Digeriezina baina onuragarria izan daitekeen almidoia

Ivan Gomez-Lopez

Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. Elikagaien Zientzien Ikerketa Institutua (CIAL), CSIC- UAM.

Maitane González-Arceo

Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU.

Maria Puy Portillo Baquedano

Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. CIBERobn, Carlos III Osasun Institutua. BIOARABA Osasunaren Ikerketa Zentroa

Saioa Gómez-Zorita

Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. CIBERobn, Carlos III Osasun Institutua. BIOARABA Osasunaren Ikerketa Zentroa

Zer desberdintasun dago almidoi arruntaren eta almidoi erresistentearen artean? Almidoi erresistenteak onurak izan ditzake osasunaren aldetik? Almidoi erresistenteak arreta handia jaso du azkenaldian, eta ez da harritzekoa; izan ere, hainbat ikerketak erakutsi dutenaren arabera, obesitatea eta haren komorbilitateak tratatu edota prebenitzeko tresna interesgarritzat har daiteke.

Almidoia glukosa-molekula ugariz osatua dagoen karbohidrato-iturri konplexu bat da. Molekula horiek bi kate-motaz eratuta daude: amilosa eta amilopektina. Horiek, aldi berean, sare handi bat osatzen dute, non amilosa zati lineala izango bailitzateke, eta amilopektina adarkatua. Makromolekula honen konplexutasuna dela eta, karbohidrato horiek ezin dira xurgatu glukosa-unitateek eratzen duten saretik askatzen diren arte.

Almidoi guztiek egitura bera duten arren (amilosa-amilopektina) eta konposatu berdinez osatuta dauden arren (glukosa), guztiek ez dute portaera bera. Jasan ditzaketen digestio-mailaren arabera bereiz daitezke almidoiak, hainbat izanik digestio-maila zehazten duten faktoreak, besteak beste, amilosa/amilopektina erlazioa, molekularen tamaina eta almidoiaren jatorria. Hori dela eta, hiru motatan sailkatu daitezke (1. irudia):

- Almidoi azkarra: digestioaren lehen 20 minutuetan digeritzen dena.

- Almidoi geldoa: 20-120 minutuko digestioa behar duena.

- Almidoi erresistentea (AE): giza hesteetan digeritu eta xurgatu ezin dena.

Zehazki, almidoi erresistenteak izen hori hartzen du digestio-entzimek ezin dutelako digeritu. Organismoari onura handiak ekar diezazkioke almidoi erresistenteak; besteak beste, xurgatzen ez denez, heste lodira heltzean hesteetako mikrobiotaren hartzidura jasaten du, eta, ondorioz, zuntz gisa jokatzen du gure hesteetan.

Bost almidoi erresistente mota daude, haien izaera eta elikagaien izaera kontuan hartuta [1] (1. irudia):

- 1. mota (AE1): fisikoki eskuraezina den almidoia; izan ere, matrize digeriezin batez inguratuta dago, eta horrek kozinatze-beroarekiko egonkortasuna ematen dio. Ale eta lekaleetan aurkitu daiteke, batez ere.

- 2. mota (AE2): bere egitura trinkoa dela eta, digestio-entzimen ekintza mugatua da. Elikagai gordin batzuetan aurkitu daiteke; adibidez, patatetan eta banana berdeetan.

- 3. mota (AE3): berotutako almidoiaren hozte-prozesuan sortutako almidoi atzera mailakatua (almidón retrogrado). Adibidez, arroza edo pasta egosi eta hotzean kontserbatu ostean eratzen dena.

- 4. mota (AE4): kimikoki eraldatutako almidoia, elikagaiaren hobekuntza teknologiko eta sentsorialerako gehigarri gisa erabiltzen dena.

- 5. mota (AE5): lipidoen, almidoiaren eta alkoholen arteko interakzioaren bidez eratzen diren konplexuak. Adibidez, ogiaren hartziduran sortutakoak.

1. irudia: Almidoiaren sailkapena eta AE-motak.

Almidoi erresistentearen efektu onuragarriak

Almidoi erresistentearen efektu onuragarri potentzialen artean, obesitatean eta haren komorbilitateetan dituen eraginak nabarmentzen dira (2. irudia). Almidoi erresistentea irensteak, bereziki AE2 motakoa, gosea murriztu dezake [2], eta, ondorioz, elikagai gutxiago ahoratzen dira. Dena den, badirudi estrategia hori soilik ez dela nahikoa gizentasuna tratatzeko edota prebenitzeko. Ikerketa gehienek ez dute erlaziorik aurkitzen almidoi erresistentea jatearen eta gorputz-pisua txikitzearen edo konposizioa hobetzearen artean, epe laburrean. Behar bada, epe luzean, gorputz-gantza murrizten lagundu lezake [3].

Obesitatea duten pertsonek maiz dislipemia izaten dute, hau da, odoleko lipido-maila altuak izaten dituzte, HDL kolesterolarena izan ezik, hori murriztuta egoten baita. Horri dagokionez, gizakietan egindako ikerketak ez dira guztiz eztabaidaezinak. Ikerketa batzuen arabera, almidoi erresistenteak ez du odoleko lipidoen profila hobetzen; beste ikerketa batzuek, ordea, adierazten dute kolesterolaren eta triglizeridoen kontzentrazioak murriztu ditzakeela [3,4].

2. irudia. AEren efektu onuragarriak eta obesitatean zein haren komorbilitateetan eragiten duten mekanismoak.

Obesitatearekin estuki erlazionaturiko beste asalduretako bat intsulinarekiko erresistentzia da, zeinak denborarekin 2 motako diabetes mellitusaren garapena ekar baitezake. Intsulinarekiko erresistentzia duten pertsonetan, gluzemiaren kontrola eta intsulinarekiko sentikortasuna kontuan hartu beharreko bi faktore garrantzitsu dira. Ikerketa askok erakusten dute AEa jateak odoleko glukosa-kontzentrazioa murrizten duela baraualdian zein jan ostean. Emaitza horien arabera, ondoriozta daiteke AEa jateak —AE2a, batez ere— efektu onuragarriak dituela gluzemiaren kontrolean. Hala ere, efektu horiek ez dira beti gertatzen [5]. AE2aren efektu positiboak bi modutakoak izan daitezke. Batetik, almidoia digeritzen ez denez, hura osatzen duen glukosa ez da askatuko eta, beraz, ez da xurgatua izango. Horrek gluzemiaren igoera ekidingo du. Bestetik, digeritu ez den almidoia heste lodira helduko da, non koloneko mikrobiotak hartzituko baitu, eta, ondorioz, kate laburreko gantz-azidoak eratuko dira. Gantz-azido horiek gibeleko glukosa-sintesia murriztu dezakete, eta horrek, aldi berean, odoleko glukosa-maila jaistea eragin dezake.

Almidoi erresistenteak intsulinaren gain duen efektuari dagokionez, ikerketa guztiak ez datoz bat. Ikerketa batzuek adierazten dute almidoi erresistenteak intsulinaren jariaketa hobetzen eta hormona horrekiko sentikortasuna handitzen duela. Glukosaren kasuan gertatzen den bezala, efektu horiek kate laburreko gantz-azidoen eraginez izan litezke. Beste azalpen posible bat izan liteke aipatutako efektuak hantura sistemikoaren murrizketaren ondorioz gertatzen direla, almidoi erresistenteak hesteko bakterio onuragarrien hazkuntza bultzatzen baitu, heste-paretaren integritatea hobetzeaz gain [6].

Obesitateak eta haren komorbilitateak maila baxuko hantura kronikoaren eta sistemikoaren garapena dakarte, eta, aldi berean, hantura horren ondorioz, aipaturiko patologiek okerrera jotzen dute. Hori dela eta, hantura-markatzaileak murrizteak onura handiak izan ditzake pertsona horietan. Hala ere, hanturaren gain almidoi erresistenteak duen papera ez dago oso argi. AE2arekin egindako ikerketa batzuen arabera, ez dirudi hantura-prozesuetako bitartekarien murrizketa gertatzen denik [7]. Aldiz, beste ikerlan batzuetan ikusi da almidoi erresistenteak hanturaren aurkako efektuak dituela, hantura eragiten duten markatzaileen murrizketarekin erlazionatu baita [8].

Nola jan almidoi erresistente gehiago edota nola handitu elikagaietan dagoen kantitatea

Ikerketa batzuen arabera, badirudi onuragarria izan litekeela pertsona batzuetan almidoi erresistentearen kontsumoa handitzea. Modu errazenetariko bat da almidoi erresistentea berez duten elikagaiak kontsumitzea, hala nola aleak, lekaleak, zereal integralak eta horien deribatuak (pasta integrala) edota platano berdea. Lehenago aipatu den moduan, elikagai horietan AE1a eta AE2a aurkitu daitezke.

Kontsumoa handitzeko beste modu bat da elikagaietan almidoi erresistentearen kantitatea handitzea. Almidoitan aberatsak diren elikagaiak (arroza, pasta, tuberkuluak) berotu ondoren denbora nahikoa uzten badira hozten, AE3a lortzen da. Berotzen den bitartean almidoia jelatinizatu egiten da, eta, hozte-prozesuan, almidoi-molekula horiek berrantolatu eta kristalizatu egiten dira. Prozesu horretan almidoiak jasaten duen egitura-aldaketa dela eta, digestio-entzimek ezin dute glukosa-sarea apurtu. Oso garrantzitsua da elikagaiak hozkailuan hoztea; izan ere, ikusi izan da 4 ⁰C-an AE3 gehiago eratzen dela. Tenperaturaz gain, elikagaiak hozten uzten ditugun denbora-tartea ere garrantzitsua da. Elikagaiak kontsumitu aurretik 48-72 ordu bitartean hozten uzten badira, almidoi-mota horren kantitatea handitzea lor daiteke. Elikagaiak kontsumitu aurretik berotu nahi badira, komenigarria da tenperatura baxuetan egitea, AE3ren kantitatea murriztu dadin ekiditeko [9].

Ondorioak

Laburbilduz, zenbait kasutan almidoi erresistenteak obesitatearekin eta beste asaldura metaboliko batzuekin erlazionatutako parametroak hobetu ditzakeela ikusi bada ere, azpimarratu beharra dago orain arte egindako ikerketa guztien emaitzak ez datozela guztiz bat. Gizakietan eginiko ikerketak eskasak dira oraindik, batez ere epe luzeko efektuak aztertzen saiatzen direnak, almidoi erresistentearen dosi altuak erabiltzen dituztenak edota lagin-tamaina egokiak erabiltzen dituztenak. Horrek guztiak, almidoi erresistenteak izan litzakeen efektu positiboak estal ditzake. Bestalde, komenigarria izango litzateke almidoi erresistente mota bakoitzaren efektuak banaka aztertzea, bakoitzak efektu desberdinak izan ditzake eta.

 

Erreferentzia bibliografikoak

[1] Villarroel P., Gómez C., Vera C. eta Torres J. 2018 “Resistant starch: Technological characteristics and physiological interests”. Rev. chil. Nutr, 45(3):271-278. doi:10.4067/s0717-75182018000400271.

[2] Amini S., Mansoori A. eta Maghsumi-Norouzabad L. 2021. “The effect of acute consumption of resistant starch on appetite in healthy adults; a systematic review and meta-analysis of the controlled clinical trials”. Clin Nutr ESPEN, 41:42-48. doi: 10.1016/j.clnesp.2020.12.006.

[3] Guo J., Tan L. eta Kong L. 2021. “Impact of dietary intake of resistant starch on obesity and associated metabolic profiles in human: a systematic review of the literature”. Crit Rev Food Sci Nutr, 61(6):889-905. doi: 10.1080/10408398.2020.1747391.

[4] Halajzadeh J., Milajerdi A., Reiner Ž., Amirani E., Kolahdooz F., Barekat M., Mirzaei H., Mirhashemi SM. eta Asemi Z. 2020. “Effects of resistant starch on glycemic control, serum lipoproteins and systemic inflammation in patients with metabolic syndrome and related disorders: A systematic review and meta-analysis of randomized controlled clinical trials”. Crit Rev Food Sci Nutr, 60(18):3172-3184. doi: 10.1080/10408398.2019.1680950.

[5] Xiong K., Wang J., Kang T., Xu F. eta Ma A. 2021. “Effects of resistant starch on glycaemic control: a systematic review and meta-analysis”. Br J Nutr, 125(11):1260-1269. doi: 10.1017/S0007114520003700.

[6] Wang Y., Chen J., Song YH., Zhao R., Xia L., Chen Y., Cui YP., Rao ZY., Zhou Y., Zhuang W. eta Wu XT. 2019. “Effects of the resistant starch on glucose, insulin, insulin resistance, and lipid parameters in overweight or obese adults: a systematic review and meta-analysis”. Nutr Diabetes, 9(1):19. doi: 10.1038/s41387-019-0086-9.

[7] Haghighatdoost F., Gholami A. eta Hariri M. 2021. “Effect of resistant starch type 2 on inflammatory mediators: A systematic review and meta-analysis of randomized controlled trials”. Complement Ther Med, 56:102597. doi: 10.1016/j.ctim.2020.102597.

[8] Vahdat M., Hosseini SA., Khalatbari Mohseni G., Heshmati J. eta Rahimlou M. 2020. “Effects of resistant starch interventions on circulating inflammatory biomarkers: a systematic review and meta-analysis of randomized controlled trials”. Nutr J, 19(1):33. doi: 10.1186/s12937-020-00548-6.

[9] Patterson MA., Maiya M. eta Stewart ML. 2020. “Resistant Starch Content in Foods Commonly Consumed in the United States: A Narrative Review”. J Acad Nutr Diet, 120(2):230-244. doi: 10.1016/j.jand.2019.10.019.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila