Zientziaren sorrera grezian. Eskola peripatetikoa, estoikoa eta epikureoa

Aristotelesen lanei bere ikasle peripatetikoek jarraipena eman zieten. Hauen artekoa da Eresoko Teofrasto. Hau K.a. 372. urtean jaio zen eta Aristotelesen lagunmin eta jarraitzaile izan zen.

Aristotelesen lanei bere ikasle peripatetikoek jarraipena eman zieten. Hauen artekoa da Eresoko Teofrasto. Hau K.a. 372. urtean jaio zen eta Aristotelesen lagunmin eta jarraitzaile izan zen. Aristoteles hil ondoren, Lizeoko zuzendaritza hartu zuen bere gain. Laerziok dioenez, erlijioa, politika, etika, hezkuntza, erretolika, matematika, astronomia, logika, meteorologia, eta natur historiari buruzko berrehun eta hirurogeitamazazpi lan idatzi zituen. Zoritxarrez, guzti hauen pusketak baino ez dauzkagu. Hauen artean garrantzirik handienekoak landare eta harriei buruzkoak dira.

Botanikari buruz bi lan haundi idatzi zituen: "Historia plantis" eta "De causis plantorum". Lehenengoa guztiz deskribatzailea da eta bertan landareen parte desberdinak bereizten dira eta beren diferentziaz arduratzen da. Bigarrena, aldiz, fisiologikoagoa da eta landareen ugalketari eta hazkuntzari buruz arduratzen da. Bi liburu hauetan (bigarrenean bereziki) agertzen den datu-piloa dela eta, Aristotelesek emandakoa adinakoa da. Dirudienez datu-pila hau eskuratzeko (Aristotelesek bezala) lagun asko eta asko erabili zuen; batzuk, Alexandrorekin zihoazen zientzigizonak izango ziren.

Mineralogian ere Teofrastok lan handia egin zuen eta "De lapidus" izeneko lana idatzi zuen. Honetan harkaitzak eta mineralak aztertu ondoren, beren jatorria eta erabilera azpimarratuz, datu asko eman zigun. Hauek sailkatzeko, suaren metodoa erabili gura izan zuen, baina honekin kimikaren mundura sartzen da. Mineralogiari buruzko Teofrastoren lanik bikainena, harribitxien deskribapena da. Oinarri morfologikoa oso handia da: koloreaz, distiraz, gogortasunaz, etab.ez arduratzen bait da.

Eskola peripatetikoko Aristotelesen beste ikaslea, Pitanako Autoliko dugu. Hau, K.a. 360. urtean jaio zen eta helburu astronomiko eta geografikoekin esferaren geometriaz arduratu zen bereziki.

Aipatu behar dugun beste peripatetiko bat, Mesinako Disearko da. Hau geografia fisikoaren fundatzaileetako bat da eta mapa batetan marraztutako munduaren deskripzioa eman digu. Honekin batera eta eskolakide bezala, Masiliako Piteo daukagu. Hau ezagutzen den lehen zientzilari nabigatzailea da.

Azkenik, eta eskola peripatetikoaren berriak amaitzeko, Lampsako-ko Estraton aipatuko dugu. Noiz jaio eta noiz hil zen ez dago jakiterik, baina dirudienez K.a. IV. mendean jaio eta III.ean hil zen. Dena dela bere lan gehienak azkeneko mende horretan kokatzen dira. Teofrastorekin batera Lizeoaren zuzendaritzan parte hartu zuen eta filosofia guztiz mekanizista defendatzen zuen. Baina, garai honetan Lizeoko eskola bere garrantzia galduz hasi zen.

Eskola peripatetikoarekin batera estoikoa zegoen. Eskola estoikoaren sortzailetzat Zitioko Zenon kontsideratzen da. Honek Atenaseko azokaren parte batean ematen zituen bere irakaspenak eta grekoz arkupea "stoa" denez gero, bere eskolari "estoiko" izena jarri zitzaion. Filosofo hauek natur indarrei buruzko Estratonen ideietan oinarriturik, indar horien ekintzak zabaldu egin zituzten. Beren ustez gauza guztien arrazoia naturan aurkitzen da. Horregatik, indarrak eta materiak elkar osa dezakete. Doktrina honen arabera, unibertsoa banaezina da eta materiaren eta kausaren artean ez dago funtsezko banakuntzarik.

Eskola estoikoaren zientzia, kosmologiaz arduratu zen bereziki. Lehengai batetik abiatuta, "pneuma"tik, hain zuzen, bata bestearen ondoan lau elementuak datoz. Hasteko sua, geroago lurra, azkenik ura eta airea. Azkeneko hauetaz eterra osatzen da, eta denen artean unibertsoa. Eskola honek zientziaren arloan ez zuen gauza berezirik lortu, nahiz eta filosofiaren aldetik bere garrantzia izan.

Aristotelesen ondoko eskolei amaiera emateko, eskola epikureoa aipatu behar dugu. Fundatzailea Epikuro izan zen. Hau K.a. 342. urtean jaioa da. Eskola honetan Demokritoren teoria atomista birplanteiatzen da. Hala ere, fenomeno naturalen azterketari buruz atzerapena sortu zuen. Eskola honen eragina, filosofi alorrekoa izan da bereziki, eta zientziaren historian agertzen bada, Demokritoren eta Leuziporen teoria atomista birplanteiatu zuelako da. Material eta espiritual den guztia atomoz osaturik dago, zioten. Atomo hauek itxuraz desberdinak izan daitezke, toki guztietan daude eta ez dute lotuta egon beharrik. Gizonengan, hiltzean, arimaren eta gorputzaren atomoak banatu egiten dira. Adimena ere atomoz dago osatuta, baina espirituaren atomoak finagoak dira eta gorputz guztira banatzen dira. Ikusten dugunez, epikurismoa ez zen fenomeno naturaletara jaisten eta bere lana espekulazioaren mundura bakarrik mugatzen zen.

Askotan grekoen aro klasikoaren filosofiari buruz, nahiz arteari edo literaturari buruz, ospearen distira dela eta, zientzia ez zela landu inplizitoki esan da. Hau guztiz okerra da, ordea. Ikusi ahal izan dugunez, mundu hartan zientziak eta zientzi gaiek garrantzi handia izan zuten. Hala ere joera, zientifikoa baino metafisikoagoa zela esango genuke gaur. Baina garai bakoitzari berea eman behar zaio.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.