1900ean, mendearen hasieran, eraiki zuen Zeppelin kondeak lehen egitura zurruneko baloi gidatua. 1910ean DELAG konpainiak lehenengo aire bidezko garraio-linea erregularra abian jarri zuen eta 1920an, 196 m luze zen R34 baloi ingelesak lehenengo aldiz zeharkatu zuen Ozeano Atlantikoa. Baloi gidatuen etorkizunak ez zuen lainorik aurrean!
Garai hartako baloi gidatuek 30 lagunentzako lekua zuten, ordura arte ikusi gabeko erosotasunez bidaiatzeko. Graff Zeppelin -ak 128 km/h-ko abiadura har zezakeen eta munduari itzulia eman zion 12 egunean. Hainbat eraikuntza ere etorkizun hori buruan zutela egin ziren: New York-eko Empire State Building -aren punta ere baloi gidatuak bertara lotu eta ‘aireportu’ gisa erabiltzeko diseinatu zen.
Baina 1937ko maiatzaren 6an New Jerseyko Lakehurst aire-basean LZ129 Hindenburg -ak istripu izugarria izan zuen. Hasiera batean Hinderburg -ak helioa erabili behar zuen, baina Hitler agintera heldua zenez, estatubatuarrek ez zioten heliorik saldu alemaniarrei eta hidrogenoa erabiltzea erabaki zuten. Helmugatik 300 m-ra zegoenean, atzealdean sortutako txinparta nahikoa izan zen 245 m-ko luxuzko baloi gidatua 34 segundoan kiskaltzeko. Zorionez, zeramatzan 97 bidaiaritatik 34 baino ez ziren hil.
Geroztik, ezer gutxi entzun izan da baloi gidatuen inguruan. Gehien erabili direnak barne-egitura zurrunik gabeko baloiak izan dira. Aplikazio militar berezietarako edo publizitatea egiteko erabiltzen dira batez ere. Telebistan ere erabiltzen da kamera finkoa denbora luzez airean izan behar duten ekitaldietarako, joko olinpikoetarako, etab. Baina kostuek ez zuten bestelako aplikazioetarako bideragarria egiten.
Baloi gidatuak zientzia-aplikazioetarako ere egokiak dira. Baloiek behaketa-instrumentuak eramateko, bibraziorik gabeko eta abiadura geldoko plataforma eskaintzen dute. Hainbat kasutan hegazkinak desegokiak dira abiadura handiegia dela eta. Esaterako, berotegi-gasak atmosferan nola hedatzen diren neurtzeko, baloi gidatuak guztiz aproposak dira.
Baina oraingoan, materialen eta aeronautikaren garapenari esker, prezioak eta ezaugarriek baloi gidatuak bestelako aplikazioetan erabiltzeko aukera zabaltzen dute.
1993an, Zeppelin Luftschifftechnik GmbH konpainiak, 60 urtez baloi gidaturik egin gabe egon ondoren, berriro baloi gidatuak egitea erabaki du. Baloi berriak Zeppelin NT (New Technology) izena hartu du eta badabil airean jada. 1997an egin zuen lehen hegaldia 30.000 zeppelinzaleren aurrean eta ordutik 800 ordu egin ditu test-hegaldietan. Zeppelin NT turismoan erabiliko da nagusiki. Baloi gidatuek, hegazkinek edo helikopteroek eskaintzen ez duten lasaitasuna eskaintzen diete turistei. Zenbait orduko itzulia egiteko askoz modu merkeagoa, lasaiagoa eta isilagoa ahalbidetzen du eta piramideak edo Afrikako sabana, etab. lasai asko ikusteko aukera ematen du. Hain zuzen ere, Suitzako Alpeetarako erosi dute lehen Zeppelin berria.
Baloi berriaren azala Tedlar-ez eta poliesterrez egina da. Material horiek iragazgaitzak dira eta, hartara, baloiak hangarretik kanpo ere gorde ditzakete (aspaldikoak kotoizkoak ziren eta euriarekin pisua hartu eta apurtzeko arriskua ere bazuten). Baloiaren barne-egitura ere aluminio eta karbono-zuntzez egina da eta horrela baloi gidatuek aurrekoek baino askoz pisu gutxiago (eta bolumen-behar txikiagoa) dute. Prezioa 90 milioi liberakoa (1.200 milioi pezeta) izango da.
Baina ez dira horiek baloi gidatuen etorkizuna ziurtatzen duten aplikazioak. Proiekturik erraldoi eta garrantzitsuena Alemaniako beste enpresa batek darama aurrera. Berlindik 60 km-ra dagoen Brand hirian CargoLifter AG enpresak baloi gidatuak eraikitzeko enpresa jarri du martxan. Proiektuaren sendotasuna bere atzean dauden ABB, Siemens eta Thyssen-ek ziurtatzen dute. Dagoeneko 400 milioi marko aleman (34.000 milioi pta., 1.360 milioi libera) inbertitu baitituzte.
Argi dago zein izango den CargoLifter konpainiak eraikiko duen CL-160 baloi gidatu erraldoiaren merkatua. Ez doa azkar garraiatuak izan behar duten produktuak garraiatzeko lehian sartzera. Pisu handiko edo bolumen handiko elementuak distantzia handietara eramatea da bere helburua. Hala nola, elektrizitate-sorgailu handiak, turbinak, findegietarako piezak, etab.
CL-160a 160 tonako karga (27 elefante afrikar heldu) eramateko gai izango da, Boeing 747 handienek edo bi Hercules C-130 karga-hegazkinek baino gehiago. Neurriak ere ez dira gero edonolakoak: 242 m luze eta 550.000 m 3 -ko bolumena. CL-160 berriak 10.000 km-ko autonomia izango du 80 eta 100 km/h bitarteko abiaduran ibiliko da. CL-160 bakoitzaren prezioa, bestalde, 75 milioi dolarrekoa (13.000 milioi pta., 500 milioi libera) izango omen da.
CargoLifter enpresako arduradunen esanetan, Estatu Batuetan soilik, bolumen edo pisu handiko produktu bereziak garraiatzeko 1.300 milioi dolarreko merkatua dago eta datozen 20 urteetan 200 CL-160 baino gehiago behar izango dituzte. Oraingoz, urtean lau egiteko gai izango dira.
CL-160aren abantaila nagusia karga hartu edo uzteko inongo azpiegitura berezirik ez duela behar izango da. Edozein lekutan har eta utz dezake karga eta ez du lurrartzeko edo aireratzeko pisten beharrik. Horrela, orain arte trena, itsasontzia eta berriro trena erabili beharra ekiditen du, antzeko prezioan askoz denbora laburragoan garraiatuz. Askotan, gainera, garraiatu beharreko elementuen tamaina dela eta, ohiko garraio bidez eramateko zenbait piezatan banatu behar izaten ziren eta ondoren berriz muntatu. CL-160ak osorik hartuko ditu fabrikan elementuak eta behar den lekuan utziko ditu. Dirudienez, jada hasia da Airbus konpainiarekin tratuan, A380 hegazkin berriaren piezak Bordeletik Tolosara eramateko.
CargoLifter konpainiak CL-160ak egiteko hangarra eraikia du. CL-160a bertan eraikitzeko neurrira egina da. 360 m luze, 210 m zabal eta 107 m altu da. Hangar berriak ez du barne-hagarik eta egitura guztiari bost arku erraldoik eusten diote. Zimenduetarako 40.000 m 3 erabili dira eta arkuak eraikitzeko 15 tona altzairu behar izan dira.
CargoLifter konpainia ez da abentura honetan sartu den bakarra. Britainia Handian ere AGT enpresak SkyCat garatu du. Oraingoz, SkyCat 15 tonako pisua eramateko gai da, baina haien esanetan, 200 tonakoa ere laster izango dute prest (utopiko samarra dirudien arren, AGTko arduradunen esanetan 1.000 tonako SkyCat-a diseinatzen ari dira). SkyCat-aren berezitasunik handiena bere itxura da: orain arte ezagunak zaizkigun bi baloi luzanga elkarren ondoan itsatsita baleude bezalako itxura baitu.
Baina denak ez dira abantailak baloi gidatuentzat. Hasteko, pisu handiak eramateko helio-bolumen handia eraman behar dute eta, horregatik, baloi gidatuen neurriak benetan handiak behar dute izan.
Bestalde, eguraldiarekiko mendekotasuna oso handia da. Aireratzeko orduan edo karga hartu eta uzteko uneetan haizeak eta eguraldiaren egoerak asko baldintzatzen du bere lana. Baloiak lurreratzean lurreko langileek baloia ainguratu egin behar dute eta ez da lan erraza eguraldi kaskarrarekin. Gainera, ezin izango da inoiz benetako bidaiarako behar izango den denbora zehaztasunez aurreikusi. Azkenik, karga askatzeko unean bat-bateko goranzko joera handia konpentsatzeko, karga-deskarga unean, lasta hartzeko sistema berezia ere beharrezkoa dute.
Baina baloi gidatuen etorkizuna ziurtatzeko badaude beste hainbat bide. Horietako nagusia, hegazkinen eta baloien arteko hibridoa izango da.
Lockheed Martin enpresa NASAk berak lagundutako proiektu batean dabil lanean. Baloi hibrido berriak bere buruari eusteko, helioaren indarraz gain, hegoak izango ditu alboetan eta, horrela, pisuaren zati nagusiari hegoek eutsiko diote. ‘Baloi’ berri hauei Aerocraft izena eman diete.
Eite berriak abantaila handiak izan ditzake zenbait alorretan. Abantaila nagusia baloiaren bolumena izango da. Hegoek ere goranzko bulkadan parte hartzen dutenez, ez da hainbeste helio beharrik eta tamainaz erabilgarria den halako Aerocraft bat 500 tonako pisua eramateko gai izango omen da.
Abiadurari dagokionez, baloi hibrido horiek 300 km/h-ko abiadura har dezakete, abiadura handia CL-160aren 100 km/h-koarekin konparatuz.
Hori bai, diseinatzen ari diren Aerocraft berriak aireratzeko pistak beharko ditu eta, hortaz, jada badauden aireportuak erabili beharko dituzte.
Halere, bi merkatu guztiz desberdinetara bideratuta daude. Halako Aerocraftak askoz hobeto egokitzen dira karga ‘arrunta’ (kontainerrak, etab.) garraiatzeko. CargoLifterrek garatutako ohiko baloi gidatuak, aldiz, egokiagoak dira itxura eta forma desberdinetako karga handiak distantzia handietara eramateko.