Zientziaren argitalpen-sistema eta aldizkari predatzaileak

Agirre Orbegozo, Oskia

EHUko Liburuzaina

zientziaren-argitalpen-sistema-eta-aldizkari-preda
Arg. Sergei25/Shutterstock

Zientziaren nazioarteko argitalpen-sistema konplexua izateaz gain, negozio biribila ere bada argitaletxe askorentzat. Ospe handiko aldizkarien harpidetza-prezioak neurriz kanpokoak dira, eta aldizkari predatzaileak aurkitu ditzakegu nonahi, argitaratzeko premia duten biktimen zain. Nola bihurtu dira aldizkari zientifikoak horrelako negozio paregabea?

XVII. mendean sortu ziren lehenengo aldizkari zientifikoak, eta zientziaren komunikazio-sistemaren oinarria izan dira ordudanik. XX. mendean aldizkari zientifikoen kopuruak etengabe egin zuen gora, eta, egun, milaka eta milaka aldizkari zientifiko argitaratzen dira mundu guztian. Halere, mundu mailako argitalpen-merkatua bost argitaletxeren eskuetan dago. Argitaletxe erraldoi horiez aparte, gainerakoak argitaletxe komertzial apalak edota aldizkari gutxi batzuk argitaratzen dituzten argitaletxe txikiak, unibertsitateak eta sozietate zientifikoak dira.

Interneten sorrerak erabat aldatu zuen zientziaren argitalpen-sistema. Mundu digitala sortu aurretik, harpidetza bidez bakarrik lor zitezkeen paperezko aldizkari zientifikoak, gehienetan. XX. mendearen azken hamarkadetan, harpidetza-prezioek gora egin zuten etengabe, serial crisis delakoaren eraginez (Guédon 2017). Krisi hori izan zen, teknologia berrien garapenarekin batera, sarbide irekia agertzearen arrazoietako bat. Hainbat adierazpen eta manifesturen bidez eskatu zen edonoren eskura jartzea, doan eta libreki, diru publikoz ordaindutako ikerketen emaitzak, eta eskaera horiek eragin zuzena izan dute zientziaren komunikazio-sistema osoan.

Sarbide irekiaren bilakaera, halere, urrun dago lehenengo defendatzaile eta sustatzaileek zuten ikuspegi idilikotik.

Bide berdea eta urrezkoa

Artikulu zientifikoak irekian jartzeko bi bide nagusi eta osagarri daude: bide berdea deritzo bideetako bati, eta artikuluak eta lan zientifikoak gordailu edo artxibo digitaletan jasotzean datza; urrezko bidea deritzo besteari, eta lan horiek sarbide irekiko aldizkari zientifikoetan argitaratzean oinarritzen da.

Sarbide irekiaren lehenengo sustatzaileak bide berdearen aldekoak ziren (Harnad 2004), eta bide horren erakusle eta aitzindari nagusia da ArXiv, 1991. urtean Alan Ginspargek sortua. Matematika eta fisikaren arloko preprintak jasotzen dituen gordailua da, hau da, oraindik aldizkarietan argitaratu gabe dauden lanak igotzen dituzte bertara ikerlariek. Egungo gordailuetara aldizkariek baimendutako hainbat bertsio igo daitezke (preprintak, postprintak eta argitaletxearen bertsioa). Halere, bide berdea ez da hain arrakastatsua izan beste arlo batzuetan, eta, sarritan, ezjakintasunagatik edo horretara behartzen ez duen erakunde finantzatzailerik ez dagoelako, ez da erabiltzen sarbide irekia lortzeko bide hori. Gordailuen ordez, sare sozial akademikoak erabiltzeko ohitura zabaldua dago, hala nola ResearchGate eta Academia.edu sareak. Sare sozialek ez dituzte beti argitaletxeen egile-eskubideen inguruko politikak betetzen, eta tentuz erabili behar izaten dira.

Hortaz, urrezko bidea da sarbide irekiarekin identifikatzen dena, alegia, sarbide irekia baimentzen duten aldizkari zientifikoetan argitaratzea. Sarbide irekiko aldizkariek negozio-eredu desberdinei erantzuten diete, eta diziplina bakoitzean ezaugarri desberdinak dituzte. Giza zein gizarte-zientzietan, ohikoa da unibertsitateetako argitalpen-zerbitzuek, sozietate zientifikoek eta erakunde publikoek aldizkariak argitaratzea. Arlo horietan, mozkinak marjinalak direnez, berehala ezarri zen sarbide irekia, eta irakurtzea eta berrerabiltzea doakoa izateaz gain, haietan argitaratzeko ez da normalean ezer ordaindu behar.

Zientzia eta osasunaren arloko aldizkarietan, berriz, egoera bestelakoa da. 2004. urtean Springer argitaletxeak Open Choice aukera sortu zuenetik, ohikoa da sona eta ospe handiko nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratzeko ordaindu behar izatea. APC edo Article Processing Charges esaten zaie tasa horiei. Adibide gisa, BMJ taldeko aldizkarietan 3.000 £-ko APCak eskatzen dira. Tasa horiek ikerketa-proiektuen aurrekontuetatik ordaintzen dira gehienetan, baina ikerlariek horrelako diru-iturririk ez badute, beren poltsikotik ordaindu behar dituzte.

Negozio-eredu honetan ere gorabeherak egon badaude, lan guztiak sarbide irekian argitaratzen dituzten aldizkari batzuek tasak kobratzen dituzte, eta beste batzuek, ez. Beste negozio-eredu bat da APCa ordainduz gero artikuluak irekian jartzeko aukera ematen duten harpidetza bidezko aldizkariena. Azken horiei aldizkari hibrido esaten zaie, eta gogor kritikatu izan dira, ulertzen baita bertan argitaratutakoa bi aldiz ordaintzen dela: harpidetza bera batetik, eta APCa, bestetik. Hiru aldiz ordaintzen dela dioenik ere bada, ikerketa-lanak normalean diru publikoz ordaintzen baitira.

Gaur egungo zientziaren argitalpen-sistema argitaletxe erraldoien esku dago, oligopolio-kasu garbia da. Bost dira merkatuaren jabe diren nazioarteko argitaletxeak: Reed-Elsevier, Springer, Wiley-Blackwell, Taylor & Francis eta Sage. Unibertsitateek eta estatu mailako negoziazio-taldeek urtero negoziatzen dituzte argitaletxeekin aldizkarien harpidetza-kostuak. Azken urtean, hainbat izan dira bertan behera gelditu diren harpidetzak, ezin izan dutelako argitaletxeekin akordio egokirik lortu; adierazgarria da Elsevierren kasua.

Estatu Batuetako emaitza zientifikoen % 10 Kaliforniako Unibertsitateari dagokio; 10 milioi dolar ordaindu zizkion harpidetzetan Elsevierri, 2018an (McKenzie 2018). 2019an, bertan behera utzi ditu Elsevierrekin zituen harpidetzak, sarbide irekiaren inguruko arazoak direla eta (UC and Elsevier, 2019). Erabaki berbera hartu dute Norvegian ere, Elsevierrek ez baititu sarbide irekia lortzeko Norvegiak ezarritako baldintzak betetzen (“Norwegian research institutions have decided not to renew their agreement with Elsevier”, 2019). Norvegiaren kasuan, akordio batera iristea lortu dute, irakurri eta argitaratzeko akordio baten bitartez. Read and publish deal deritze akordio horiei. Elsevierrek argitaratutako 2.800 aldizkaritara sarbidea izateaz gain, ikertzaile norvegiarrek Elsevierren aldizkarietan argitaratzen dutenaren % 90 doan irakurri ahal izango da (Else 2019) .

Publish or Perish

Ez dira kasu bakarrak; aurretiaz, Alemania, Suedia eta Hungarian ere Elsevierrekin estatu mailako lizentziak negoziatzeko prozesuak eten dira, eta argitaletxe holandarrak aldizkarietarako sarbidea moztu du hainbat lekutan (Else 2019), Kaliforniako Unibertsitatearen salbuespenarekin.

Lehenengo bi aldizkari zientifikoak: Le Journal de Scavans eta Philosophical Transactions, 1665. urtean argitaratuak biak. Iturria: Jabari publikokoa eta Henry Oldenburg/CC-BY 4.0.

Ikerlariak euren lanak argitaratzera bultzatzen ditu egungo ikerketaren ebaluazio-sistemak; Publish or Perish deitzen zaio nahitaez argitaratu beharrari. Ibilbide profesionalean aurrera egin nahi badute nahitaezkoa dute beren ikerketen emaitzak argitaratzea. Halere, aldizkari guztiek ez dute balio bera sistema honetan, Web of Science eta Scopus nazioarteko datu-baseetan indexatutako aldizkariak lehenesten baitira; eta hori lortzen ez bada, nazioarteko aldizkariak dira helburu. Ingelesez idatzitako zientzia- eta teknologia-arloko aldizkariak dira datu-baseetan ohikoen. Dena dela, nazioartekoak izan ala ez izan, aldizkari zientifikoen kalitate-bermea parekoen berrikuspen-sistema da, eta ikerlariek doan egiten dute lan hori.

Hori horrela, ikerlarien artean ere izugarrizko konpetentzia dago argitaratzeko ahaleginetan. Ikerlarien behar horiek aprobetxatuz, aldizkari predatzaile esaten zaien sasialdizkari zientifikoak agertu dira. Aldizkari horiek oso jarduera agresiboak dituzte, egileekin harremanetan jartzen dira argitaratzeko lanak eskatzeko, eta artikuluak jasotzen dituztenetik argitaratu arteko epeak oso laburrak izaten dira. APCak ordaindu behar dira, baina ospe handiko aldizkarienak baino askoz ere baxuagoak dira. Mundu mailan ezaguna den aldizkari batean 2.000 €-tik gorako tasak ordaindu behar badira, aldizkari predatzaileetan 100 €-tik behera eskatzen dituzte batzuetan, ehunka gutxi batzuk bestetan. Herrialde pobreetara eta finantzazio-iturri gutxi dituzten ikerlariengana jotzen dute batik bat.

Azken urteotan ugarituz joan dira aldizkari predatzaileak, Publish or Perishak eraginda. Haien ezaugarrietako batzuk oso nabarmenak dira: artikuluak jaso eta berehala argitaratzen dituzte askotan, inolako aldaketa edo egokitzapenik eskatu gabe, parekoen berrikuspen fikziozkoak eginez; sarritan, International hitza izaten dute izenburuan, edota arloan ezaguna den aldizkari baten izenburuaren antzekoa; batzorde editorialak ez dira gardenak edo izenak ospe handiko adituenak dira; eta nola ez, APCak kobratzen dituzte beti.

Predatzaileak nola identifikatu

Nola hauta dezake ikerlari batek zer aldizkari komeni zaion?

Hainbat tresna, produktu eta zerbitzutara jo daiteke. Jeffrey Beall liburuzainak aldizkari predatzaileen zerrenda argitaratu zuen, Beall List izenekoa. Beallek hainbat lan idatzi ditu aldizkari predatzaileen inguruan (2015) (2013) (2018). 2017an, hainbat presio-talderen eragina medio, Beallek zerrenda webgunetik kendu bazuen ere, posible da zerrenda horren kopia eguneratua kontsultatzea (Beall’s List of Predatory Journals and Publishers 2019).

Gaur egun, hainbat dira kalitatezko sarbide irekiko aldizkariak identifikatzeko tresnak, baina ezagutu beharrekoa eta garrantzizkoena sarbide irekiko aldizkarien DOAJ direktorioa da, Suediako Lund Unibertsitatean sortua. Aldizkari bat zerrendan agertzeko nahitaezkoa da parekoen berrikuspen-prozesua izatea; 2014an, zerrendan sartzeko irizpideak gogortu zituzten. Negozio-eredu eta argitaletxeen inguruko informazio asko eskaintzen du; tartean, APCak.

DOAJen indexatua egotea kalitate-irizpide dela iritzi denetik, badira bertan jasota daudela adierazten duten aldizkariak, egiaz horrela ez bada ere. Aldizkari horien berri ematen duten zerrendak sortu dituzte (“Some journals say they are indexed in DOAJ but they are not”, 2019). Adibide gisa, hona hemen aldizkari baten izenburua: American Journal of Engineering Research, DOAJen indexatuta dagoela jartzen du webgunean. Bertan jasotako hainbat informazio eta datuk adierazten dute aldizkaria erabat susmagarria dela: izenburuan American jarri arren, helbideak Indiakoak dira; APCak 60 $ dira, baina errupiak lehenesten dituzte webguneko konbertsio-taulan; ingeniaritza-arloko aldizkaria izan arren, batzorde editorialean osasun- eta fisika-arloko kideak aurkitu daitezke. Dena den, aldizkari predatzaile guztiak ez dira horren erraz identifikatzen.

Diziplina jakin batzuetan espezializatutako produktuak ere aurkitu ditzakegu, Berlin Institute of Health erakundeak biomedikuntza arlorako sortutako Open Access Journal Whitelist (Open Access Journal Whitelist), adibidez.

Aldizkariak hautatu eta ebaluatzeko garaian erabili daitekeen beste tresnetako bat ThinkCheckSubmit webgunea da (Think Check Submit). Komunikazio akademikoaren inguruan lan egiten duen eragile-talde batek bultzatutako irizpide-zerrenda aurkitu daiteke bertan, hainbat hizkuntzatara itzulia.

Ordainduz eskura daitezkeen zerrenda zuriak eta beltzak ere argitaratu dira. Cabell’s Whitelist/Blacklist produktu horien adibide da. Aldizkari predatzaileen zerrenda predatzaile gisa ere deskribatu izan da.

Sarbide irekiak goitik behera aldatu du zientziaren komunikazio-sistema, baina kalitatezko aldizkarien ezaugarriak bere horretan mantendu dira. Ezinbesteko baldintzetako bat da parekoen berrikuspen-prozesua eta kalitatezko aldizkari zientifikoek, sarbide irekikoak izan ala ez, baldintza hori bete behar dute.

Sarbide irekiko aldizkari egokirik topatzen ez baduzu, edota APCak ordaintzerik ez baduzu, gordailu tematiko eta instituzionalak erabil ditzakezu alternatiba moduan. Are gehiago, artikulu honetan zerrendatutako tresna eta baliabideez gain, beti izango dituzu liburuzainak laguntzeko prest.

Bibliografia

arXiv.org e-Print archive. Eskuragai: https://arxiv.org/
BEALL, Jeffrey, 2013. Predatory publishing is just one of the consequences of gold open access. Learned Publishing. 26 libk., 2 zenb., 79–84 or. DOI 10.1087/20130203. Eskuragai: http://onlinelibrary.wiley.com/doi/10.1087/ 20130203/abstract
BEALL, Jeffrey, 2015. Criteria for determining predatory open-access publishers. Unpublished document. Eskuragai: http://publica.upc.edu/sites/default/files/arxius_site/criteris_editorials_fraudulentes.pdf
BEALL, Jeffrey, 2018. Predatory journals exploit structural weaknesses in scholarly publishing. 4open. 1 libk., 1 or. DOI 10.1051/fopen/2018001. Eskuragai: https:/articles/fopen/abs/2018/01/fopen180001s/fopen180001s.html
Beall’s List of Predatory Journals and Publishers, 2019. Eskuragai: http://beallslist.weebly.com/
Berlin Declaration, 2003. Eskuragai: https://openaccess.mpg.de/Berlin-Declaration
Bethesda Statement on Open Access Publishing, 2003. Eskuragai: http://legacy.earlham.edu/~peters/fos/bethesda.htm
Budapest Open Access Initiative, 2002. Eskuragai: http://www.budapestopenaccessinitiative.org/read
ELSE, Holly, 2019. Thousands of scientists run up against Elsevier’s paywall. Nature. DOI 10.1038/d41586-019-00492-4. Eskuragai: http://www.nature.com/articles/d41586-019-00492-4
ELSE, H., 2019. Elsevier strikes its first national deal with large open-access element. Nature. DOI 10.1038/d41586-019-01349-6. Eskuragai: http://www.nature.com/articles/d41586-019-01349-6.
GUÉDON, Jean-Claude, 2017. Open access: toward the Internet of the mind. Eskuragai: http://www.budapestopenaccessinitiative.org/boai15/Untitleddocument.docx
HARNAD, Stevan, 2004. For whom the gate tolls? How and why to free the refereed research literature online through author/institution self-archiving, now. Historical Social Research/Historische Sozialforschung. 76–113 or. Eskuragai: http://www.jstor.org/stable/20761931
Norwegian research institutions have decided not to renew their agreement with Elsevier, 2019. Mynewsdesk. [Kontsulta: 2019/03/2019]. Available from: http://www.mynewsdesk.com/no/unit/pressreleases/norwegian-research-institutions-have-decided-not-to-renew-their-agreement-with-elsevier-2846284
Open Access Journal Whitelist. Eskuragai: http://s-quest.bihealth.org:3838/OAWhitelist/
PLOS Open Letter, 2001. Eskuragai: https://www.plos.org/open-letter
Some journals say they are indexed in DOAJ but they are not, 2019. Google Docs. Eskuragai: https://docs.google.com/spreadsheets/d/1Y_Sza4rPDkf-NNX9kwiErGrKeNTM75md9B63A_gVpaQ/edit?usp=embed_facebook
Think Check Submit. Eskuragai: http://thinkchecksubmit.org/
UC and Elsevier, 2019. Office of Scholarly Communication [Kontsulta: 2019/03/2019. Eskuragai: https://osc.universityofcalifornia.edu/open-access-at-uc/publisher-negotiations/uc-and-elsevier/

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila