Hazi transgenikoen mataza

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Landatutako azalera eta lortutako barietateak kontuan hartuta, ukaezina da transgenikoekarrakasta izan dutela. Urtetik urtera, gero eta azalera handiagoa hartzen dute, gero eta herrialde gehiagotan. Eta gero eta barietate gehiago ari dira lortzen, gero eta espezie gehiagorenak, gero eta ezaugarri bereziagoekin. Alabaina, izen txarra dute, eta, Europan, bereziki, aurkakotasun handia piztu dute transgenikoek.

Oro har, Europako kontsumitzaileak ez du transgenikorik nahi, eta, Europako Batasunak haiek landatzea baimentzen duen arren, gobernuek muga zorrotzak jartzen dizkiete landaketei. Horren adibide dira apirilean Alemaniak ezarritako luzamendua eta Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua. Nondik begiratzen zaion, beraz, porrotaz hitz egin liteke, transgenikoak eta arriskua —edo, zuzenean, kaltea— berdindu egin baitira pertsona askoren buruetan.

Ez da harritzekoa, dena den. Batetik, transgenikoak landatzea bultzatzen duten konpainia handiek mesede eskasa egin diote bioteknologiari, besteak beste, ilunak baino ilunagoak direlako komunikazioaren esparruan. Bestetik, merkataritza- eta ekoizpen-ereduaren mataza sozioekonomiko eta politikoaren erdigunean bertan jarri dituzte transgenikoak. Hain zuzen ere, ekoizpen-eredu bidegabe baten erreminta ezinbestekotzat jotzen dituzte batzuek transgenikoak. Eta salatzen dute haiek ekoiztea edo ez ekoiztea ez dela askotan aukera. Beste batzuek, berriz, fokua haietan jarrita dagoela nabarmentzen dute, baina arazoa ez direla berez transgenikoak, gure garapen-ereduaren miseriak baizik.

Teknologia maltzurrak ez, erabilera maltzurrak daudela esan ohi da, eta, topikoa izanagatik ere, beharko genuke bereizi zein diren transgenesiari lotutako arriskuak, eta zein ekoizpen-ereduaren gaitzak. Lanak emango ditu horrek, hain dago estu korapilatuta hazi transgenikoen mataza; baina transgenesia aukera izan dadin guztiontzat, beste aukerarik ez dago.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.