Aukeran ez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Askok ez dute inolako zalantzarik: landare transgenikoek onura asko ekar ditzakete. Beste batzuek, hala ere, uko egiten diete transgenikoei, eta arrazoi sendoak dituzte horretarako. Horietako bat da Jon Harluxet, nekazaritza ekologikoa egiten duen duzunariztarra (Nafarroa Beherea).
Aukeran ez
2009/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jon Harluxetek nekazaritza ekologikoa egiten du, eta Bio-Aquitaine elkartearen lehendakari izana da. Transgenikorik gabeko laborantza aldarrikatzen du.
Ana Galarraga

Jon Harluxet nekazaria Bio-Aquitaine elkartearen lehendakari izandakoa da, eta transgenikorik gabeko laborantza aldarrikatzen du. Haren esanean, transgenikoak "asko aipatzen badira ere, oso gauza marjinala dira" Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, "eta hainbat hobe" da horrela. Bi urtez baimenduta egon zen transgenikoak ereitea, baina iaz berriro ezarri zen luzamendua, eta, beraz, ez zen transgenikorik egin. Hortaz, Harluxeti ez diote zuzenean eragiten transgenikoek.

Horrek, ordea, ez du esan nahi ez diotenik kezkarik sortzen. Ikuspuntu pragmatiko eta ekonomiko hutsetik begiratuta ere, Harluxetek uko egiten die transgenikoei. Dioenez, "kontsumitzaileen % 80k ez du transgenikorik nahi". Ez dago transgenikoen teknologiaren aurka, baina ez du inposatzerik nahi, "eta badakigu nekazaritza ez dela sistema itxia".

Hain zuzen, gogoan du Lot-et-Garona departamenduan nekazaritza ekologikoa egiten zuen baten soroan landare transgenikoak azaldu zirela, inguruko landaketaren batetik aireak eramandako polenaren erruz. Eta hori gertatu zenean, debekatuta zegoen transgenikoak ereitea. "Debekatua delarik ere, bada arriskua kutsadura izateko; onartua delarik, ez dizut erraten". Nekazaritza ekologikoa egiten dutenentzat, beraz, garrantzitsua da transgenikoen gaineko luzamenduari eustea.

Nafarroa Behereko arto-sail bat.
Jon Harluxet

Badituzte bestelako arrazoiak ere transgenikoei uko egiteko. Adibidez, Harluxetek transgenikoen aldeko propaganda eta errealitatea bereizten ditu. Propagandaren arabera, hazi transgenikoek munduan dagoen gosea gainditzeko balioko dute, eta ingurumena babesteko tresna bat dira, "baina munduan egiten diren transgenikoen % 99k bi funtzio dituzte: % 66 herbizida bati, glifosatoari, tolerantzia izateko programatuta daude; % 33k, berriz, toxina intsektizida bat sortzen du --horixe da Bt artoa, Europan onartua dagoen bakarra--".

Harluxeten hitzetan, askotan arto horrekin hasten dira, "errazagoa baita gizarteari azaltzeko". Izan ere, toxina hori naturan ere bada; "beraz, oso gauza naturala dela erraten dute". Alabaina, interesgarriena bestea omen da, haziarekin batera herbizida ere saltzen dutelako.

Goseari aurre egiteko baliagarriak izatea eta halako arrazoiak propaganda direla uste du. Hain zuzen, egiten diren transgeniko gehienak ez dira jendea elikatzeko, baizik eta ganadua bazkatzeko, autoentzako erregaia egiteko, eta ehungintzarako kotoia egiteko.

Jon Harluxetek, hazi-saltzaileei erosi beharrean, berak egindakotik aukeratzen du hurrengo urtean ereingo duen hazia.
Ana Galarraga

Harluxetek garbi du indar ekonomiko handiak daudela transgenikoen gibelean. Bioteknologia-enpresa handiak (Monsanto, Syngenta, Novartis, Bayer, DuPont...) industria kimikoak ziren lehen. Nekazaritza-arloan sartu ziren, ongarriak salduz, eta, orain, haziak ere saltzen dituzte. "Nekazaritzan bada zerbait ezin baztertua dena, hazia; eta hazia kontrolatzen baduzu, dena kontrolatzen duzu".

Alabaina, gizarteak bere elikadura kontrolatu nahi duela iruditzen zaio. Eta Frantzian gertatu dena adibide oso adierazgarria dela uste du: "lortzen bada gaia gizarteratzea, posible da politikariek transgenikoak egitea debekatzea".

Alde horretatik nahiko baikor agertzen bada ere, baditu kezka gehiago transgenikoekin lotuta. Horietako bat erleen gainbehera da. Erleak desagertzen ari dira mundu osoan, eta Bt artoak zerikusia duela susmatzen dute Harluxetek eta beste hainbatek, tartean, biologo eta nekazaritza-ingeniari batzuek.

Transgenikoek 1996tik izandako bilakaera, motaren arabera.
ISAAA, 2009.

Hain juxtu, Bt artoaren polena kofoinera eramaten dute erleek, eta larbak bazkatzeko baliatzen dute polen hori. Harluxetek eta besteek salatzen dutenez, ez da azterketarik egin ikusteko horrek ondorioak ekartzen ote dituen. Are gehiago, erleen gainbehera transgenikoek ingurumenean izan dezaketen ondorio kaltegarrietako bat baino ez da. Horrenbestez, ikerketak egitea eskatzen dute, eta "ez baliatzea ingurumena laborategi-mahai bat balitz bezala".

Galarraga Aiestaran, Ana
3
253
2009
5
023
Nekazaritza; Bioteknologia; Ingurumena; Giza zientziak
Artikulua
41
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila