsitateko Camilo Mora ikertzailearentzat, baina, huts egiteko arrazoien artean, bada bat ia inork aipatzen ez duena; are gehiago, Moraren ustez, huraxe da, hain justu, arrazoi nagusia: populazioari neurria hartzeko irtenbideak proposatzeari uko egin izana. Giza jardueraren eta biodibertsitatearen arteko harremana ikertzeko Camilo Mora Laborategiaren buru da, eta Ecology and Society aldizkarian berriki argitaratutako artikulu batean azaldu du bere iritzia (Revisiting the environmental and socioeconomic effects or population growth: a fundamental but fadding issue in moder scientific, public and political circles).

Ez dira aditu bakar baten hitzak soilik; Morak esandakoa berresten dute nazioarteko erakundeen zein ikertzaile independenteen datuek. Galtzeko arriskuan dauden espezie-kopurua handitzen doan bitartean, gure espeziak ez dio hazteari uzten. Are gehiago, azken hamarkadetan, hazkunde-erritmoa azkartu du: 1800. urtean 1.000 milioi izatetik, 7.000 milioi izatera igaro gara, eta, Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera (NBE), 9.600-12.300 milioi izatera iritsiko gara 2050ean, % 80ko probabilitatearekin. Baliabideak, berriz, mugatuak dira, eta ez dira denen artean berdin banatzen; horren adierazgarri da gaur egun 1.000 milioi baino gehiagok pairatzen dituztela muturreko pobrezia eta gosea.

Hazkunde etengabea

Arg. Don Simon

Aurretik egin dituzten aurreikuspenetan, adituak bat zetozen populazioa gutxi gorabehera 9.000 milioikoa izatera iritsiko zela mende honetan, eta orduan egonkortu egingo zela. Orain, NBEren aurreikuspenak ezeztatu egin ditu aurreko kalkuluak. Hain zuzen, populazioa mende honetan ez egonkortzeko % 70eko probabilitatea dagoela iragarri du.

Hazkunderik handiena Afrikan gertatuko delakoan dago NBE, populazioa laukoiztea espero baitu (gaur egungo 1.000 milioitik 4.000 milioi ingurura). Munduko beste leku batzuetan, aldaketa gutxiago espero ditu. Asiak, adibidez, 4.400 milioi biztanle ditu gaur egun, eta 2050. urtearen inguruan 5.000 milioi izatera iritsi eta gero populazioa galtzen hasiko dela aurreikusi du. Ipar Amerikak, Europak, Latinoamerikak eta Karibeak 1.000 milioi biztanle baino gutxiagorekin jarraituko dute bakoitzak.

Horren aurrean, Morak uste du gehiegizko populazioarekiko kezka “lausoegia” dela oro har, eta erakundeek ez diotela behar adina garrantzia ematen. Adibidez, artikuluan salatzen du Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC) ia ez dituela aipatu ere egiten populazio-hazkundea, familia-plangintza edo antzeko kontuak. Agintariek ere ez omen dituzte gehiegizko populazioa eta familia-plangintza aintzat hartzen, biztanleen osasuna eta ongizatea hobetzeko neurriak proposatzean.

Moraren esanean, “oso litekeena da superpopulazioa agenda zientifikotik kanpo egotea, neurri batean, jendeak gaiaz gutxi dakielako eta ez duelako interes handirik”. Gainera, interesa jaisten joan dela erakusten duten datuak ematen ditu: Estatu Batuetan, 1992an, biztanleen % 68k uste zuen populazioaren hazkundea premiazko arazoa zela; 2000. urtean, % 8k baino ez; eta azken inkestetan, azaldu ere ez da egiten. “Tamalez, jendearen interes mugatuak ekimen politiko mugatua dakar berekin”, dio Morak. Horren adierazle da nazioarteko diru-laguntzetatik familia-plangintzara bideratutako ehunekoa % 55etik % 5era jaitsi dela 1995tik 2005era.

Gaiarekiko interes-falta eta familia-plangintzako egitasmoetarako diru-laguntzen jaitsiera ikusita alde batetik, eta garatze-bidean dauden herrialdeetako populazio-hazkundeari erreparatuta, bestetik, Morak ez du sinesten munduko populazio berez egonkortuko denik. Gainera, ohartarazi du populazioaren hazkundea ez dela mugatzen garatze-bidean dauden herrialdeetara: dioenez, Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeetan aurkeztu ziren hautagai batek baino gehiagok 5-7 haur zituzten. “Horrek erakusten du arazoa ez dela garatze-bidean dauden herrialdeena bakarrik, eta sakoneko arrazoiak ez direla soilik pobrezia eta hezkuntza-falta”.

Izan ere, leku askotan frogatu da, hezkuntza-maila igo, eta, bereziki, neskak eskolaratzea lortu ahala, neska gazteen lehen haurdunaldiaren adina hazi eta jaiotza-tasa txikitu egiten direla. Morarentzat, baina, hori ez da nahikoa populazioaren hazkundea mugatzeko, eta horren erakusgarri da Estatu Batuetako politikari aberatsen joera. Erlijioak horretan eragina izan dezakeela uste du Morak: Estatu Batuetan, 1970ko hamarkadatik aurrera, zientziarekiko konfiantza gutxitu egin da, batez ere elizara maiz joaten direnen artean. Horri abertzaletasuna gehitzen zaio: nonbait, beldur dira, haur gutxi izanez gero, herrialdeak ahalmen militarra eta teknologikoa galduko dituela. Beraz, populazioaren hazkundeari ezikusia egiteko arrazoiak uste baino sakonagoak dira, eta aldatzen zailagoak.

Gehiegi izatearen ondorioak

Klima-aldaketaren ondorioak nabarmenak dira ekosistema denetan. Arg. Draghicich

Superpopulazioarekiko eszeptizismoari aurre egiteko, dituen ondorioak nabarmendu ditu Morak, langabeziatik hasi eta galera ekologikora. Adibidez, datorren hamarkadan 640 milioi lanpostu faltako dira mundu osoan, Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren arabera. Zor publikoa ere arazo izango dela aurreikusi dute. Ongizateari dagokionez, ez du zalantzarik populazioaren hazkunde azkarrak kalte baino ez duela egiten: gaixotasun infekziosoen hedapenari laguntzen dio, sexu-langile gehiago izatea ekartzen du, migrazioak bultzatzen ditu, gizarte-desorekak sortzen ditu... Bestalde, baliabideak agortzeak ere ondorio lazgarriak ekarriko ditu.

Zuzenean pertsonoi eragiten diguten alderdi horiez gain, gainerako bizidunei ere eragiten beste bi auzi ere aipatu ditu Morak: hondamendi ekologikoa, baliabideak agortzearekin zuzenean lotua, eta klima-aldaketa. Esaldi batek ederki laburbiltzen du Moraren iritzia: “behin betiko irtenbideak ez du eskatzen aztarna ekologiko txikiagoa izatea soilik, baizik eta baita aztarna edo oinatz gutxiago izatea ere”. Alegia, aztarna uzten dutenak ere gutxitu behar direla.

Hain justu, berriki argitaratu du bere azken txostena, bosgarrena, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Erakundeak (IPCC). Txostena egiteko, nazioarteko hainbat aditu independentek 30.000 ikerketa aztertu dituzte, eta haien ondorioak garbiak dira: gizakiak eragin zuzena du klima-aldaketan, eta ez bada geldiarazten, kalteak larriak, orokortuak eta atzerabueltarik gabekoak izango dira, bai pertsonetan bai ekosistemetan.

Ondorio horretara eraman dituzten datu ugariren artean, ñabardura bat ere egin dute txostengileek: ondorioak pairatzen ari diren gehienek ez dira izan klima-aldaketaren eragile nagusiak. Hain zuzen, orain dela gutxi arte industrializatu gabeko herrialdeetako biztanleak ari dira jasaten klima-aldaketaren ondorio latzenak.

Datuak bildu eta ondorioak atera ez ezik, klima-aldaketari galga jartzeko gomendioak ere eman ditu IPCCk. Xedea: industrializazioa hasi aurretik baino 2 °C gehiagoko tenperatura izatea munduan, XXI. mendearen amaieran. Horretarako, berotegi-gasen isuriak % 40-70 jaitsi beharko lirateke 2050erako, eta % 100 2100erako. Hori lortzeko, neurriak maila guztietakoak izan behar dutela diote, hau da lekuan lekukoetatik globaletara, eta bi eratakoak, egoerara egokitzea bilatzen dutenak eta isuriak apaltzeko helburua dutenak.

Dena dela, gomendioen artean ez dute aipatu populazioaren hazkundea geldiarazi behar denik ez antzekorik. Horrenbestez, Moraren ikuspegiarekin bat egiten dutenentzat, oso litekeena da IPCCren gomendioak ez izatea nahikoak klima-aldaketari aurre egiteko.

Gutxiago izatea, soluzio?

Populazioren hazkunde mugagabearen eragina arlo askotara hedatzen da. Arg. 123branex

Baina, aurreko guztia kontuan izanda, errealista da populazioa mugatzeko neurriak eskatzea? Ezezkoan dago Ibon Galarraga, klima-aldaketa ikertzeko BC3 zentroko zuzendariordea. Superpopulazioa klima-aldaketan eragiten duen faktore nagusietako bat dela onartuta ere, zalantza asko sortzen dizkio populazioa txikitzeko politikak ezartzeko aukerak: “Ez zait errealista iruditzen, eta, gainera, etikoki ere ez da onargarria. Zer egin behar dugu: garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleei haur bakarra izan dezatela eskatu, Txinak bezala? Edo afrikarrei esan behar diegu ez inbertitzeko osasunean? XIX. mendetik dakigu, Malthusen eskutik, populazio-hazkundea garapenerako arazo bat izan daitekeela baina orain arte hazkunde hori gelditzeko martxan jarritako politika orok porrot egin dute”.

Are gehiago, PNAS aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, populazioa gutxitzea ez da irtenbide eraginkorra ingurumen-arazoak konpontzeko. Adelaida Unibertsitateko ikertzaileek plazaratu duten ikerketa hori (Human population reduction is not a quick fix for environmental problems), eta, haien esanean, bost eratakoak dira gizakiak ingurumenean eragindako kalteak: lurzorua eraldatzea, nekazaritzaren, basogintzaren eta hirigintzaren bidez; ehiza eta arrantzan; espezie arrotzak sartzea; poluzioa eta klima-aldaketa. Eta horiei guztiei, haien arteko elkarrekintza gehitu diete.

Diotenez, agerikoa da ingurumenaren gaineko presioa apaldu egingo litzatekeela populazioa txikiagoa izanez gero, eta ezinbestekotzat jo dute azterketa kritikoa egitea, populazioaren neurria egonkortzeko asmoz. Ikertzaileen ustez, ez dago esaterik zein den neurri egokiena, aurrerapen teknologikoen eta soziologikoen mende baitago, baina, Morak bezala, uste dute superpopulazioari ezikusia egiten zaiola eta orain arte proposatu izan diren neurriek kale egin dutela.

Horiek horrela, 2100. urtean populazioak izango zukeen neurria kalkulatu dute, egoera desberdinen arabera. Esaterako, ume bakarreko politika ezarriz gero mundu osoan, 2100. urtean populazioa oraingoaren antzekoa izango litzateke, heriotza-tasak orain arteko joerari eutsiko balio. Eta mendearen erdialdean hondamendi bat gertatu, eta 5 urtean 2.000 milioi pertsona hilko balira ere, mendearen bukaeran 8.500 milioikoa izango litzateke populazioa.

Alegia, ez muturreko familia-plangintza ez hondamendi bat ez lirateke eraginkorrak izango populazioa txikitzeko. Horrenbestez, ingurumenaren mesedetan, bestelako neurriak hartzea aproposagoa dela ondorioztatu dute. Horien artean daude aztarna ekologikoa ahalik eta gehien txikitzea, berrikuntza teknologikoen eta sozialen bidez; ekosistemak eta espezieak babesteko bide argiak diseinatzea; kontsumoa gutxitzea; eta populazioaren neurria epe luzeko auzi gisa tratatzea.

Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute horrek guztiak ez duela aitzakia izan behar ugalkortasuna txikitzen ez ahalegintzeko: “Horrela, mendearen erdialderako milioika heriotza saihets daitezke, eta, seguru asko, bizitzeko planeta egokiago bat geratuko zaio Homo sapiens-ari”.

Alejandro Arizkun Cela: “Hesi bat gainditu behar da: nahi eta nahi ez, gaur egun baino energia eta baliabide gutxiago kontsumitu behar ditugu”
Arg. Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Arizkun Cela Ekonomia eta Enpresa Zientzian doktore da, eta ingurumen-ekonomian espezializatuta dago. Irakasle da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta energiaren arloan ari da lanean, Nafarroan bertan.
Zein dira gure espezieak eta gure gizarteak planetan izan dituen eragin nabarmenenak?
Lehenik eta behin, planeta bete du. Mundu osoan barreiatu da, beste espezieen lekuak hartuz. Hortaz, biodibertsitate-galera eragin du.
Gainera, lekua hartzeko modua gero eta gogorragoa izan da: batetik, toki guztietara iritsi da; bestetik, ingurua eraldatzeko gaitasuna handitu egin da, eta gero eta baliabide biologiko eta geologiko gehiago ustiatu ditu. Hau da, gutako bakoitzak lehen baino gehiago eragiten dugu inguruan. Hala, aztarna ekologikoa gero eta nabarmenagoa da, baina ez bakarrik aztarna, baita kontzeptu horretan sartzen ez diren beste elementu batzuk ere.
Adibidez, konposatu artifizial toxikoen ekoizpena ez da aintzat hartzen aztarna ekologikoan, baina hori ere ikaragarri areagotu da. Substantzia horietako asko ez dira biodegradagarriak, eta, beraz, metatu egiten dira, eta ondorioak sortzen dituzte katean.
Horrekin batera, baieztatu da eragile geologiko handiena giza espeziea dela; lurrikarak, haizea, ura eta halakoak baino handiagoa. Eragile naturalen ondorioak gainditzeko ahalmena izan dugu, eta haietako batzuk sortzeko gai ere bagara: esaterako, haustura hidraulikoarekin lurrikarak sortu ditugu kasu batzuetan.
Eragin hori, ordea, globala da, edo eremu jakin batzuetara mugatzen da?
Eragin batzuk lokalak dira, eta beste batzuk planeta-mailakoak. Ez da oso zehatza, baina esan dezakegu kutsatzaile solidoek eragin lokala dutela, eta gaseosoek, globala. Likidoak, berriz, tartean egongo lirateke. Begi bistakoa da karbono dioxidoaren eragina globala dela. Eta zer gertatzen da? Bada, karbono dioxidoak sortutako klima-aldaketaren ondorioak jasaten dituena ez dela gehien isurtzen duena, baizik eta aurre egiteko baliabide gutxiago dituena.
Aldiz, hondakin solidoen ondorioak lekuan sumatzen dira. Baina horien kasuan ere, ondorioak ez dituzte sortu dituztenek jasaten, beste leku batzuetara esportatzen baitituzte. Hortaz, eraginak non gertatzen diren herrialdeen eta gizarte-taldeen arteko botere-erlazioaren eta ekonomiaren araberakoak dira.
Horretan oinarrituta, batzuek esaten dute alferrikakoa dela tokian tokiko neurriak hartzea. Ados zaude horrekin?
Ea, kasu jakin batzuetan, neurri lokalek arrakasta izan dute. Esate baterako, Londresko smoga desagertzea lortu dute. Nola egin dute? Ahalegin ikaragarria eginda eta baliabide asko erabilita. Nork egin dezake? Baliabide ekonomiko eta teknologiko nahikoak dituenak, eta biak lotuta joan ohi dira. Beste herrialde askok, ordea, arazo bera dute, eta ezin dute konpondu, ez dutelako baliabiderik.
Orduan, badago konponbiderik?
Bai, jakina, baina, horretarako, hesi bat gainditu behar da: nahi eta nahi ez, gaur egun baino energia eta baliabide gutxiago kontsumitu behar ditugu. Eta hori ez da erraza, horrek dakarrelako boterea eta ekonomia beste era batera banatzea; izan ere, modu berezituan egin beharko litzateke, herrialdeen eta gizarte-mailen arabera. Alegia, jatekorik ez duen giza talde bati ezin diogu eskatu energiaren erabilera murrizteko; lehenik, gehien kontsumitzen duenak hasi beharko du gutxiago kontsumitzen.
Lagungarria izan daitekeen beste aldagai bat aurrerapen teknologikoa da. Hala ere, nire ustez, gehiegi puztu da alderdi horretan teknologiak egin dezakeena. Ikusi besterik ez dago: azken urteotan aurrerapen teknologiko nabarmenak izan ditugu, eta ingurumenean eragiten dugun presioa ez da gutxitu; alderantziz.
Kontuan izan behar dugu gure gizartearen pentsamendua eraginkortasun ekonomikoari lotuta egon dela. Alegia, merke ekoiztera bideratu da, eta ez du bilatu eraginkortasun fisikoa, hau da, baliabide energetiko eta material gutxiago erabiltzea. Eta hor hobetzeko tarte handia dago. Norabidea aldatuz gero, asko aurreratu daitekeela uste dut.
Edonola ere, egia da, azken urteotan, krisia egon den lekuetan, hazkunde ekonomikoa moteldu egin dela, eta, batzuen iritziz, hau inflexio-puntu bat izan daiteke aldatzen hasteko. Nik, ordea, oraingoz ez dut ikusten hori horrela izango denik; agintarien adierazpenei erreparatuta, behintzat, ez du ematen aldatu nahi dutenik, baizik eta lehengora itzuli, eta, bestela ere, ez dut aldaketa-zantzurik antzematen.
Susmoa dut, krisi ekonomikotik aterako bagina, berriro hazkunde ekonomikoaren bidetik jarraituko genukeela. Hazkundea seguruenik lehen baino apalagoa izango litzateke, baliabide fisikoak urriagoak direlako, baina norabide berean joango ginateke, horrek hondamendira garamatzala kontuan hartu gabe.
Eta zerbait egin daiteke horren aurka?
Jakina, eta batzuek dagoeneko hartu dute bide hori. Gutxiagorekin hobeto bizitzean datza. Horretarako, ongizatea hobeto bizitzea dela ulertzea da gakoa, eta ez gauza gehiago izatea. Adibidez, batek aisialdiko denbora joko sofistikatuenarekin jolasten igaro dezake, edo paseatzera joan daiteke. Lehenengo aukeran, material batzuk eta energia kontsumituko ditu, eta bestean, berriz, kontsumoa hutsala da.
Eta nola aldarazi daiteke kontsumoan oinarritutako sistema?
Hori arazo politikoa da. Zenbat eta banako gehiagok aldatu norabidea, orduan eta presio handiagoa sentituko dute agintariek beste era bateko politikak ezartzeko. Eta ez du ematen beste aukerarik dagoenik; bestela, gizarte hau kolapsora doa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila