CO2-a, CH4-a eta N2O-a dira BEG nagusiak; guztiak, abere-produktuen ekoizpenean sortuak. Haatik, CO2-az mintzo gara hein handi batean; zehazki, CO2 baliokideez (CO2 bal), horren bidez hartzen baitira kontuan hiru gasak termino bakarrean. Nahiz eta guztia CO2 baliokidetan adierazi, BEGen jatorriaren araberako bereizketa nagusi bat egin daiteke, non gas biogenikoak eta antropogenikoak ezberdintzen diren. Bizidunen arnasketako CO2-a eta hausnarkarien digestioan ekoitziriko CH4-a gas biogenikoak dira, eta ziklo motzeko karbonoak dituzte (1. irudia). Horiek, garraioan eta industrian ekoitziriko gas antropogenikoak ez bezala, ez dira ehunka urtez atmosferan pilaturik gelditzen [1].
Mundu mailan, abeltzaintzaren eskutik isurtzen diren BEGen kantitate totalaren % 62 behi-aziendak ekoitzia da. Txerri, oilo, bufalo eta hausnarkari txikien aziendek % 11-7 bitarteko iturburuak eragiten dituzte. Azkenik, BEGen isurketa-iturri apalena, % 3a, oiloak barne hartzen ez dituen gainerako hegaztiei dagokie [2].
Abeltzaintzari eta eguneroko jarduerei erreparatuz gero, BEGei dagokienez, alderaketa interesgarri bat egin daiteke: jo dezagun pertsona batek urtean 0,5 kg ardi-gazta kontsumitzen dituela; 30 minutu autoz edo 5-10 minutu hegazkinez bidaiatzean isurtzen den BEG-kantitatearen baliokidea da hori. Are gehiago, hegazkinez egiten den bidaia arrunt batean isurtzen diren BEGak 10-20 ardi-gazta jan osteko betekada dira.
Ekoizpen-intentsitatearen gradientean ezarrita daude abereen ekoizpen-sistema guztiak (2. irudia): gradientearen behe-mugan, intentsitate apaleko ekoizpen-sistema estentsiboak daude; goi-mugan, aldiz, intentsiboenak. Azken horietan, abere-produktuaren ekoizpena altua da, ukuiluratze orokortu, elikagai digerigarrienen erabilera eta ugaltze emankorragoen ondorioz [3].
Hiru ezaugarri horiek ekoizpen-alderdia emenda badezakete ere, ekoizpen-sistemari loturiko ingurumen-inpaktuak (esaterako, BEGen isurketak) maximoak dira. Gainera, larreak uzteak eragiten du are eta murritzagoak izatea abeltzaintzak eskain ditzakeen ingurumen-onurak [4].
Maneiu estentsiboan, ukuiluratze-denbora minimoa da, abereak etxalde eta mendietako bazkalekuetan elikatzen dira, eta animaliaren bizi-ziklo naturala lehenesten da. Eta, ekoizpen intentsiboenarekin alderatuz, produkzioa nabarmen apalagoa da kasu honetan. Hala ere, BEG eta ingurumen-inpaktu gutxiago eragiten dira, eta, zer esanik ez, gehiago dira abeltzaintzari esleituriko ingurumen-onurak [3, 4]; besteak beste, larreen biodibertsitatea mantentzea, landa-eremua kontserbatzea, suteak prebenitzea eta lurzoruaren karbono-bahitzea emendatzea [5].
BEGen isuriak edota CO2 baliokideak balioetsi ahal izateko, ikertzaileek bizi-zikloaren analisia (BZA) erabiltzen dute. BZA bidez, adibidez, ardi-esnea ekoizteko egiten den ekintza oro azter daiteke: tartean, abereak elikatzea, hondakinak kudeatzea edo artaldea maneiatzea (3. irudia). Hala, metodologia hori baliatuz, jarduera bakoitzari dagokion ingurumen-inpaktua balioets daiteke.
Abeltzaintzaren ingurumen-onurek ere, badute lekurik BZAn. Lurzoruaren karbonoa bahitzeko gaitasuna emendatzea larre-kudeaketarekin lotua dago. Izan ere, larreen ongarritzeak eta abereen maneiuak baldintzatzen dute nagusiki lurzoru batek metakin modura karbonoa gordetzeko duen ahalmena; BZAz balioets daiteke, eta CO2 baliokideen isurien murrizte-estrategiatzat hartu.
Horrenbestez, CO2 baliokideen isuriak eta bahitzeak kontuan hartuz gero, abereen ekoizpen-sistema baten ingurumen-eragin netoa kalkula daiteke:
CO2 balisuri – CO2 balbahitu = CO2 balnetoa
Gainera, balioespen-lana borobiltze aldera, CO2 baliokide netoa produktu-unitateko adierazten da; hau da, karbono-aztarna modura: horrenbeste CO2 baliokide isurtzen (CO2 balnetoa > 0) edo bahitzen (CO2 balnetoa < 0) dira, esaterako, ekoitziriko esne-litroko, haragi- edo artile-kiloko, arkume-buruko, balioetsi nahi den produktuaren arabera.
Euskal Herriak betidanik izan du abeltzaintzarekiko lotura estua. Egun, esne- eta gazta-salmenta helburu duelarik, latx-artzaintza da bertako abere-jarduerarik zabalduena. Izatez, latx-artaldeen maneiua molde estentsibokoa bada ere, azken urteetan gailentzen ari da molde intentsiborantz jotzeko joera nortasun handiko arraza honen artegi gehienetan [6].
Latx-artzaintzaren kokapena zehaztu gabe dago oraindik, abereei, haien maneiuari eta BEGei dagokienez. Horretarako, lehen hurbilketa modura eta BZA erabiliz, 20 latx-artalderen karbono-aztarna balioetsi eta esne-ekoizpenean eragiten diren BEGen iturri nagusiak identifikatu dira master-amaierako lan batean [7].
Espero ez bezala, BZAz balioetsiriko karbono-aztarnak alde handiak erakutsi zituen 20 latx-artaldeetan (4. irudia). Abereen maneiuak garrantzi handia zuen; izan ere, esne-litro baten ekoizpenean CO2 baliokide gutxi isurtzeak eta karbono-kantitate altuak bahitzeak bermatzen zuten amaierako karbono-aztarna txikia izatea. Baina BZAn karbono-aztarnaren oinarria produkzio-unitatea (esne-litroa) izanda, abereen gestioak baino pisu handiagoa zuen abelburu bakoitzeko ekoizten zen esne-litroen kopuruak. Ondorioz, artegi intentsiboenek emaitza hobeak izan zituzten karbono-aztarnaren balioetan.
Hala ere, isuriak eta bahitzeak elkartzean, latx-artalde gehienek, intentsiboago nahiz estentsiboagoek, karbono-aztarna berdintsuetara jo zuten (3-6 CO2 bal Kg / esne L).
Ardi-esnearen ekoizpenean inplikaturiko CO2 baliokideen isurien jatorria eta haietako bakoitzaren pisua ezberdina da. BEGen bost iturburu nagusi bereiz daitezke: abereen hausnarketa (irentsitako elikagaia bigarrenez ahoratzea), pentsu eta bazken erabilera, ongarritzea, energia eta lastoa (5. irudia).
Belarra energia-iturri gisara erabiltzeko prestatua dago hausnarkarien urdail konplexua, zehazki, urdaileko komunitate mikrobianoa, zeinak elikagaia digeritu eta aberearentzako erabilgarri egiten duen. Aldi berean, ordea, BEGa den CH4-a kanporatzen da azpiproduktu gisara, eta izugarria da (% 47) CO2 baliokideen isuri totalean duen eragina.
Latx-artegietan, geroz eta zabalduago dago etxaldeaz at ekoitziriko pentsu eta bazka osagarriak erabiltzea abereak elikatzeko. Laborantza-lur intentsibo eta urrunetan landuak direnez normalean, N2O-a eta CO2-a askatzearekin lotuta daude. Hala, abereen hausnarketaren ostean, BEGen bigarren iturri nagusi (% 21) bilakatzen da mota honetako elikagaien erabilera. Beraz, bai abereen dieta eta bai geroko hausnarketa erlazionaturik egonda, esan daiteke elikadurari dagokion eragina % 68koa dela.
Bestalde, CO2 baliokideen isuri totalean, ehuneko txikiagoa eragiten dute ongarritzean, energian eta lastoan jatorria duten BEGek. N2O-ak eta CH4-ak abereen hondakinekin eta haien maneiuarekin dute lotura. CO2-a, bestalde, erregai fosilen erabilerarekin eta abereen oheak egiteko etxaldeaz kanpoko lasto-ekoizpenarekin lotzen da.
Jatorrizko latx-abeltzaintzan, etxalde eta mendialdeko bazkalekuak dira abere-dietaren oinarria. Larre-baliabideak, gaur egungo pentsu eta bazkekin alderatuz, abereentzako digeritzen zailagoak dira; komunitate mikrobianoaren jarduera handiagoa da larreetan, ondorioz, hausnarketaz isuririko CH4-a BEGa gehiago da larreetan, pentsu eta bazken aldean [8]. Haatik, atzerriko elikagairik ez denez erabiltzen, ez dira existitzen horien ekoizpenarekin loturiko ingurumen-inpaktuak. Are gehiago, larratzeak eraginda, artzaintzak ingurumen-onurak eskain ditzake (6. irudia).
Karbono-bahitzearen emendioa eta larreen biodibertsitatearen mantenua latx-artzaintzari esleituriko bi ingurumen-onura dira. Larreen maneiu eta ongarri modura sortuko diren hondakinen kudeaketak baldintzatzen du karbono-bahitzearen emendioa; larre-azalera zabalen erabilerak eta simaur konpostatuaz lurzorura gai organikoa gehitzeak karbono-bahitze maila altuenak eragingo dituzte. Gainera, zenbait ikerketa-lanek baieztatzen dute karbono-aztarna netoak % 81-93ko beherapena izan dezakeela lurzoruko karbono-bahitzearen eraginez [9].
Larreen biodibertsitatearen mantenuari dagokionez, haran kantauriarreko etxaldeetan kudeatzen diren zelaietan egindako neurketen arabera, batez besteko espezie-ugaritasuna —zeina dibertsitatearen adierazle den— 50 ingurukoa da; baserri mailan, 60koa. Eredu estatistikoen bidez iragarritako zenbatespena 70ekoa dela ikusi da. Nabarmentzekoa da, halaber, ardiak larratzen diren belardietan behatu dela landare-dibertsitate altuena [10].
Esne-ekoizpena handitzeko joerak, ordea, larre erdinaturalak uztea eta pentsu eta bazka digerigarriagoak erabiltzea dakar (7. irudia). Elikagai horien digestioan hausnarketa apalagoa da, eta, ondorioz, CH4 gutxiago isurtzen da. Aitzitik, isuririko BEGen kantitatea lekualdatu besterik ez da egiten, hausnarketatik kendu, eta pentsu eta bazken ekoizpenari eransten baitzaio; alegia, gas biogeniko izatetik gas antropogeniko izatera igarotzen da [11]. Horrez gain, abereak artegietan mantentzeagatik ez da ageri inolako ingurumen-onuren zantzurik.
Ondorioz, latx-artzaintza estentsiboa eta klima-aldaketa lagunak ala arerioak dira? Esne-ekoizpenari so itsuturik, zerk ordezkatuko luke etxalde eta larreen mosaikoa? Agian zementuzko azpiegitura batek, bidaia arrunt bakoitzean hogeina ardi-gazta kanporatzen dituen hegazkinez horniturik.
CAF-Elhuyar sarietara aurkeztutako lana.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak