Oihaneko legea aipatzen dugunean, naturaren krudelkeria datorkigu burura: indartsuak ahula gupidarik gabe zapaltzen duela, alegia. Hala ere, azken hamarkadetan egindako ikerketek argi utzi dute naturan lehen uste zen baino zabalduago daudela portaera altruistak, bai espezie bereko norbanakoen artean, baita espezie ezberdinen artean ere. Baina hori ez al doa hautespen naturalaren aurka? Eboluzioan zehar bizirauteko eta ugaltzeko gene egokienak aukeratu izan badira, nolatan iritsi dira gaur egunera arte izaki bat beste batzuk laguntzera bultzatzen duten geneak? Hainbat azalpen proposatu dituzte ikertzaileek altruismoaren jatorriaren inguruan, eta eztabaida gogorrak ere izan dira. Ezadostasun horiek, gainera, egunkarietara ere heldu ziren, The Guardianera, adibidez; izan ere, Harvardeko Edward Wilsonek zientzialarien artean egin daitekeen mespretxurik handienetako bat egin zion Cambridgeko Richard Dawkinsi: kazetari deitzea. Ikus dezagun zertan datzan polemika hori, eta, batez ere, saia gaitezen izenburuko galderari erantzuten.
Marmota batek zeruan belatz bat ikusten duenean, ahalik eta azkarren eta isilen ezkutatzea izango da bere bizia salbatzeko komenigarriena. Horren ordez, oihuka hasiko da inguruan dauden espezie-kideak arriskuaz ohartarazteko. Desmonditinae familiako saguzarrek beste animalien odola dute elikagai, eta bi egunez jan gabe egonez gero, hiltzeko arrisku handia dute. Banpiro saguzar hauen artean, ohikoa da gauren batean odol nahikorik lortu ez duen banakoari taldeko besteren batek janaria ematea, berrahoratuta. Eta intsektuen arteko adibide ugarietako bat aukeratzearren: hainbat inurri espezietan, kolonia bateko soldadu- inurriek beren bizia emango dute habia defendatzeagatik. Halako jokaera altruisten zerrenda oso luzea da, eta urtero aurkitzen dira kasu berriak.
Ez da berehalakoa portaera horiek Darwinen eboluzioaren teoriaren arabera azaltzea, nahiz eta onartuta dagoen biologian ezerk ez duela zentzurik eboluzioaren teoriaren argitan ez bada, Dobzhansky ikertzaileak esan bezala. Izan ere, eta labur esateko, teoria honek esaten digu hautespen naturalak organismoetan gertatzen diren mutazioen gainean eragina duela, bizirauteko eta ugaltzeko egokiak direnak aukeratuz eta desegokiak direnak baztertuz. Hori horrela izanik, badirudi aipatu ditugun marmoten, saguzarren edota inurrien portaerek desagertuta beharko luketela, bizirauteko aukera handiagoa baitu isilean ezkutatzen den marmotak, lortutako elikagai guztia beretzat gordetzen duen saguzarrak edota eraso baten aurrean alde egiten duen inurriak.
XX. mendearen amaieran, eragin handia izan zuen Richard Dawkinsen The Selfish Gene liburuak (Gene berekoia, 1976). Bertan zioen geneek programatutako robot modukoak direla organismoak, eta hautespen naturalaren objektua genea dela, ez organismoa. Genea berekoi moduan deskribatzean Dawkinsek esan nahi duena da gene ezberdinen artean nolabaiteko borroka dagoela belaunaldi batetik bestera ez desagertzeko. Oro har, gobernatzen duten organismoak biziraun dezan eta ugal dadin bultzatzen duten geneak izango dira ez desagertzeko aukera handienak dituztenak. Naturan behatzen den altruismoa eboluzioa ulertzeko modu horretatik abiatuta azaltzeko, Hamiltonen ahaide- hautespenaren edo doitze inklusiboaren teoria erabil daiteke. Marmotaren adibidearekin jarraituz, egia da banako batek bere biziraupena arriskuan jartzen duela harrapari bat ikustean oihu egiten duenean, baina aldi berean inguruan dituen kideei laguntzen ari zaie. Kide horiek ziur aski familiakoak izango dituenez, gene asko izango dituzte komunean, eta portaera altruista eragiten duen genea partekatzeko probabilitate jakin bat izango da: % 50, guraso eta anai-arreben kasuan, % 25 lehengusuen artean, eta abar. Honela, marmota horren familiakideetan egongo diren gen berberaren kopien biziraupena bermatzen ari da marmotaren alarma-oihua eragiten duen gen berekoia. Haldane biologo britainiarrak ezin hobeto azaldu zuen galdetu ziotenean ea itotzear zegoen anaia batengatik bizitza emango lukeen: “ez, baina bi anaia edo zortzi lehengusu salbatuko nituzke.” Hortaz, portaera altruistak geneen nolabaiteko egoismoaren ondorioa izango lirateke, eta gene batzuen biziraupena bermatu dutelako mantendu dira.
Doitze inklusiboaren aldeko froga ugari aurkeztu dira. Esaterako, lehen aipatutako marmoten antzeko oihuak egiten dituzten lur-urtxintxen kasua: Paul Shermanek, talde bat hiru urtez aztertu ostean, ondorioztatu zuen ahaide gehiago bizirik zeuzkatenek sarriago jartzen zutela beren bizia arriskuan ingurukoak ohartarazteko.
Doitze inklusiboa egokia izan daiteke familiarteko edo, behintzat, gene berberak dituzten organismoen arteko altruismoa azaltzeko. Baina, naturan, izaten da altruismoa ahaidetasun erlazioetatik kanpo ere. Esaterako, banpiro saguzarren kasuan ez dago garbi familiartekoei gehiago laguntzen zaienik beste taldekideei baino. Beraz, altruismoaren jatorriaren azalpen gehigarri bat behar da, eta elkarrekiko altruismo deiturikoa izan liteke bat (Harvard Unibertsitateko Robert Triversek 1971an proposatua). Eredu horren arabera, hautespen naturalak portaera altruista batzuk onar ditzake, epe motzean organismo altruistarentzat kaltegarriak diruditen arren epe luzean onuragarriak izan daitezkeelako. Saguzarren kasuan, egun batean ase den aleak kalte txiki bat jasan dezake, jandakoaren zati bat gose den kide bati emanez. Aldiz, beste egunen batean elikagairik lortzen ez badu, hil ala biziko garrantzia izan lezake egun hartan lagundu zuen aleak berari odol apur bat emateak. Altruismo-mota hori, halaber, espezie ezberdinetako banakoen artean gerta daiteke. Esaterako, Afrikan bizi diren Indicator indicator espezieko hegaztiek erlauntzak non dauden adierazten diete gizakiei, eta gizakiek eztia hartu ondoren erlauntza irekita geratzen dela baliatzen dute hegaztiek larbak eta argizaria jateko.
Darwinek berak The Descent of Man liburuan (Gizonaren jatorria, 1871) aipatu zuen tribu bateko kideek abertzaletasun-, leialtasun-, obedientzia-, adore- eta begikotasun-maila altuak izanez gero, beste tribu batzuekiko lehian abantaila edukiko lukeela, eta, beraz, gizaki onen kopurua handituz joango litzatekeela belaunaldiz belaunaldi. Hau da, hautespen naturalak talde mailan ere lan egin zezakeela proposatu zuen. Hala ere, ikuspuntu horrek indarra galdu zuen XX. mendearen bigarren erdian, gene berekoiarekin erlazionatutako azalpenak nahikoa zirela ikusten baitzen. Mende-aldaketarekin, ordea, indar handiz itzuli da maila anitzeko hautespenaren osagai moduan. Teoria horrek dio hautespen naturala antolakuntza-maila ezberdinetan gerta daitekeela: gene, zelula, organismo, talde edota espezieetan.
Ikuspegi honen defendatzaile ezagunenetako bat da Harvard Unibertsitateko Edward O. Wilson biologoa. The Social Conquest of Earth liburuan (Lurraren konkista soziala, 2012) azaltzen du lurrean arrakasta handiena izan duten espezieak intsektu sozialak eta gizakia izan direla, gizartearen antolakuntza-maila altuena erdietsi dutelako. Intsektu-espezieen kasuan, erreginen hautespenaren bidez heldu dira egoera horretara. Gizakien kasuan, aldiz, maila anitzeko hautespena izango litzateke indar ebolutibo nagusia. Wilsonen arabera, gizabanakoen mailan portaera berekoiek abantaila bat eragiten dute: janaria beretzat gordetzen duenak bizirauteko aukera handiagoa du dena partekatzen duenak baino. Talde mailan, aldiz, altruismoa da onuragarriagoa, gizabanako altruistaz osatutako taldea egoistez osatutakoa baino indartsuagoa baita. Eta kontrako bi indar horiek batera gizakion eboluzioa gidatu izanak azalduko luke altruistak eta aldi berean geurekoiak izateko ezaugarria. Liburu horrek eta aurretik Nature aldizkarian tesi berberarekin zabaldutako artikulu batek eztabaida piztu zuten: urtetan zehar ahaide-hautespenaren eta elkarrekiko altruismoaren inguruan jardundakoek beren lana nolabait gutxietsi egiten zela adierazi zuten. Kritiko zorrotzena lehen aipatutako Richard Dawkins izan zen, Wilsonen liburuari buruz hau esatera heldu baitzen: “liburu hau ez da besterik gabe baztertzekoa. Indar handiz jaurti beharko litzateke.” Gero, Wilsoni gai horri buruz galdetu ziotenean, esan zuen berak zientzialariekin baino ez zuela eztabaidatzen, eta ez Dawkinsekin, bere iritziz Dawkins kazetaria baitzen eta kazetariek zientzialariek aurkitutakoa baino ez baitute kontatzen. Horrekin esan nahi zuen Dawkinsek aspaldian ez duela ikerketa originalik argitaratu eta publiko orokorrarentzako artikulu eta liburuak idazten dituela.
Polemika pertsonal horretaz haratago, zientzialarien artean ez dago adostasunik altruismoaren jatorrian eragina duten eboluzio-prozesuen artean garrantzitsuena zein den erabakitzeko. Maila anitzeko hautespenaren defendatzaileek ez dute ukatzen doitze inklusiboa eta elkarrekiko altruismoa gertatu daitezkeenik, baina esaten dute behaketa askorekin bat ez datozela eta aldeko froga gutxi daudela. Eta, alderantziz, bi prozesu horien aldekoek diote talde hautespena gertatzeko baldintzak oso gutxitan eman direla.
Denborak esango du zein den altruismoaren jatorriaren azalpenik egokiena. Naturan behaketak egiten jarraituko dute ikertzaileek, ikusitakoa azaltzeko eredu matematikoak aplikatzen eta ondorioak jakitera ematen. Orain arteko teoriek emaitza onik ematen ez badute, berriak sortuko dira eta, bidean, ez diogu ikasteari utziko. Bitartean, jarrai dezagun onak izaten.
DAWKINS, R. (1976): The Selfish Gene.
ELOSEGI, A. (1995): Sexua Eboluzioaren Motore - Ugal estrategiak joko ebolutiboan.
PEREZ, J.I. (2015): "La unidad de seleccion en la evolucion y el origen del altruismo", Cuaderno de Cultura Científica (culturacientifica.com).
WILSON, E.O. (2012): The Social Conquest of Earth.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak