Euskal Herrian, lurra minez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Badago basamorturik Euskal Herrian? Badira basamortu-itxurako leku batzuk, eta hiriak basamortutzat hartzen dituztenentzat ez dago inolako zalantzarik. Hala ere, klima aintzat hartuta, ez omen dago basamortutze-arriskurik Euskal Herrian; hori diote adituek. Edonola ere, ukaezina da lurzorua antzutzen ari dela Euskal Herriko leku askotan.
Euskal Herrian, lurra minez
2006/06/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Euskal Herriko leku askotan, lurraren degradazioa nabaria da, neurri batean edo bestean.
A. Galarraga

Koldo Nuñez geologoak berrehun milioi urte atzera eraman gaitu. Garai hartan, lurralde hau Pangea superkontinentearen parte zen, eta basamortu izugarriak zeuden hemen. Lur haietatik datoz hareharriak, Baztangoa kasurako.

Gatozen orainera. Gaur egungo Euskal Herriak ez du ordukoaren antzik. Europa kontinentearen mendebaldean dago, Bizkaiko golkoaren ekialdeko ertzean, Aturri eta Ebro ibaien artean. Pirinioek eta beste hainbat mendikatek (Aralar, Aizkorri, Gorbeia) banatzen dute lurraldea, eta, horren ondorioz, klima eta paisaia heterogeneoak ditu.

Harluxet hiztegi entziklopedikoan, adibidez, lau klima-eskualde bereziten dira: atlantikoa, mediterraneo kontinentala, atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko trantsiziokoa eta mendialdekoa. Isurialde atlantikoa eta mendialdea euritsuak dira, eta trantsizioko klima duen eremuan ere euri dezente egiten du, eta udak ez dira lehorrak.

Baina lurraldearen hegoaldean, Ebroko erriberan eta Arabako Errioxan alegia, udak beroak eta lehorrak izaten dira, eta neguan ere ez du euri askorik egiten. Hileko batez besteko prezipitazioak 50 mm baino baxuagoak dira oro har, eta ez da alde handirik izaten

hilabete batetik bestera. Aldiz, isurialde atlantikoan, urteko batez besteko prezipitazioak 1.200-2.000 mm artekoak dira.

Sailkapen hori aintzat hartuta, beraz, inon izatekotan, Euskal Herriaren hegoaldean baino ezin da izan basamortutzeko arriskua, gainerakoan klima hezea baita. Kontuan izan behar da Nazio Batuen definizioaren arabera eremu aridoetako, erdiaridoetako eta subheze lehorretako lurraren degradazioa dela basamortutzea.

Isurialde atlantikoan, euri asko egiten duenez eta aldapak malkartsuak direnez, higadura handia da.
MEC

Hori bai, ezin da esan Euskal Herriko lurzorua egoera onean dagoenik, oro har basamortutzeko arriskurik ez duen arren. Aitzitik, lurralde osoan ari dira gertatzen degradazio-fenomenoak, eta, azken urteetan, lehen baino nabariagoak dira gainera.

Etengabeko bilakaera

Edonola ere, lurraren higadura berezko fenomenoa da, eta beharrezkoa lurzorua sortzeko. Lurzorua oso motel hazten da, arroka amaren degradazioz, eta sortu ahala erasotzen dio higadurak. Horregatik esaten dute geologoek lurrazala dinamikoa dela, etengabe ari baita sortzen eta desagertzen.

Bi prozesuen arteko oreka hausten bada, lurzorua galdu egiten da. Askotan, giza jardueren ondoriozkoa da galera hori, eta Euskal Herrian, aspaldi, oso aspaldi, hasi zen galtzen lurzorua.

Jokin del Valle de Lersundi biologoak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Sailean egiten du lan, eta urteak daramatza Euskal Herriko lurzoruak ikertzen. Haren esanean, Euskal Herrian antzinatik egin zaio presio handia lurzoruari. Jende asko bizi izan da lurraldean, eta erabil zitekeen lurzoru guztia erabili izan da bizimodua aurrera atera ahal izateko.

Horren arrastoak nabariak dira. Hori dela eta, badago Pirinioetako zenbait alderdi basamortu berdeak direla esaten duenik, berdeak diren arren oso degradatuta daudelako. Hain justu, Neolitotik artzainek mendien goialdea erabili dute udan ganadua hazteko. Etengabeko erabileraren ondorioz, Aralarren, Gorbeian, Bortzirietan... baso asko desagertu egin dira, eta larreak dira nagusi.

Arabako Errioxan, nekazariek antzinatik landu dute lurra.
MEC

Halaber, larreak sortzeko behin eta berriz egindako suteek lurra azidotu dute. Eta, abeltzaintzak ez ezik, beste jarduerek ere eragin handia izan dute lurzoruaren degradazioan, hala nola deforestazioak. Hori gutxi ez eta, isurialde atlantiko osoan higadura handia da, aldapak malkartsuak direlako eta euri asko egiten duelako.

Horrenbestez, lurzoru asko galdu da; ikusi besterik ez dago non zeuden erromatarren garaiko portuak Euskal Herrian: Urumeakoa Hernanin zegoen, Debakoa Altzolan, eta Urdaibaikoa Foruan. Horrek garbi adierazten du zenbateraino bete diren lurrez ibaiak. Lur gehiena higaduraren eraginez iritsi da ibaietara.

Gaur egun, oraindik ere lurzoru asko galtzen da basogintzan erabiltzen diren tekniken erruz. Izan ere, pinuak landatzeko teknika batzuek lurra biluzik uzten dute, eta egitura hausten dute, geruzak nahasten baitituzte. Zenbait kasutan, hektareako 50-80 tona ere gal daitezke lehen urteetan.

Hegoaldeari begira

Isurialde atlantikoan baino are larriagoak dira higaduraren ondorioak lurraldearen hegoaldean. Han ere giza jarduera etengabea izan da, bai nekazaritzan, bai basogintzan, bai abeltzaintzan. Horrek guztiak presio handia eragiten du lurrean, eta, gainera, hango lurzorua nahiko erraz higatzen da. Klima ipar isurian baino askoz ere lehorragoa da, eta landaretzak denbora asko behar du leheneratzeko.

Karkabak dituen eremua leheneratzea izugarri zaila da.
A. Galarraga

Hori dela eta, ez da harritzekoa gaur egun begi-bistakoak izatea degradazioaren eraginak Ebroko erriberako eta Arabako Errioxako lurretan. Etorkizuna ere arrea da: kalkuluen arabera, lurraren % 15-18 basamortutzeko arriskuan dago.

Hala ere, azken 25 urteetan, higadura leundu egin da, makinen bidez landu daitekeen lurra besterik ez baita erabiltzen. Ondorioz, Araban eta Nafarroan maldan zeuden lurretan, lehen baratze-mailak egin eta nekazaritzan aritzen ziren lekuetan, terraza horiek utzita daude orain.

Utzitako toki horietan, ordea, karkabak sortzeko arriskua egon daiteke, eta hala gertatu da hainbatetan. Kontuan izan behar da zona horretan euria egiten duenean zaparradak gogorrak izaten direla. Ur-tantek energia zinetiko handia izaten dute, hau da, indar handiz jotzen dute lurra. Urak errekatxoak sortzen ditu, eta errekatxoek, higadura-ildoak. Ildoak gero eta sakonagoak bihurtzen dira, eta denborarekin erretenak edo ubideak agertzen dira. Azkenean, karkaba edo sakan bilakatzen dira, horma aldapatsuak dituzten arroila txiki baina sakonak.

Jose Luis Eresok, EHUko Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Topografiako Unibertsitate Eskolako irakasleak, ohartarazi duenez, karkabak dituen eremua leheneratzea oso zaila da. Aitzitik, fenomenoak aurrera egin dezake lur-mota jakin batzuetan. "Beroaren eraginez, lur buztintsuak pitzatu egiten dira. Pitzaduretatik sartzen den urak tunelak sortzen ditu, eta, horiek asko handitzen badira, sabaia erori egiten da. Bardean adibide adierazgarriak daude".

Hirien nagusitasuna

Dena dela, Iñaki Antiguedad EHUko hidrogeologiako katedradunaren iritziz, hirigintza, industria eta azpiegiturak dira une honetan lurraren etsairik handienak. Zirikatzaile, uste du benetan larria eta adierazgarria dela jendeari Javier Madrazoren aurpegia (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua) etortzea burura lurzoru hitza aipatutakoan.

Hainbat adituren iritziz, hirigintza, industria eta azpiegiturak dira une honetan lurraren etsairik handienak.
X. Azkue

Datuak argiak dira: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren arabera, EAEn 1994 eta 2004 urteen artean, artifizializatutako lurzorua % 20 areagotu da. 2000. urtean, artifizializatutako azaleraren % 39 etxebizitzek hartzen zuten, % 18 jarduera ekonomikoek, eta % 43 garraiobideek. Ipar Euskal Herrian ere antzekoa gertatzen da, kostaldean batez ere, eta Nafarroa ez da salbuespena.

Lurzorua, ordea, etxebizitzen eta azpiegituren euskarri baino askoz gehiago da, eta babes handiagoa izan beharko luke. Europako Batasuna lurzoruaren estrategia lantzen ari da, eta horrek aldaketak ekarriko dituela espero dute adituek. Baina, horretaz gain, Antiguedadek 'lurzoruaren behatokia' edo halako zerbait sortzea proposatzen du, lurzoruaren funtzioak aintzat hartzeko eta arduraz jokatzeko.

Lurzoruaz haratago, garapen jasangarriaren gaineko eztabaida piztu beharko litzatekeela uste du Antiguedadek. Badago, bai, zer eztabaidatu eta aztertu.

Bardea ez da basamortua
Hartu gogoan basamortu baten irudia, eta bilatu horren antza duen paisaia bat Euskal Herrian. Seguru asko, Bardea izango da irudi horretara gehien hurbiltzen den lekua.
Alabaina, Alejandro Urmeneta Bardeako Komunitateko biologoak ukatu egiten du Bardea basamortua denik: "Bardearen azalera guztiaren erdia landatuta dago. Eta basamortuan abeltzaintzan aritzea posible bada ere, ezinezkoa da nekazaritzan jardutea. Hori bai, euri gutxi egiten du, eta egiten duenean, higadura handia eragiten du. Baina hori beste kontu bat da".
Urteko batez besteko prezipitazioa 300 mm-koa besterik ez da. Euria egiten duenean, berriz, euri-jasa moduan izaten da, eta, horren ondorioz, hektareako 60-70 tona lur higatzen dira urtean. Urmenetaren esanean, hori asko da.
(Argazkia: J. del Valle)
Bardearen historia geologikoa aintzat hartuta, ordea, higadura ez da dirudien bezain kezkagarria, duela hamar mila milioi urte inguru hasitako prozesuaren jarraipena baita.
Bi hitzetan azalduta, ordura arte Bardea eta inguru guztia zingira ikaragarri bat zen. Kataluniako kostako mendiak gaur egun baino handiagoak ziren, eta ez zioten urari irteten zuten. Hantxe metatzen ziren Pirinioetatik eta Kantabriar mendikatetik iristen ziren ura, lokatza eta buztina. Gaur egun ere, leku batzuetan 2-3 kilometroko lodiera du lur buztintsuak.
Eta, halako batean, Kataluniako mendikatea hondoratu egin zen. Ondorioz, Bardea inguruko ura Mediterraneora isurtzen hasi zen, zingira lehortu egin zen, eta lur buztintsua agerian geratu zen.
Lur hori erraz higatzen da uraren, airearen eta aldaketa termikoaren eraginez. Giza jarduerak, gainera, areagotu egiten du higadura; baina gizakiaren eragina ez da hain handia berezko higaduraren aldean. Horrenbestez, Urmenetak uste du kezkagarriagoa dela Pirinioetan edo Lizarra inguruan utzita dauden soroetan gertatzen ari den higadura Bardeakoa baino.
Beroa eta geroa
Argi dago klima-aldaketak eragina izango duela lurzoruan. Ez dago batere garbi, ordea, nola eragingo duen Euskal Herrian. Argibideren bat jaso nahian, Eusko Jaurlaritzako meteorologia- alorraren arduradunarengana jo dugu. Jose Antonio Aranda izena du, eta ingeniari agronomoa da. Gurekin hitz egin duten gainerako adituak bezala, Aranda kezkatuta dago lurzoruaren egoeragatik, eta uste du oso kontuan hartu beharko litzatekeela klima-aldaketa.
J. A. Aranda, Eusko Jaurlaritzako meteorologia-alorraren arduraduna.
(Argazkia: A. Galarraga)
Haren esanean, lurzoruarentzat higadura bezain arriskutsua da klima-aldaketa. Ezinezkoa da zer gertatuko den jakitea, baina, eredu klimatikoek aurreikusten dutenez, tenperaturak igoko dira eta muturreko fenomenoak areagotuko dira. Hori hala balitz, ekosistemetan aldaketa sakonak gertatuko lirateke: landaredia aldatuko litzateke, intsektuak eta beste bizidun batzuk desagertuko lirateke... eta horrek guztiak eragina izango luke lurzoruan.
Arandak ez du zalantzarik: "Ez dakigu nola eragingo dion klima-aldaketak Euskal Herriari, baina arriskua egoteak berak nahikoa izan beharko luke prebentzio-neurriak hartzeko".
Galarraga Aiestaran, Ana
3
221
2006
6
042
Ingurumena; Geologia; Ekologia; Klimatologia
Dosierra
37
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila