Jesús Mosterínen iritziz, pertsona ez da ezertan bereizten gainerako animalietatik. Mosterín CSICeko Filosofia Institutuko ikerketa-irakaslea da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Logika eta Zientziaren Filosofian katedraduna. Haren ustez, pertsonok animaliak gara, eta, beraz, ez du zentzurik haietatik zerk bereizten gaituen galdetzeak. Itzultzeko zaila den adibide batekin argitzen du hori: "Es como si alguien te preguntara: ¿en qué se diferencian las vascas de las mujeres? La respuesta es en nada, porque las vascas son mujeres" (Norbaitek emakumezko euskaldunak emakumezkoetatik zertan bereizten diren galdetuko balizu bezala da. Erantzuna "ezertan ere ez" da, emakume euskaldunak emakumezkoak baitira).
Dena den, Mosterínek ez du ukatzen animalia-espezieak, pertsonak barne, desberdinak direnik batzuk besteetatik: "Begi-bistakoa da eltxoak oso desberdinak direla elefanteetatik, eta haiek arranoetatik, eta arranoak labezomorroetatik. Baina animalia guztiek ezaugarri komunak dituzte, eta haiei buruz esan daitekeen guztia esan daiteke gure espezieaz ere. Izan ere, denok ahaidetuta gaude, eboluzioan arbaso berbera izan dugu, eta bi espeziek zenbat eta belaunaldi gutxiago egin behar izan arbaso komuna izateko orduan eta hurbilagoko ahaideak izango dira".
Hala, giza espezieak gainerakoek ez dituzten ezaugarri batzuk ditu: bi oinetan ibiltzen da, hitz egiteko ahalmena du, teknologia sortu eta erabiltzen du, pentsamendu abstrakturako gaitasuna du... Hala ere, Mosterínen ustez, ezaugarri horiek ez dira erabakigarriak espezie gisa bereizteko. "Erleek eztia egiten dute, eta armiarmek, sareak. Hau da, guk gure berezitasunak ditugun bezala, beste espezieek berenak dituzte, baina espezieak ez dira horien arabera bereizten. Berez, ugalketak bereizten ditu espezieak: bi populazio elkarren artean gurutzatzeko eta ugaltzeko gai badira espezie berekoak dira. Eta kito."
Adibideak ere ematen ditu; esaterako, zakurrak eta otsoak espezie berekoak dira, elkarren artean gurutza daitezkeelako eta ondorengoak izan ditzaketelako. "Baina ni otseme batekin maitemintzen banaiz ere, ezin dut ondorengorik izan harekin. Eta hori ez da hizkuntzagatik, teknologiagatik eta aipatzen diren beste kontu horiengatik, baizik eta ezin dugulako ugaldu. Gainera, espeziearen definizioaren muinean dago gurutzatu eta ugaldu ahal izatea".
Pertsona gainerako espezieetatik bereizten duten beste ezaugarri batzuk ere ez zaizkio inondik inora erabakigarriak iruditzen Mosteríni. Esaterako, beste filosofo batzuek esan dutenaren aurka, Mosterínentzat ez da egia niaren kontzientzia berariazkoa dugunik, frogatuta baitago beste animalia batzuek ere badutela beren buruaren kontzientzia. "Hori ispiluaren esperimentuarekin baieztatzen da. Esperimentu horretan, animalia bat ispilu aurrean jartzen da, eta aurretik orban bat jartzen zaio animaliari, kopetan, adibidez. Animalia orbana garbitzen saiatzen bada, esan nahi du bere burua ezagutu duela".
Ikertzaileek espezie askorekin egin dute Mosterínek aipatutako esperimentua, eta ez dago inolako zalantzarik txinpantzeek eta beste primate askok beren burua ezagutzen dutela; alegia, niaren kontzientzia dutela. Primateez gain, beste espezie batzuek ere erakutsi dute ahalmen hori, esaterako, mikak.
Heriotzaren kontzientziari buruz ere antzeko iritzia du Mosterínek. Hain zuzen, sarritan esan izan da gurea dela bere hilkortasunaz jabetzen den espezie bakarra. Mosterínek ukatu egiten du, eta elefanteak jartzen ditu adibidetzat: "Elefanteek heriotzaren kontzientzia nabarmena dute. Larritasun handiko egoera batean daudenean, esaterako, lehorte gogor batek jo eta beste norabait doazela taldeko bat hiltzen bada, gainerakoek itxaron egiten diote, eta egun batzuk ematen dituzte hura zaintzen. Hildakoa utzi baino lehen, hostoz eta lurrez estaltzen dute. Eta berriro igarotzen badira handik, hostoak kentzen dizkiote, galdutako laguna dela baieztatzearren".
Bestalde, erlijioak edo sinesmenak izatea gure espeziearen berezitasuntzat jotzen dute askok. Horretan ere, bestela pentsatzen du Mosterínek. Haren esanean, pertsonok ideiak izaten ditugu, eta hitz egiteko eta idazteko ahalmenari esker ideia horiek transmititzeko gaitasun izugarria dugu. "Ideia horiek, baina, onak edo okerrak izan daitezke. Beste adibide bat: 13 zenbakia. Batek esan dezake 13 zenbaki lehena dela, eta hori egia da, eta froga daiteke. Beste batek esan dezake 13a adur txarrekoa dela, eta hori okerra da. Baina, okerra izan arren esan daiteke, eta orduan gertatzen da transmititu egiten dela, eta, hala Estatu Batuetan badira 13. solairurik ez duten etxeak edo 13. gelarik gabeko hotelak".
Erlijioekin gauza berbera gertatzen dela uste du. Azaltzen duenez, erlijio asko daude, bakoitza bere mitoekin, bere ideiekin, eta batzuk besteekiko kontrajarriak diren gauzekin, eta, talde bakoitzaren barruan, iraunarazi eta transmititu egiten dituzte. Pertsona asko talde horietakoren batean dagoela aitortzen du Mosterínek, baina ez du onartzen espeziearen berezitasuna denik: "13a adur txarrekoa dela uste duen jende asko dago, baina beste askok ez dute hori uste. Bada, erlijioekin, berdin. Batzuk kristauak, musulmanak edo erlijio animistakoak dira, eta beste batzuk, berriz, ateoak".
Gure espeziearen barruan sinesmen-barietate handia dago; Mosterínen ustez, horrek berak erakusten du sinesmen bat bera ere ez dela espeziearen berariazkoa: "Izan ere, zerbait pertsonaren naturaren parte denean, denontzat komuna da, hala nola bi oinetan ibiltzea eta hizkuntza edo birikak izatea. Aitzitik, erlijioak eta halakoak ez dira guztionak".
Beste filosofo batzuek oso bestelako ikuspuntua dute gaiari buruz. Alvaro Moreno zientziaren filosofiaren irakaslea da EHUn, eta haren esanean "ez dago zalantzarik pertsonok eta animaliak desberdinak garela; erabat diferenteak gara". Bereizten gaituzten ezaugarrien artean, zibilizazioa, kultura, gure eboluzioaren abiadura --ez baitago soilik biologiari edo genetikari lotuta--, hizkuntza, garunaren garapena eta gainerako espezieen gaineko nagusitasuna aipatzen ditu Morenok. Zaila egiten zaio, hala ere, horien artean bereziena aukeratzea: "Bata bestearekin elkarrekintzan daude asko, eta, beraz, ez da erraza esatea zein den bereziena, berariazkoena".
Morenok azaltzen duenez, filosofo greziarrentzat arrazionaltasuna zen gure espeziearen muina. "Baina, zer esan nahi du arrazionala izateak? Ez dago garbi. Haiek diskurtso arrazoitua egiteko ahalmena aipatzen zuten, eta horretarako hizkuntza behar da. Eta zer esan nahi da zehazki hizkuntzarekin? Beste animalia askok ere badute komunikatzeko gaitasuna, baina geuk bakarrik dugu hizkuntza. Gainera, gure espeziearen barruan ere, hizkuntzak bilakaera bat, eboluzio bat, izan du; esaterako, idazkeraren sorrera mugarri bat da. Bestalde, hizkuntza garunaren garapenaren kausa edo ondorioa da?"
Hizkuntzaz gain, teknologia sortzeko ahalmena eta teknologia horrekin beste tresna teknologiko batzuk garatzeko gai izatea ere berezkotzat jo dezakegu, Morenoren iritziz. Teknologia horri esker, gure arteko harremanak aldatu dira, eta mundua gure interesen arabera moldatzeko gai izan gara. Horrek ondorioak ekarri ditu, "horrek eta gure nagusitasuna ulertzeko moduak".
Hain zuzen ere, Morenok ez du zalantzarik gainerako espezieak baino boteretsuagoak garela, baina, haren ustez, ez dugu botere hori era adimentsuan erabili. Esaterako, ekosistemen arteko oreka hautsi dugu, eta, orain biodibertsitateari balioa ematen ikastea, neurri batean, apaltasun-kontua izan daiteke, baina, batez ere, kontzientzia-kontua da. Ezinbestekoa iruditzen zaio biodibertsitatea zaintzearen garrantziaz jabetzea. Hori bai, ez du uste erraza izango denik erabaki globalak hartzea etorkizunean norabide adimentsu batean joateko. "Ez dut pesimista izan nahi, baina zaila da baikorra izatea".
Eudald Carbonell arkeologo, antropologo eta paleontologoak ere sakon aztertu du gaia, eta beste erantzun batzuk topatu ditu. Besteak beste, aldarrikatzen du oraindik ez garela gizaki, pertsona. Azaltzen duenez, pertsona bilakatzea eboluzio-prozesu bat da; oraindik martxan dago, eta alderdi biologikoek eta kulturalek eragina dute horretan. Bada, eboluzio kulturala biologikoari gailentzen zaionean, orduan burutuko da gizatiartze-prozesua.
Carbonellentzat, Morenorentzat bezala, pertsona bada gainerako animalietatik desberdina. "Horretan badira hainbat faktore gako, hala nola teknologiaren sozializazioa, hizkuntza, ezagutza eta pentsamendua. Hain zuzen, teknologia sozializatuak eta prozesu horri lotutako hizkuntzak autokontzientzia sustatzen dute. Aldi berean, kontzientzia eragileak, hau da, adimenaren eta espeziearen kontzientziak, gizaki egiten gaitu".
Espeziearen etorkizunari buruz ere ikuspuntu interesgarria du Carbonellek. Haren esanean, gure espeziea hazkunde esponentzial konbergentea izaten ari da, eta aurreikus daiteke harreman sozialen areagotzeak eta konplexutasunak kolapsora eramango gaituztela. "Gure espezieak sistema berri bat ezartzen duen bakoitzean, metabolizatu egin behar du aldaketa. Iraultza zientifikoaren eta teknikoaren ondoren, oraindik ez du egin, baina, gertatutakoan, espeziearen kolapsoa ekar dezake. Hori mende honetan gerta daiteke".
Kolapsoaren ondorioak ere iragartzen ditu: "Ondoren, gure espeziea beste era batera sozializatuko da, transgizatiartzearen bezpera izango da".
Argi dago gaiak zer pentsatua ematen duela...