Zenbait eritasunetan jan-neurri bereziak behar dira. Diabetean adibidez, azukre eta karbohidratoen kontsumoa jaitsi beharra dago. Giltzurrun-insufizientzian proteinak eta potasioa dira murriztu beharrekoak; gai hauen metabolismoan sorturiko produktuak ezin bait dituzte iraitzi erasandako giltzurrunek. Gibeleko gutxiegitasunean ere sarritan gutxitu behar dira proteinak.
Pisua jaisteko modurik egokiena, egunero kaloria gutxiago hartzea izaten da. Nola ulertzen da hori? Gorputza makina bezalakoa da; bere eguneroko ihardunean aurrera egiteko erregaiak behar dituena. Balantze honetan, janarien bidez ahoratzen ditugun kaloriak gorputzak bere eguneroko lanean erretzen dituenak baino gehiago direnean, soberan (edo erre gabe) geratu diren kaloria horiek pilatu egiten dira. Horregatik, mehartzeko erabiltzen diren jan-neurri guztien funtsa horixe da: kalorien kopurua txikiagotzea.
Eta zer da kaloria? Fisikan, bero-kantitateak neurtzeko onartu den unitatea. Ur-gramo baten tenperatura 14,5°C-tik 15,5°C-ra igotzeko behar den bero-kantitatea. Bere laburdura cal da. Askotan kaloria erabili beharrean kilokaloria erabiltzen da (kilokaloria = 1.000 kaloria). Beroa energi mota bat denez, kaloria ere energi unitate bat da.
Argi ikusten da, beraz, pertsonaren lanbidearen arabera egunero beharrezkoak dituen kalorien kopurua ez dela beti berdina izango. Ondoren, pertsona helduen eta umeen batezbesteko beharrizan energetikoak adierazten dira 1 eta 2 taulatan.
Ikusten denez, atseden-egoeran gizonenzko batek 2.700 kaloria behar ditu egunero, eta 600 bat gehiago lanagatik. Guzti hori segurtatzeko, pertsona heldu osasuntsu baten eguneroko anoak proteina, lipido eta karbohidratoak neurri batzuen barnean gorde behar ditu: 80-120 g proteina, 50-70 g lipido eta 350-500 g karbohidrato hain zuzen.
Dieta edo jan-neurria egokia izateaz gain osasuntsua ere izan dadin, iradokizun batzuk eman daitezke:
Beti ere kontutan eduki behar da, tentagarrienak gutxien gomendatzen diren produktuak direla: gazituak, gozoak (azukrea) edota esnekiak (gantz gehiegi).